Udan haur sahararrak jasotzeko harrera familiak behar dituzte
'Oporrak bakean' programari esker, 30 bat haur etorriko dira Donostiara.
1986. urteaz geroztik hartzen du parte Donostiak Oporrak bakean programan. Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren 9 eta 12 urte bitarteko neska-mutilak udako oporrak Euskal Herrian igarotzea da egitasmo honen helburua.
Izan ere, tenperatura altuak direla eta, baldintza gogorretan bizi dira basamortuan, eta horrek ondorio latzak ditu, bereziki haurrengan. Aurtengo udan 30 bat haur saharar etortzea espero dute Donostiara, baina haur horien herenak oraindik ez du harrera familiarik.
Horregatik herritarrei deia luzatu die Donostiako Udaleko Lankidetza Bulegoak: haur sahararrak jasotzeko familia donostiarrak behar dituzte. Izan ere, ez badituzte behar adina familia lortzen, litekeena da haur bakar bat ere ez etortzea. Ez da lehen aldia programako kideek laguntza deia egiten dutena, eta herritarren erantzuna jasotzea epero dute. Apirila hasiera arte itxarongo dute erabaki bat hartzeko.
Donostiako udalak, bere aldetik, informazio bilera bat egingo du udaletxeko udalbatza aretoan asteazkenean, martxoak 16an, 18:00etan. Bertan, Oporrak bakean programaren berri emango dute; egitasmoaren filosofia, eta harrera familiek bete beharreko baldintzak eta eskakizunak ere zehaztuko dituzte.
Bi hilabetez elikadura egokia eta osasun beharrak eskaintzen zaizkie haurrei, baina azken finean errefuxiatu kanpamenduetatik aldendu, eta gainerako hilabeteei aurre egiteko haurrak indarberritzea da helburua.
Haur bat jasotzeko interesa duenak Lankidetza bulegora jo dezake: 943 481471 edo lankidetza_cooperacion@donostia.eus.