"Lehen fase batean bederen nahi dut bakarrik jo"
Jurgi Ekizak Donostian, Dokan, hasiko du bere bakarkako lehen lanaren aurkezpen bira.
Ostegunean, martxoaren 17an, Jurgi Ekizak kontzertu berezia emango du Dokan. Bere bakarkako lana aurkezteko lehen emanaldia izango da.
Urtebeteko lanaren ondoren, bakarkako lehen diskoa argitaratu berri duzu. Nolakoa izan da prozesua?
Fase ezberdin ainitz izan dira, eta estatu eta emozio guzietatik pasatu naiz… Ekzitazioa, tristura, duda, betetasuna, beldurra eta gozamena… Nagusitu den sentimendua, dudarik gabe, bakartasuna izan da… bere alde on eta txarretan.
Hasiera batean, kanta berri hauek zuretzat gorde behar zenituen. Baina azkenean, disko batean argitaratu dituzu… Nola hartu zenuen erabaki hori?
Kantu izan aintzin, idei eta base hauek kaxik kutsatzen ninduten… Beti itzultzen zitzaizkidan burura ala eri punttetara gitarra hartzen nuenean… Beraz uste nuen benetako kantak bihurtuz aski izanen zela. Plazer handia hartu nuen kantak forma hartzen ikusten, eta hori izan zen enetako prozesuaren parte gozagarriena… Baina hala ere ez nintzen kantu hauetaz libratua sentitzen. Horren lortzeko, konpartitu behar nituen. Eta, piskat arraroa bada ere, batzutan zuretako ongi ikusten duzuna ez zaizu aski on iduritzen besteentzat. Eta erabaki nuen “benetako” diska bat egitea…
Zure abestiak besteei erakustea kosta egin zitzaizun?
Asko bai… kanta batzu oso biluziak baitira alde batetik, enetako ez-ohizko diren kantatzeko molde batzu agerrarazten bainituen lehen aldikotz ere… eta batez ere, letrak biziki personalak baitziren. Baina, orain kaleratu dela, ohartzen naiz ez daramatela deus larri ala molestagarri… Jende parean biluzik agertzeko beldur bat baizik ez zen azken finean. Momentu bakoitzak bere egiak ditu…
Crowdfunding kanpainak konfiantza eta sostengua emango zizula pentsatzen dut.
Konfiantza baino, plazerra ematen du. Goxo da norbaiten sustengua sentitzea… Bainan argi da aldatu zuela egoera ere. Crowdfundinga lortu arte, nahiz eta jadanik ainitz aintzinatu nintzen prozesuan, egunero dudak nituen segidari buruz, eta ez nuen inposible ikusten dena bertan behera uztea.
Crowdfunding lortu eta gero, zor nioen diska jendeari eta ezin nituen dezepzionatu… Beraz egun horretatik banekien diska argitaratuko zela goiz ala berandu, prozesua gogorra bilakatzen bazen ere behin baino gehiagotan… Katolikoegiak gira euskaldunak…
Orain zure abestiak agertokian erakusteko garaia iritsi da, aurkezpen bira hasiko duzu Donostian. Nolako kontzertuak izango dira? Agertokian zu bakarrik egongo zarela entzun dut.
Hori da… Lehen fase batean bederen nahi dut bakarrik jo. Prozesua bururaino eramateko azken finean. Diska honen bidez, ikasi dut “ni” erraten eta ez beti “gu”… Eta hori ezsenatokiraino eraman nahi dut. Erabaki dut diskan agertzen den gordintasun hori azpimarratzea, duen rock aldea baino… Baina taldea montatzea diska dagoen bezala jotzeko ere dut asmo. Aukera ona iritsiko zaidanean.
Beraz, diskoko hainbat kanta -talde soinua dutenak batez ere- modu desberdin batean entzuteko aukera izango du publikoak.
Hori da. Diskako kantak ber-moldatzen ditut, formato eta soinu berri hauei egokitzeko. Batzu akustikoan, beste batzu elektrikoan… eta beste gauzatxo batzu gehitzen ditut ere… Ez bainaiz ez, kantautor bat, bere gitarrarekin soilik. Bainan nahi nuen momentu bat konpartitu jendearekin, parez pare…
Diskoak entzuteko geroz eta denbora gutxiago hartzen dugula esan duzu, -zuzenekoari garrantzia handiagoa emateraino- eta diskoaren garrantzia azpimarratu duzu.
Bai… musikaren bi aurpegi dira zuzenezkoak eta estudio lanak, eta nik argi dut diska batzuek eman dizkidatela konzertuek bezain plazer eta emozio… Zerbait ainitzez personalagoa da diska bat entzutea… zerbait kaxik intimoa. Baina “istante” eta “irudi”-aren mundu honetan, zaila da holako denbora hartzea, begiak hetsirik, diska batetaz gozatzeko… Nik neuk guttitan egiten dut. Baina egiten dudan aldi oro erraten diot ene buruari gehiago egin behar dudala.
Zuk zein disko entzun dituzu azken aldian?
