Zubietako errauste plantaren proiektua gelditzeko bidean, politikariekin biltzeko pausoa eman du OEIT mediku taldeak.
Jose Cruz Ruiz Villandiego eta Maialen Berridi medikuak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Politikariekin biltzeko deia egin du OEIT mediku taldeak (Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldea). Batzar Nagusietara joateko hitzordua jada baieztatu diete medikuei, eta oraindik data zehaztea falta zaie, baina datozen asteetan izango dela diote. Horretaz gain, deia luzatu diete medikuek beste hainbat arduradunei: Zubietan jarri nahi duten errauste plantaren bueltan dauden herrietako alkateei; Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari; sindikatuei… Azken batean, errauste plantak osasunarentzat kaltegarriak direla baieztatzen duten azterketak helarazi nahi dizkiete politikariei; eta hala esan du Maialen Berridi medikuak, gaurko agerraldian: “Espero dugu osasun arrazoiak nahikoak izatea proiektua geratzeko”.
Orain arte nazioarteko txosten zientifikoak aztertzen aritu dira sendagileak, eta herritarrak informatzen aritu dira. Adituen arabera, heriotza tasa %13 hazi daiteke errauste plantetatik gertu bizi diren bizilagunen artean, eta minbizia kasuak igotzeko aukera dago. Era berean, haurdunaldietan eragin dezake errausteak, eta abortuak eta erditze goiztiarrak sortu ditzake, eta haurrak malformazioekin jaio daitezke.
Gizartean kezka gero eta handiagoa da medikuen arabera. “Ez dugu proiektuarekin jarraitzeko arrazoia ulertzen. Aldundiari entzuteko eskatu nahi diogu”, aldarrikatu du Berridik.
Mediku talde berak Txingudin egitekoak ziren errauste planta geldiaraztea lortu zuen.