Beldarrainek dio errausketaren aurkako borrokarekin jarraitzeko gogotsu daudela. Onkologikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko jauregia giza kate baten bitartez lotzeko deia luzatu du donostiarrak, maiatzaren 29rako.
Joan den larunbatean bildu ziren leku berean izan zen Juan Mari Beldarrain duela 20 urte ere, aldarrikapen berarekin; Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean, erraustegiaren aurka.
Hain zuzen ere, Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian ere nahi leloa izango du Errausketaren Kontrako Mugimenduak, maiatzaren 29rako, iragarritako giza kateak. Beldarrainek mobilizazioaz eta erraustegiaren aurkako borrokaz hitz egin du Irutxuloko Hitzarekin.
Juan Mari Beldarrain, Errausketaren Aurkako Mugimenduko kidea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zubietako errauste plantaren proiektua abian da berriro. Hutsetik hasi beharko duzue?
Lehen ere aldaketa politiko batek ekarri zuen proiektuaren etetea, eta guk bagenekien lehengora bueltatzeko arriskua bazegoela, proiektua ez baitzen guztiz deuseztu. Eta hala izan da: gobernu aldaketarekin, lehengoak bueltatu dira, eta betiko proiektua jarri dute abian. Hala ere, guretzat ez da etsipena, berriro borrokara bueltatzea, besterik ez.
Oker ez banago, zuen borroka hori ere ez da sekula eten.
Ez, nolabait esateko 2-3 urtetako atsedenaldia izan dugu, baina lanean jarraitu dugu, beste maila batean: gaikako bilketan, kontzientziazioan… Orain erraustegiaren kontrako borrokara bueltatzen gara.
Kontzientziazio lan horrek emaitzarik eman al du?
Bai. Gatazka hau oso zaharra da. 1996an ere hementxe, aldundiaren parean, egon ginen protestan. Orduko pankarta gordeta daukagu oraindik, eta egunen batean ekarriko dugu, gaur egun balio baitu. 20 urte hauetan aurrerapauso handiak eman dira, eta Gipuzkoako herri batzuk aintzindari bihurtu dira gaikako bilketan, Europa mailan. %75 edo %80 sailkatzea egunero ez da ia inon lortzen, baina lortzen da, esaterako, Oñatin, Usurbilen, Oiartzunen, oraindik Lezon. Horrekin zera esan nahi dut, asko aurreratu dela. Eta gutxien biltzen den herrietan ere, Donostia, Irun, Lasarten, %40ra iristen da. Espainiako estatuan inon ez da horrelako daturik lortzen. Gure borrokak, zifra horietara heltzeko balio izan du, ez da gutxi, baina oraindik ez da nahikoa. Gustatuko litzaiguke emaitza horiek Gipuzkoako herri guztietara zabaltzea, zeren, orduan bai, borroka irabazita izango genuke.
Gaikako bilketa egokiak saihestuko luke erraustegia?
Bai. Horregatik saiatzen dira EAJ eta PSE birziklapenari oztopoak jartzen. Lanean ari dira birziklatze tasak ez hobetzeko, badakitelako, modu horretan, erraustegiak ez lukeela inongo zentzurik izango.
Dena den, Zubietako erraustegiko lanak urte bukaera baino lehen hasi nahi dituztela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Erlojuaren kontra zabiltzate?
Ez, inondik inora. Metroa dela, AHTa dela, Pasaiako super portua dela… Desarrollismoaren aldeko apustuak dira guztiak. Eta horiek aurrera eramateko eta oposizio herritarra gainditzeko beti argudio berak erabiltzen dituzte: abian dagoela, lanak esleitu dituztela, lanen hasiera data jarri dutela. Jendea etsiarazteko modua da.
Ez duzu uste, orduan, lanak hasiko dituztenik?
Ez, ez, zalantzarik gabe. Agian beranduago bai, baina ez dugu denboraren beldurrik izan behar. Denbora asko daukagu erraustegiaren aurka egiteko. Gainera, orain aldaketa politiko batek abian jarri duen moduan, beste aldaketa batek geldiarazi dezake. Horregatik, gu kemen handiarekin gaude, lan egiteko prest, eta jendea ere gogotsu sumatzen dugu. Erraustegiaren aurkako mugimendua indartsu dago, eta tresna asko geratzen zaizkigu oraindik.
Zeintzuk dira tresna horiek?