Badu urte bat ainitz entzuten dudala Toy Guitar-en azkena, eta berriki ateratu diren disketan, “serioski” entzun ditut JPLohian-ena, baita Maddi Oihenart-en DOI diska… liluragarria. Eta beste artista batzu entzun ditut ainitz azken aste edo hilabeteetan, baina ez diska bat ala bestea bereziki: Sun Kil Moon, Nick Drake…
Errenterian III. Jaialdi Akustikoan izan zinen, kanta berriak jendaurrean eta zuzenean probatzeko lehen aukera izan al zen hura?
Bai… lehen aldia gitarra akustiko batekin publiko baten gainean agertzen nintzela, bakarrik… Aukera paregabea zen hasteko: publiko ideki bat, eta bi kanta bakarrik eman behar…
Willis Drummondekin denbora luzez egon ondoren, eroso sentitzen al zara bakarrik eszenatokian?
Oraindik ez… Ez naiz eroso sentitzen, baina gustatzen zait sentsazioa. Orain, egiteak eta berriz egiteak dizkit emanen automatismoak lasaiago pasatzeko. Urteak eman ditut begiak idekirik atxikitzeko Willis Drummonden kontzertuetan, eta hastapenean barne-oihu baten kanporatze hutsa zena, kriston plazer bilakatu zen. Eta hor berriz begiak hetsirik jotzen dut, konzentrazio gehio behar baitut momentuz… Aldiz, beste plazer bat sentitzen da, biziki intensoa… Ez dakit oraindik zehazten, bainan bakarrik joz, eta hare ta gehio akustikoan, bada “erresonanzia” berezi bat, orain arte sekulan bizitu ez nuena.
Euskaraz abesten duzu, baina euskararekin harreman konplikatua duzula esan ohi duzu. Zure egunerokoan nola bizi duzu euskara?
Ezinezkoa zait galdera honi erantzutea bi lerrotan… Eta ez dut sobera jorratzen gaia egia errateko, usu nahiko triste jartzen nauelako. Erabiltzen dudanean pozten naiz, eta hori ez da gutti. Baina momentu berean esanguratsua da ene egoeraz, ezta? Benetan naturala ala normalizatua bazen euskaraz aritzea, ez luke holako plazerrik sortu behar… Hala ere, ez naiz plazerra hartzeaz kexatuko ere… kar kar kar…
Willis Drummonden geldialdian sortu duzu diskoa. “Ikasi dut Willis Drummond-en kantaria soilik ez izaten”, esan duzu elkarrizketa batean. Taldetik askatzeko beharra zenuen?
Erran dezagun ene bizitzako fase batean nintzela nun behar nuen berriz ene burua atxeman… Ikasi nor nintzen ni, eta deskubritu zer eginen nuen, zerbait bakarrik egiten banu. Eta justu iritsi zaigu geldialdi hori, orokorki oso nekatuak baiginen, eta gauzak sobera automatikoak bilakatzen ari baitziren. Beldurgarria izan da pentsatzea agian presiski “taldetik askatu” behar nintzela… ala sinpleki taldeak ez zuela gehio arrazoinik segitzeko… Baina atseden ttipi bat, edo ez hain ttipi egia erran, behar genuen, bai gure arteko tensioak lasaitzeko, baita bakoitza ziur izateko zerbait egiten bagenuen, benetan gogotsu ginelako eginen genuela…
Willis Drummond taldeak aurrera jarraituko du?
Elkartzen gira jadanik… Hasi gira ensaiatzen… Eta geroari buruz hasi gira pentsatzen eta mintzatzen ere. Baino presionerik gabe. Aldaketa batzu izanen dira, bai taldean, bai taldea funzionatzeko maneran ere… bizitza horrela baita. Bainan kanta berriak egiteko gogoa hor dago, eta hori da garrantzitsuena…
Donostian noiz jo duzu azken aldiz? Zura taldearekin izan da? Nolako esperientzia izan da Zura taldean parte hartzea?
Bai, Bukowskiko kontzertua izan da, Zurarekin. Zura-ren abentura hori biziki polita eta goxoa da. Diska entzun nuenean, bertako bi kantutan parte hartu aintzin, izigarri ona iduritu zitzaidan… Eta joan nintzen entsaio batetara bi kanta hauek emateko lehen aurkezpen konzertuan. Ensaioan hasi ginen koro eta arreglo batzu gehitzen, eta plazerra hartzen… eta birako kontzertu guziak egin ditut azkenean, lehen minutatik azken akordioaraino. Energia berezia dago talde hortan, benetan zerbait “konpaktoa” dagoelako… denak bat egiten du, eta horrek konzertu basatiak sortzen ditu. Behin baino gehiagotan ateratzen gira erdi “trance” estatu batean xabi strubell eta biok eszenatokitik… Baina abentura hori amaituko da apirilaren amaieran… 4 kontzertu baizik ez ditugu emanen…
KONTZERTUA. Jurgi Ekiza. Non: Doka: Noiz: Martxoaren 17ean, ostegunean. Ordua: 20:30. Sarrerak: Aurretik, 6 eurotan (Triku Harri, Rekalde eta Doka). Egunean bertan, 8 eurotan.
Erlazionatutako edukia«Orain begiak hetsirik jotzen dut»