«Orain begiak hetsirik jotzen dut»
Jurgi Ekizak estreinako bakarkako lana aurkeztuko du Dokan, hilaren 17an. Urte luzez Willis Drummondekin aritu ondoren, bakarrik igoko da agertoki gainera.
Willis Drummond taldearen geldialdian sortu du bakarkako lehen lana Jurgi Ekizak (Baiona, 1980), bere burua atzemateko beharra zuen une batean: «Ikasi nor nintzen, eta deskubritu zer eginen nuen, zerbait bakarrik egiten banuen. Eta orduan taldearen geldialdi hori iritsi zen, oso nekatuta baiginen, eta gauzak sobera automatikoak bilakatzen ari baitziren».
Taldetik askatu behar zuela, eta taldeak aurrera egiteko arrazoirik ez zuela pentsatzea «beldurgarria» izan dela esan du. Atseden hartzeak, ordea, on egin diela uste du: «Gure arteko tentsioak lasaitzeko, bakoitza egiten ari ginenaz ziur eta gogotsu egoteko». Jada, berriz elkartzen hasi dira, entseatzeko eta geroari buruz pentsatzeko.
Orain, ordea, Ekizaren momentua da. Agertokira igo eta kanta berriak jendaurrean erakusteko ordua iritsi da berarentzat. Donostian emango du lehen kontzertua, hilaren 17an (20:30), Dokan.
Akustikoan eta bakarrik
Taldean denbora luzez egon ondoren, bakarrik igoko da agertoki gainera. Duela gutxi, Oreretako III. Jaialdi Akustikoan aukera izan zuen kanta berri batzuk jendaurrean probatzeko: «Lehen aldia zen gitarra akustiko batekin bakarrik agertzen nintzela publiko aurrean. Aukera paregabea izan zen hasteko. Publiko ideki bat, eta soilik bi kanta».
Nahiz eta oraindik deseroso sentitu, sentsazioa gustatzen zaiola aitortu du: «Egiteak, eta berriz egiteak, automatismoak emanen dizkit lasaiago pasatzeko. Urteak eman ditut begiak idekirik atxikitzeko Willis Drummonden kontzertuetan, eta hastapenean barne-oihu baten kanporatze hutsa zena, kriston plazerra bilakatu zen. Orain begiak hetsirik jotzen dut, kontzentrazio gehiago behar baitut momentuz. Aldiz, beste plazer bat sentitzen da, biziki intensoa». Akustikoan eta bakarrik, orain arte sekula bizitako «erresonantzia berezi bat» bizitu duela adierazi du.
Urtebeteko lanaren ondoren argitaratu du lan berria. Fase desberdinak pasa ditu: «Aldarte eta emozio guztietatik pasatu naiz. Ekzitazioa, tristura, duda, betetasuna, beldurra eta gozamena. Nagusitu den sentimendua, dudarik gabe, bakartasuna izan da, bere alde on eta txarretan».
Barrua askatzeko
Hasiera batean, beretzako sortu zituen kanta berriak, ez zuen argitaratzeko asmorik: «Kantu izan aitzin, ideia eta oinarri hauek kasik kutsatzen ninduten. Beti itzultzen zitzaizkidan burura, edo eri puntetara gitarra hartzen nuenean. Plazer handia hartu nuen kantak forma hartzen ikusten, eta hori izan zen enetako prozesuaren parterik gozagarriena».
Horrela aski izango zela uste zuen Ekizak, baina benetan abesti hauetaz «libratuta sentitzeko», konpartitu egin behar zituela sentitu zuen, eta horrela erabaki zuen «benetako disko bat» egitea.