Mikel Zabalza eta Idoia Aierberen senideak hartu ditu Giza Eskubideen Batzordeak
Donostiako Udalak duen erantzukizuna azpimarratu zuten batzordean, eta bereziki eskertuak agertu ziren batzordean jaso eta entzuteagatik. Dena dela, erakundeen “jarrera proaktiboa” eskatu zuten “egia, justizia eta aitortza” lortzeko bidean.
Hala, Donostiako Udalari begirako hainbat lan ardatz proposatu ditu Mikel Zabalza Herri Ekimenak. Mikel Zabalza eta harekin batera atxilotu zituzten beste lagunak biktima gisa aitortu eta harrera ofiziala egitea nahi dute. Idoia Aierbek, esaterako, atxilo aldiaren ondorioak jasaten ditu oraindik, eta kasu honetan, udalak sostengua eskaini beharko liokeela uste dute, behar dituen laguntza ekonomiko, juridiko nahiz psikologikoak eskainiz.
Mikel Zabalza biktima gisa aitortzea eta bere kasua bistaraztzea nahi dute senide eta lagunek. Horretarako, Altzagaineko San Martzial plazaren ondoan, iturria dagoen gunean, Zabalzaren mural iraunkor bat egin eta ‘Mikel Zabalzaren txokoa’ izendatu nahi dute.
Orain arteko mural edo pintadak ezabatu egin dituztela salatu dute Herri Ekimeneko kideek, eta gune hori egokitzeko baimena eskatu diote udalari.
Atzoko bilkuran Zabalzaren arreba den Idoia Zabalzak ere hartu zuen hitza. Orain arte herritarren babesa eta berotauna besterik ez dutela jaso nabarmendu zuen. Baina, Gasteizen martxoak 3ko langileekin, eta Iruñean, Angel Berruetaren kasuarekin gertatu den moduan, Donostian ere erakundeen aitortza eta elkarlanerako konpromisoa lortzeko desira erakutsi zuen, “urrats hauek gertatutakoaren inguruan egia, justizia eta aitortza egiteko baliagarriak izan daitezen”.
Bien bitartean, Mikel Zabalza Herri Ekimenak lanean jarraituko du. Eusko Jaurlaritzaren aitortza ere lortu nahi dute; dokumental bat egiten ari dira Mikel Zabalzaren kasua eta beste hainbat tortura kasu ezagutarazteko; eta aurki Zabalzaren inguruko mintzaldi bat ere antolatuko dute.
Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimeneko ordezkariak, Dbus-eko bi langile, eta Mikel Zabalza eta haren bikotekide izandako Idoia Aierberen senideak udaletxean izan ziren atzo, Giza Eskubideen Batzordean.
Zabalza donostiako bizilaguna eta udal langilea izanik,