Beste bederatzi euskal herritar epaituko dituzte maiatzean; Urko Aierbe, Ugaitz Elizaran eta Sandra Barrenetxea donostiarrak, tartean. Autoinkulpazioak dira akusazioaren oinarria
Bederatzi auzipetuak, asteartean, Koldo Mitxelena Kulturunean egindako agerraldian. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Beste epaiketa politiko bati hasiera emango diote Madrilen, datorren maiatzaren 17an. Kasu honetan, bederatzi euskal herritar epaituko dituzte,
Ekin-eko zuzendaritzako kide izatea leporatuta;
Sandra Barrenetxea eta
Urko Aierbe egiatarrak eta
Ugaitz Elizaran intxaurrondotarra, tartean.
Joxe Aldasoro,
Aniaitz Ariznabarreta,
Erika Bilbao,
Eneko Compains,
Egoitz Garmendia eta
Rosa Iriarte ere eseriko dira aulkian.
Auzipetuek nabarmendu dute inkomunikatuta egon zireneko autoinkulpazioak direla akusazioaren oinarria. Hain zuzen ere, 2010eko irailaren 14 eta 18 artean egon ziren Guardia Zibilaren esku, eta egun horietan «tortura saio luze eta krudelak» pairatu zituztela ekarri dute gogora. Auzipetuen tortura lekukotasunak bildu dituzte txosten batean, epaiketaren harira. Sandra Barrenetxeak eta Ugaitz Elizaranek deskribatutako «tortura basatiak» jaso ditu Irutxuloko Hitzak, ondorengo lerroetan.
Bortxaketa mehatxuak
Barrenetxeak hasieratik jaso zituen kolpeak, mehatxuak eta irainak, Madrilera bidean ere, Guardia Zibilen autoan bertan: «Atzeko biak ni kolpatzen hasi ziren, bultzaka, oihuka, irainka… Nire izena ere ez nien esan, eta gero eta bortitzago jarduten ziren. Ikutzen hasi zitzaizkidan, irain sexistekin. Kamiseta goratu eta, bularretakoa kendu zidatenez, titiak agerian utzi zizkidaten. Galtza eta kuleroak txorkatileraino jaitsi zizkidaten, bortizki, galtzak apurtzeraino. Aurrekoak hankak indarrez zabaldu zizkidan, besteek oihuka, mehatxuka eta burua kolpatu bitartean».
Poltsa buruan jarri zioten, eta ustezko pistola bat eskuetan. Madrilera iristerakoan egongela batean sartu zuten, eta han berriro kolpeak, irainak eta ikutuak errepikatu ziren. Galtzak jaitsi zizkioten berriro: «Gorputz-enborraren goikaldea mahai baten gainean jarri zidaten, ipurdia kanpoalderuntz, eta bortxatuko nindutela esan zidaten. Ura bota zidaten hanketan eta soka batekin ipurdia ikutuz jolasean hasi ziren».
«Polizia ona» ere azaldu zen, baina berekin egon ostean itzuli ziren torturak: «Poltsa ohean etzanda egin zidaten; biren artean, esku eta hanketatik eutsita, eta hirugarren batek poltsa aurpegian itsatsiz, hirutan edo. Bortxaketarekin mehatxatu ninduten berriro. Metal pieza bat jarri zidaten eskuetan, eta ipurtzulo eta baginatik sartuko zidatela esan zidaten».
Elizaranen lekukotasuna ere beldurgarria da: «Hara iristean batek kalabozoetara eraman ninduen, begiak estalita eta belarrondoan ahopeka: ‘Infernua ezagutuko duzu orain. Okerrena hasiko da orain. Orain bai hitz egingo duzula, kabroia! Gu etxera goaz lasai lotara eta, bihar goizez, behar bezala jarriko zaitugu. Baina zuk ordurako ederra izango duzu jasota, eta kolaboratzen ariko zara’».
Izkina batean jarri zuten intxaurrondotarra, eta ariketa fisikoa egitera behartu zuten, zutik mantentzeko gai ez zenean. Poltsa jartzearekin mehatxatu zuten, eta, azkenean, buruan jarri zioten: «Konortea galtzeko itxaropena nuen, dena amaitzeko, hurrengo galdeketa bat arte behintzat. Eta eskuetatik joanez gero, hobeto, ospitalean amai nezakeelako. Eserita ninduten poltsa egiten, trapu hezea lepoan. Tarteka poltsari kosk egitea lortzen nuen, baina, zulotxoren bat eginez gero, sufrimendua luzatzea besterik ez nuen lortzen. Zulo handiagoren bat egitea lortuz gero, poltsari buelta eman eta berriro berdina. Jada ez nuen indarrik, eta besoetatik eusten ninduten».
«Odolkia» izenekoa ere egin zioten: «Lurrean bota ninduten, goma-aparraren gainean, eta, besoak gorputz-enborrari itsatsita, bertan bildu ninduten prezintoarekin lotuz. Gorra-aparretik at burua besterik ez zidaten utzi, trapu hezea lepoan, lurrean bertan poltsa egiten jarraitu zidaten».
