Montxo Armendarizek zuzendutako filma 1986ko apirilean filmatzen hasi ziren hirian, eta Zilarrezko Maskorra jaso zuen urte horretako Zinemaldian. Tabakaleran proiektatuko dute datorren ostegunean, 19:00etan.
Hiru protagonistak txalupan, uharteruntz.
Duela 30 urte, apirilean,
27 ordu pelikula filmatzen hasi ziren Donostian, hilabete batzuk geroago estreinatu ahal izateko. Aurreikuspena ondo baino hobeto bete zuten, 1986. urteko Zinemaldian aurkeztu baitzuten filma; arrakasta handiarekin, gainera.
Hain zuzen ere, Zilarrezko Maskorra jaso zuen hiriko zinema jaialdian. Era berean, Goya sarietarako hautagaien artean izendatu zuten eta Montpellier hiriko jaialdian pelikula onenaren garaikurra eskuratu zuen. Hala, hiriko hainbat bazter pantaila handian ikusi ahal izan zituzten hainbat herrialdetan, garaiko euskal gizartea, langabezia eta drogari buruzko istorio gogor baten bitartez.
Montxo Armendarizek zuzendu zuen filma, eta gidoia bera eta Elias Kerejetaren artean egin zuten. Lehen mailako aktoreek parte hartu zuten, gerora ezagunak egingo zirenak. Martxelo Rubio, Maribel Verdu eta Jon Donosti hirukote protagonistaren ondoan, Antonio Banderasek, Ramon Bareak, Joseba Apaolazak eta Mikel Garmendiak izan zuten tartea, besteak beste.
Filma datorren ostegunean proiektatuko dute Tabakaleran, 19:00etan, Euskadiko Filmategiak eta Donostia 2016 Fundazioak elkarlanean sortutako Zinema solasaldiak egitasmoaren baitan.
Jon (Martxelo Rubio) Donostian bizi da. Filmak haren bizitzako 27 ordu kontatzen ditu: egun bateko goizeko zazpietatik biharamuneko goizeko hamarrak artekoa. Laguntasuna eta maitasuna ditu ardatz, itxaropenari zirrikiturik utzi gabe.
Santa Klara uharteko une lazgarria, Bar El Nidoko futbolin partida, Kaiko pasarte ilunak, Parte Zaharreko eta Kursaal zubiko paseoak, Aquariumera bisita eta Donostia Ospitaleko eszena donostiar askoren gogoan daude oraindik.
Besoa hautsita
Maribel Verdu aktoreak «zorigaiztoko» filmatzea izan zela dio, Nuria Vidalek idatzitako Maribel Verdu liburuan. Lana «oso gogorra» izan zela aitortzen du bertan, eta pasarte bat nabarmentzen du bereziki: «Beso bat puskatu nuen. Martxelok besoen artean ninduen, eta erortzen utzi zidan, ezin zuelako gehiago. Montxok berrogeita hemezortzi aldiz errepikatzen ditu tomak, eta lehertuta ginen. Eskerrak soinu mahaia bertan zegoela, itsasora eroriko nintzateke bestela, itsas labarretik behera».
Besoa puskatuta ere, lanean jarraitu zuela azaltzen du altoreak: «Beti arropa bera eramaten nuenez, jertsei potolo bat eta zorro txiki bat, besoa gehiegi mugitu gabe jarraitu ahal izan nuen. Izan ere, haustura eta gero, txalupan eramaten didaten sekuentzia osoa geratzen zen, gaindosiak jota nintzela, erdi hilda».
27 ordu filmaren gai nagusietako bat drogaren alde iluna da. Horretaz ere hitz egiten du Verduk: «1980. hamarkada oso txarra izan zen gauza askotarako. Talentu handia egon zen, baina oso garai txarra izan zen. Nik uste dut inor ez zela jabetzen gertatzen ari zenaz. Nire inguruko jende asko hiltzen ikusi dut. Eta oraindik badago jendea hor nonbait, suntsituta. Oraingo gazteek beste modu batean bizi dute. Beste droga mota bat dute, uste dute ez dela heroina bezain kaltegarria, baina ez da horrela. Zazpi pilula sartu ditzakezu bapatean, eta azkenak suntsitu zaitzake, eta harrapatuta utzi bizitza osorako».