Morlanseko bulegoetako jende jarioa arinduko du. Erriberatarrei ez ezik, Loiola, Txomin Enea, Martutene eta Amara Osinagako auzotarrei ere eskainiko die arreta
Loiolako Erriberako zentro berria. (Argazkia: Agurtzane Altuna
Loiolako Erriberako zentro berriaren ateak ireki ditu Gizarte Zerbitzuak. Hala, hiriak zortzi zentro ditu herritarrei arreta eskaintzeko.
Loiolako Erriberakoak 22.100 donostiarrei eskainiko die zerbitzua; erriberatarrak ez ezik, Loiola, Txomin Enea, Martutene eta Amara Osinagako biztanleak ere artatuko ditu.
Hauek dira beste zentroek hartzen dituzten eremuak: Parte Zaharra, Erdialdea eta Amara; Amara Berri, Loiola eta Martutene; Larratxo eta Altza; Gros eta Egia; Antigua, Ibaeta, Igeldo, Añorga eta Aiete; Intxaurrondo; Bidebieta eta Herrera.
Morlansen dauden bulegoek jasotzen dute jende jario gehien. Loiolako Erriberako azpiegitura berriak mesede egingo dio eguneroko lanari dagokionez. Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Ramonen hitzetan, “Morlansen jende asko pilatzen zen, eta, hemendik aurrera, zerbitzua zabaltzeak herritarren beharrak antzematea eta artatzea erraztuko du”.
Gizarte Zerbitzuak jakinarazitakoaren arabera, etxez-etxeko bisitak eta herritarrekin hitzorduak dira gehien egiten dituztenak. Hori dela eta, lan guztia behar bezala betetzeko, Loiolako Erriberako zerbitzu berriak hamalau pertsonaz osatutako lan talde bat du: zentroko arduraduna, bi administrari, hiru gizarte langile, bost hezitzaile, bi psikologo eta terapeuta bat.
Nemesio Etxaniz kalean dago, eta 943481551 da bertako telefono zenbakia.
Iaz, 14.600 familiari arreta
Edozein joan daiteke Gizarte Zerbitzuetako zentroetara: norbanakoak, familiak, nahiz taldeak. Arazoaren araberako aholkuak eta laguntza baliabideak jasoko dituzte bertan, eta, arazoa beste eremu batekoa bada, bertara bideratuko dute erabiltzailea.
Adinekoen arreta arazoak, norberaren autonomia gabeziak, higikortasun arazoak, familien desegituraketak, gizarte bazterkeria kasuak, arazo ekonomiko larriak… hainbat dira gizarte zerbitzuek kudeatzen dituzten arloak. Gainera, edozeinek jasan ditzake egoera hauek, adin, sexu eta egoera sozioekonomiko guztietakoak; beraz, zentro irekiak dira.
Guztira, 14.600 familiari eman zaie arreta gizarte zerbitzuen bidez 2015. urtean, 2014an baino %7,6 gehiagori, iazko memoriaren arabera.
Igoera horren arrazoia, neurri handi batean, lehen mailako menpekotasuna duten herritarren artatzea izan da. Lehen mailako menpekotasuna autonomoak izateko laguntza behar duten kasu arinak dira. Orain arte aldundia egiten zen haien kargu, baina 2014. urteaz geroztik udalen ardura da egoera horretan dauden herritarren beharrak asetzea. Hala, iaz, 3.601 pertsonak lehen aldiz jo zuen gizarte zerbitzuetara.
Zenbakiak zenbaki, datu horien atzean pertsonak daudela nabarmendu du San Romanek, eta udala behar diren baliabideak bideratzeko prest dagoela adierazi du, “inor baztertu gabe”. Helburu horrekin, udalak 4 milioi euro bideratu zituen iaz gizarte beharretara, 2014. urtean baino %2,1 gehiago.
San Romanen esanetan, “arazoren bat duten herritarrek, beharrean dauden herritarrek jotzen duten lehen atea da gizarte zerbitzuetako”. Ongizate sailak hainbat eskumen ditu: gizarte larrialdietarako laguntzak; adineko pertsonen beharrak; adingabeen arreta eta zerbitzuak; genero indarkeriaren biktimentzako arreta programa; eta larrialdi kasuetan berehalako neurriak hartu edo etxerik gabeko pertsonak artatzeko programa.
Hauez gain, 2015. urtean beste bi zerbitzu jarri zituzten abian. Batetik, Goizaldiak, ahul samar dabiltzan adineko pertsonentzako sortua. Euren etxeetan biziz, gizarteratzeko baliabideak eskaintzen zaizkie adinekoei. Memoria eta ariketa fisikoa lantzen dituzte bereziki gune hauetan. Momentuz, horrelako hiru zentro daude: Egian (Egiatarra elkartea), Bidebietan (Guardaplata elkartea), eta Loiolan (Gure Babesa elkartea).
Beste berrikuntza Hestia eguneko zentroa da. Etxerik gabeko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua da. Pertsona horiei erreferente bat eskaintzea da helburua, euren bizi kalitatea hobetu eta autonomia gara dezaten.
149 pertsonari arreta, genero indarkeriaren programaren bidez
Genero indarkeriaren biktimentzako arreta programaren bidez, 149 pertsonari eman zitzaien arreta iaz, 2015. urteko memoriaren arabera. Horietatik 97 indarkeria matxistaren biktimak ziren; 13, etxeko indarkeriaren biktimak; eta 39k beste arazo batzuk zituzten. Bederatzi kasutan, gainera, babes etxebizitza bat eskaini behar izan zien udalak.
Gizarte larrialdietarako laguntzei dagokienez, 2.951 eskaera jaso zituen iaz udalak. 2’3 milioi euro banatu zituzten, 2.709 familiaren artean.
Gazteen prebentzioan eta adineko herritarren zahartze aktiboan ere ahalegin berezia egiten dutela esan du udalak. Beharrak gutxitzea helburu izanik, bien bitartean lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du, eta gizarte zerbitzuetako langileen lana eskertu du