Burua hiruzpalau alditan joan zitzaiola azaldu du bere lekukotasunean: «Nire gorputzaren gaineko kontrola erabat galdu nuen, ez nuen airerik hartzeko modurik, erabat kontroletik at, espasmo ugarirekin. Eta hanka tartean beroa sentitu nuen. Ohartu gabe, txiza egin nuen gainean, eta sentitzen nuen bakarra beroa hedatzen zela zen».
Poltsa kendu ziotenetako batean, nahi zutena esateko prest zegoela esan zien Elizaranek, edozer gauza sinatzeko prest zegoela: «Eta egia zen, nahi zutena onartzeko prest nengoen. Ez zen denbora irabazteko, ez atseden hartzeko. Ezin nuen ezta irudikatu poltsa bat nigandik gertu. Edozer emateko prest nengoen».
Aierbe, herren
Aierberi dagokionez, lekukotasuna bildu ez duten arren, berak ere torturak jasan zituela jakinarazi du. Bere kasuan, lehen egunean jaso zituen tortura basatienak, eta ondorengo egunak lasaiagoak izan ziren. Behin Madrilen zela, gela ilun batean eduki zuten denbora luzez, eta bertatik ateratzean beti izan zuen antifaza jarrita.
Psikologikoki jazarpen gogorra pairatu zuen, bere senideen gaineko mehatxuekin. Postura behartuetan izan zuten, kolpe ugari eman zizkioten eta poltsa ere jarri zioten buruan. Atxilotu zutenean inolako arazorik ez zuen, baina, inkomunikazioa eta gero, belaun batetik herren geratu zen.
Espetxean, ia bi urtez
Urko Aierbe eta Ugaitz Elizaran ia bi urte egon dira kartzelan; eta Sandra Barrenetxea, urte eta bost hilabete. Behin behineko egoeran espetxeratu zituzten, beste auzipetuak bezala. Soto del Real, Brieva, Murtzia, Villena, Navalcarnero, Foncalent, Picassent… etxetik 500 kilometro baino gehiagora egon dira sakabanatuta. Behin behineko askatasun egoeran daude orain, auziaren zain. Etorkizuna «ziurgabetasun» handiarekin bizi dutela onartu dute.
Erakunde eta eragileengana joko dute konpromisoak lortzeko
8/2013 sumarioan epaituko dituzten bederatzi auzipetuek agerraldia egin zuten asteartean, Koldo Mitxelena Kulturunean,
Eleak mugimenduko ordezkari
Zigor Oleagarekin batera. Epaiketa politikoa salatzeko eta hurrengo asteetan egingo duten lanketaren berri emateko agertu ziren komunikabideen aurrean.
Hain zuzen ere, epaiketan 9 eta 15 urte bitarteko espetxe zigor eskaerei aurre egin beharko dietela jakinarazi zuten. Sumarioan, ordea, ez dietela «bortxazko ekintzarik» leporatu nabarmendu zuten: «Bilerak, txostenak, ordenagailuak eta USB-ak dira duten guztia».
Erakunde publikoekin eta eragileekin elkartzeko asmoa dutela iragarri zuten, euren egoera bertatik bertara azaltzeko eta konpromisoak lortzeko. «Epaiketa hau mingarria da, baina aukera bat ere bada, ardura bat. Ez daude bakarrik auzipetu hauen eskubideak jokoan, ezta unean uneko zigortutakoenak, guztionak baizik», adierazi zuen Oleagak.
Udaletara mozioak eramango dituztela aurreratu zuten, eta datorren hilabeteetan bi mahai inguru antolatuko dituztela jakinarazi zuten: torturari eta makroepaiketeei buruzkoak, hain justu. Paco Etxeberria forenseak parte hartuko du batean eta Iñigo Iruin abokatuak, bestean, besteren artean. Ibaetako campusean egingo dituzte hitzaldiak. Lehena, datorren apirilaren 27an.
Epaiketa ekainaren 2a arte luzatzea aurreikusita dutela esan zuten, maiatzaren 17tik abiatuta.
‘Bizitzek axola dute’
Auzipetuen aldeko kanpainaren leloak
Blacks Lives Matter (Beltzen bizitzek axola dute) taldeari egingo dio keinua,
Basque lives matter 9ak libre izenburua aukeratu baitute (Euskal herritarren bizitzek axola dute, kasu honetan). AEBetako beltzen komunitateek lelo hori baliatu zuten polizien gehiegikerien aurka eta oinarrizko eskubideen alde. «Haiek beltzak izateagatik zanpatu zituzten bezala, euskal herritar izateagatik atxilotu, torturatu eta espetxeratu gintuzten, eta euskal herritar izateagatik epaituko gaituzte», adierazi zuten auzipetuek.
Angela Davisek Euskal Herrira egindako bisitan sortu zen ideia, eta ekintzaile afro-amerikarrak harremanetan jarri zien aipatutako taldeko ordezkariekin. Kanpainan zehar sendotu nahi dute harreman hori, epaiketa salatzeko jardueren barruan.
Kanpainak hiru helburu nagusi izango ditu: «Prozesu honek dakartzan ondorioak ikusaraztea eta salatzea, eskubide zibil eta politikoen defentsa burutzea eta arduraz jokatzeko deia egitea, euskal jendarteari eta eragile politiko, sindikal eta sozialei».