Erraustegiaren proiektua inposaketa bat da, eta agian erreferendum bat eskatzeko garaia iritsi da. Dirudienez, zaborrak nola bildu herritarrek erabakitzea zilegia da, baina zabor horiek nola deuseztu erabakitzeko herritarrek ezin dute iritzirik eman. Kutxa hori zabaldu dezakegu, eta, hala bada, gauzak alda daitezke. Agintariek ez dute nahi afera honen inguruko erabakia herritarren esku geratzea; beldurra diote horri.
Zaborren kudeaketaz harago, osasuna jarri duzue orain lehen mailan. Zergatik aldaketa hori?
Ez da argudio bakarra, baina osasunari eman behar zaio garrantzia, bai. Azken finean, osasuna norberarena, eta bakarra da. Osasun bat dugu, eta betirako. Galtzen badugu, dena galtzen dugu. Argudio ekonomiko izugarriak ere badaude, baina jendeak sentsibilitate ezberdina du diru mailan, eta horrek ez du hainbeste mugiarazten jendea. Baina osasunak bai, galtzen bada ez baita berreskuratzen. Dena den, ez dugu amu gisa erabili. Erraustegia benetako arriskua da osasunarentzat.
5.000 pertsona behar dituzue Onkologikoa eta aldundia lotzeko. Lortuko dituzue?
Erronka handia da, baina, bai, lortuko ditugu. Hala ere, horretarako lan asko egin behar da, auzoetan, inguruko herrietan. Donostialdetik atera eta eztabaida edo borroka hau gainerako herrietara zabaltzea lortu behar dugu. Kaltetu zuzenak ez izan arren, jendarte osoaren elkartasuna lortu behar dugu; hori da benetako erronka, baina uste dut lortuko dugula.
Jose Cruz Ruiz Villandiego eta Maialen Berridi. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Medikuak agintariekin bilduko dira arriskuez ohartarazteko
Batzar Nagusietara joateko hitzordua baieztatu diete jada, baina data zehazteko dago oraindik. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin eta Zubieta inguruko alkateekin bildu nahi dute.
Politikariekin biltzeko deia egin du
Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldeak. Batzar Nagusietara joateko hitzordua jada baieztatu diote mediku taldeari, eta oraindik data zehaztea falta zaie, baina datozen asteetan izango dela diote. Hala iragarri zuten astelehenean, Koldo Mitxelenan egindago pentsaurrekoan.
Era berean, medikuek deia luzatu diete beste hainbat arduradunei: Zubietan jarri nahi duten errauste plantaren bueltan dauden herrietako alkateei; Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari; sindikatuei… Azken batean,
errauste plantak osasunarentzat kaltegarriak direla baieztatzen duten azterketak helarazi nahi dizkiete, Maialen Berridi medikuak nabarmendutakoaren arabera. “Espero dugu osasun arrazoiak nahikoak izatea proiektua geratzeko”, esan du Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldeko ordezkariak.
Orain arte nazioarteko txosten zientifikoak aztertzen ibili dira medikuak, eta herritarrak informatzen. Adituen arabera,
heriotza tasa %13 hazi daiteke errauste plantetatik gertu bizi diren bizilagunen artean, eta minbizia kasuak igotzeko aukera dago. Era berean, haurdunaldietan eragin dezake errausteak, eta abortuak eta erditze goiztiarrak sor ditzake, eta haurrak malformazioekin jaio daitezke.
Gizartean kezka gero eta handiagoa dela dio Berridik: “Ez dugu proiektuarekin jarraitzeko arrazoia ulertzen. Aldundiari entzuteko eskatu nahi diogu”.
Mediku talde berak Gaintxurizketan egitekoak ziren errauste planta geldiaraztea lortu zuen. Orduan sortutako taldeko bozeramailea zen Jose Cruz Ruiz Villandiego medikua. Hamabi urte igaro dira, eta Ruiz Villandiegok lehen lerroan jarraitzen du. Izan ere, asteleheneko agerraldian egon zen, Berridirekin batera: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu errauste planta eraiki ala ez erabakitzeko azken hitza duten erakundeekin lehenbailehen biltzeko”.
Medikuak nabarmendu du, Txingudiko proiektu hartatik hamabi urte geroago, erakundeek ez dietela oraindik kontsultatu ere egin. Orduan ere errausketaren arriskuez ohartarazi zuten, gaur bezala.