Aste Nagusia baino lehen egin nahi dute zezenketen inguruko galdeketa
Donostia Antitaurina Orain plataformak 10.000 sinadura aurkeztu ditu udaletxean.
Donostia Antitaurina Orain plataformak herri kontsulta bat egin nahi du, herritarrek Donostian zezenketak egitea nahi ote duten jakiteko. Prozedura hori abian jartzeko sinadura bilketa bat egin dute, eta gaur aurkeztu dituzte udaletxean jasotako eskuorri guztiak; 10.000 guztira.
Berez, Donostian erroldatutako 16 urtez gorako herritarren %5en sinadurak behar zituzten – 8.000 bat sinadura-, baina Aitor Marin, Donostia Antitaurina Orain plataformako kideak azaldu duenez, gehiago bildu dituzte “ustekabeko edo akatsak saihesteko”. Sei hilabete zituzten sinadurak biltzeko. Abenduan hasi ziren, eta denbora erdia nahikoa izan dute behar baina gehiago jasotzeko. “Horrek erakusten gaiak donostiarren artean sortzen duen eztabaida”.
Sinadura hauek guztiak baliozkotu behar ditu orain udalak, eta ondoren, alkateak erabaki beharko du herri galdeketa egin ala ez. Herritarrei galdetzeko udal gobernuaren borondatea ez dutela zalantzan jartzen esan du Marinek, eta borondate politikoa badago, ekaina erdialdean galdeketa egiteko moduan egongo liratekeela aurreratu du.
Edonola ere, uda baino lehen egin nahi dute kontsulta, Aste Nagusian zezenkatik egon ez dadin. Izan ere, zezenketen aurkako plataformako kideen arabera, sinadurak biltzen aritu direnean, argi sumatu dute zezenketen aurkako jarrera donostiarren artean. Dena dela, “zezenketa zaleak ere gerturatu zaizkigu, zilegia dela uste dutelako eztabaida ireki eta jendearen iritzia jasotzea; bereziki eskertzen dugu pertsona horien parte hartzea”, esan du Marinek.
Alde edo kontra, Eusko Jaurlaritzak du zezenketak debekatzeko eskumena. Horregatik, Donostia Antitaurina Orain plataformako kideek buelta bat eman diote eztabaidari: “ekimen honekin ezin ditugu zezenketak debekatuko, baina bai Donostian egitea saihestu“, esan du Marinek.
‘Zezenketak egiteko bada, udalak diru laguntzak ukatu eta udal ekipamenduak ez uztearekin ados al zaude?‘ horixe da zezenketen aurkako taldeak prestatu duen galdera, eta herritarrek baietz erantzutea espero dute. Herri kontsultaren prozedura “lehenbailehen” hasteko eskatu diote udal gobernuari. Hortaz gain, galdeketaren emaitzak jakin arte ez dezala Illunberen salmenta edo lagapenik egin eskatu dute.