Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak sinadurak bildu ditu, egoera salatu eta udalarekin "lehenbailehen" elkartzeko.
Lourdes Enea ingurua, zuhaitzekin. (Argazkia: IZBE)
1999. urtean, Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuaren inguruan dagoen Lourdes Enea izeneko eraikin bat berriro izendatzeko eskatu zuen enpresa batek. Izan ere, une hartara arte, ekipamendu amankomun pribatu bezala zegoen izendatuta; baina promotoreak etxebizitza berri batzuk bertan eraikitzeko beharrezkoa zuen aldaketa egitea. Auzotarren artean desadostasunak egon ziren garai hartan, eta hainbat proposamen ere luzatu zizkioten udalari; tartean, lursail horren zati bat zerbitzu publikorako eskaintzea, parke zabal batekin, adibidez.
2010ean, ordea, bizitegi gune bilakatu zuten, eta enpresa bati baimena eman zion udalak bertan 28 etxebizitza eraikitzeko. Horren aurrean, bizilagunak mobilizatu ziren berriro, eta sinadurak biltzen ibili ziren. Horri esker, bi lorpen nagusi izan zituzten: batetik, inguruko 1.000 metro koadrotan parke publiko bat egitea; eta, bestetik, bertako zuhaitz gehienak mantentzea. Lorpen horiek, baina, ez direla gauzatu salatu du Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE).
Behin-betiko onarpena udalbatzarrean eztabaidatuko dute
Izan ere, promotore berriak aurkeztutako plan berezi bati hasierako onarpena eman zion udalak iaz. Halere, udalak berak egindako egokitzapenekin eta auzotarrek beraiek aurkeztutako alegazio eta eskaerekin testu bateratu bat sortu behar izan zuen promotoreak. Horrek behin-betiko onespena jasotzeko, udalbatzerrara eramango dute gaia aurki. Baina, azken asteotan, hainbat gertakariren ondorioz, auzotarrek sinadura bilketa azkar bat egin dute, eta adierazi dute Lourdes Eneako zuhaitz guztiak bota dituztela: “Plan Orokorrean jasota zegoen ahalik eta zuhaitz gehien mantendu behar zituela, eta ez du hori bete; gainera, nahiz eta behin-betiko onespena ez izan, makinak sartu ditu”.
Lourdes Enea, zuhaitzik gabe. (Argazkia: IZBE)
Horregatik, egun gutxitan ehun sinadura bildu dituzte, udalean bertan “lehenbailehen” aurkezteko. Hala, Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosi zuzendutako idatzian, bilera bat eskatzen diote intxaurrondotarrek, “orain arteko harremana ez eteteko, eta gure ziurtasun eza eta babesgabetasuna adierazteko. Azken batean, ezer erabaki baino lehen, gure iritzia eman nahi dugu”, nabarmendu dute IZBEtik.
“Garaje erraldoiak”
Bestalde, bizilagunek euren kezka azaldu dute promotoreak egin nahi dituen garajeengatik. “Hasiera batean, beheko solairuetan lokalak jarri nahi zituzten, baina azkenean 3,75 metroko altuera duten garaje erraldoiak egingo dituzte. Gure ustez, nahikoa da 2,80-2,90 metrokoa egitea, furgonetak eta guzti lasai sartu daitezen. Hain altuak eginez gero, aurrez aurre bizi diren auzotarrek horma bat ikusiko dute egunero”, adierazi du Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak.