Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundirainoko ibilbidea egingo dute; 5.000 bat lagun beharko dituzte.
Zubietako erraustegiaren aurkako giza katea iragarri dute Foru Aldundiaren parean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
‘Burua duenak ez du errasutegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian ere nahi’. Horixe izan da Errausketaren Kontrako Mugimenduak iragarri duen giza katerako aukeratu duten leloa. Agerraldi jendetsua egin dute gaur eguerdian Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren parean.
50 bat lagunetik gora bildu dira bertan, eta maiatzaren 29rako ere herritarren parte hartzea eskatu dute. Izan ere, errausketak jendarte osoari eragiten diola diote, ez soilik Zubieta eta inguruko herritarrei.
Hala,
maiatzaren 29an erraustegiaren kontrako eta osasunaren aldeko giza katea egingo dute, 11:30ean abiatuta. Onkologikoan hasi eta Gipuzkoa plazaraino, Aldundiraino iritsiko dira. Bost kilometroko bidea da, eta guztia osatzeko
5.000 bat pertsona beharko dituztela aurreikusi dute. “Erronka handia” dela diote antolatzaileek, baina jendartea kezkatuta dagoela diote, gaia puri-purian dagoela, eta herritarren babesa lortzea espero dute. Babes hori agerian geratu zen, esaterako,
otsailean hainbat herritatik Zubietara egindako martxetan.
Maialen Iñarra, Errausketaren Kontrako Mugimenduko kidearen esanetan, Onkologikotik abiatuko dira, “ez dugulako han bukatu nahi”. Eta Foru Aldundian amaituko dute, “bertan has daitekeelako behar baino pertsona gehiago Onkologikoan bukatzera eraman ditzakeen bidea”.
Errausketak osasunean eragin ditzakeen ondorioak izan dira, hain zuzen ere, berriro nabarmendu dituztenak. Hondakinak erretzea minbizi kasuen ugaritzearekin lotzen duten ikerketa zientifiko ugari daudela esan dute. Eta bestelako hainbat osasun arazo ere ugaritzen omen dira erraustegi batetik 10 kilometro inguruko herritarren artean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegiaren kudeaketa esku pribatuetan uzteko asmoa ere salatu dute: “Lankidetza publiko pribatua diote. Bai, kutxa publikotik zein herritarron poltsikoetatik sekulako dirutza atera eta esku pribatuetan uzteko lankidetza”, esan du Iñarrak.
Erraustegiko
lanak urte bukaera baino lehen hasteko asmoa azaldu berri du Foru Aldundiak, baina Errrausketaren Kontrako Mugimenduko kideek ez dute uste hala izango denik. Juan Mari Beldarrainek gogoratu du duela 20 urte ere leku berean bildu zirela, Foru Aldundiaren aurrean alegia. Gobernu aldaketarekin erraustegiaren proiektua abian jarri da berriro, baina Beldarrainen esanetan, eurek ere ez dira geldirik egon, eta aurrerantzean ere ez dira “ez geldirik, ez isilik” geratuko .