"Beharrean dauden herritarrek jotzen duten lehen atea da gizarte zerbitzuetakoa"
Donostiako Udalak. Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak eman ditu datuak. Guztira, 14.600 familiari eman zaie arreta gizarte zerbitzuen bidez, 2014an baino %7,6 gehiagori.
Igoera horren arrazoia, neurri handi batean, 1. mailako menpekotasuna duten herritarren artatzea izan da. Lehen mailako menpekotasuna autonomoak izateko laguntza behar duten kasu arinak dira. Orain arte aldundia egiten zen haien kargu, baina 2014 urteaz geroztik udalen ardura da egoera horretan dauden herritarren beharrak asetzea. Hala, iaz, 3.601 pertsonak lehen aldiz jo zuen gizarte zerbitzuetara.
Zenbakiak zenbaki, datu horien atzean pertsonak daudela nabarmendu du San Romanek, eta udala behar diren baliabideak bideratzeko prest dagoela adierazi du, “inor bazter utzi gabe”. Helburu horrekin, Donostiako Udalak 4 milioi euro bideratu zituen iaz gizarte beharretara (2014an baino %2,1 gehiago).
San Romanek azaldu duen moduan, “arazoren bat duten herritarrek, beharrean dauden herritarrek jotzen duten lehen atea da gizarte zerbitzuetako”. Zazpi zentro daude irekita hirian, eta datorren astean zortzigarrena irekiko dute, Loiolako Erriberan.
Ongizate sailak hainbat eskumen ditu: gizarte larrialdietarako laguntzak; adineko pertsonen beharrak; adingabeen arreta eta zerbitzuak; genero indarkeriaren biktimentzako arreta programa; eta larrialdi kasuetan berehalako neurriak hartu edo etxerik gabeko pertsonak artatzeko programa.
Hauez gain, 2015an beste bi zerbitzu jarri zituen abian. Batetik, Goizaldiak, ahul samar dabiltzan adineko pertsonentzako sortua. Euren etxeetan biziz, gizarteratzeko baliabideak eskaintzen zaizkie adinekoei. Memoria eta ariketa fisikoa lantzen dituzte bereziki gune hauetan. Momentuz, horrelako hiru zentro daude: Egian (Egiatarra elkartea), Bidebietan (Guardaplata elkartea), eta Loiolan (Gure Babesa elkartea).
Beste berrikuntza Hestia eguneko zentroa da. Etxerik gabeko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua da. Pertsona horiei erreferente bat eskaintzea da helburua, euren bizi kalitatea hobetu eta autonomia gara dezaten.
2015ean Gizarte zerbitzuek egindako lanaren lehen balantzea aurkeztu du gaur