Donostian 9.926 langabe daude gaur egun, 2016. urteko lehen hiruhilekoko datuen arabera. Zerbitzuak sektoreak ia mila lanpostu berreskuratu ditu azken hamabi hilabeteetan
Jendetza Parte Zaharreko Narrika kalean, ostatu, taberna eta jatetxeen inguruan. (Argazkia: Liide Ferreira)
Donostiak 12.000 langabeen langa gainditu du urteotan, delako krisi ekonomikoak eraginda. Datuek diote egoerak hobera egin duela nabarmen, nahiz eta oraindik gorabehera asko egon urteko sasoiaren arabera; are eta gehiago Donostian, zerbitzuetara bideratutako hiri bat izanik.
Irakurketak iraurketa, zenbakiek ez dute zalantzarako tarterik uzten urte arteko adierazlea kontutan hartzen bada. Hala, 2016. urteko martxoaren 31ko datuen arabera, 1.179 herritarrek lortu dute lana urtebetean, iazko martxoaren 31ko zenbakiekin alderatuz gero.
Lanbideren zerrendetan oinarritutako Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak emandako azken datuek diote hirian 9.926 langabe daudela gaur egun, iaz, garai berean, 11.105 zeudenean. Horrenbestez, 2016. urteko lehen hiruhilekoak hobekuntza ekarri du.
Zerbitzuak sektorean lortu dute lana gehienek azken urtebetean –mila inguruk–, baina Industriak zein Eraikuntzak ere ekarria egin dute, arlo bakoitzak ehundik gora lanpostu sortuta. Zerbitzuak sektoreak 7.444 langabe ditu gaur egun (8.410, iaz); Industriak, 933 (1.059); Eraikuntzak, 675 (795); Nekazaritzak eta Arrantzak, 133 (138); eta Aktibitaterik Gabeko Sektoreak –lan generikoak egiten dituzten prestakuntzarik gabeko pertsonek osatua–, 741 (703).
Urte arteko adierazlea alde batera utzita, urte hasierako datuak erreferentzia gisa hartuz gero, urteko lehen hiru hilabeteetan 258 donostiarrek lana galdu dutela ondoriozta daiteke. Hain zuzen ere, urtea 9.668 langaberekin hasi zen, eta, gaur egun, esan bezala, 9.926 daude.
Dena den, Gabonen etorrerarekin, ohikoa da urtea errealitateak erakusten duena baino datu hobeagoekin amaitzea, garai horretarako sortutako aldi baterako lanpostuen eraginez. Hori horrela izanik, urtarrilaren 31 eta otsailaren 29ko datuetara jotzea egokiagoa izan daiteke lehen hiruhilekoan emandako joera ezagutzeko. Bada, urtarrilaren 31n, 10.115 langabe zeuden eta, otsailaren 29an, 9.986. Martxoko datua, beraz, hiruen artean onena da: egoerak hobera egin du.
Auzoz auzoko datuen irakurketa egitea zailagoa da; ezaugarri tekniko batengatik, bereziki. Lan Behatokiak bildutako datuak posta-kodearen arabera daude banatuta, eta Donostian hainbat kale daude kode berarekin, nahiz eta auzo desberdinetan egon. Hala ere, langabeziak gehien kolpatutako gunea zein den antzematerik badago: Altza dago zorigaiztoko zerrendaren lehen postuan, 1.507 langaberekin; 2015. urteko martxoaren 31n baino 159 langabe gutxiagorekin, hori bai.
Txanponaren beste aldean Parte Zaharra dago, langabe gutxien dituen auzoa baita. Hain justu, 293 langabe ditu, duela urtebete 320 zituenean.
Duela sei urteko egoera
Orokorrean, gaur egungo datuak 2010. urteko urriko datuen antzekoak dira.
Sei urte igaro dira orduz geroztik, krisi ekonomikoa deitutakoak bete-betean kolpatu du hiria denbora epe horretan guztian, baina, badirudi, ekonomia zeharo okertzen hasi baino lehenagoko egoerara itzultzen ari dela Donostia, piskanaka-piskanaka.
5.333 emakume eta 4.593 gizonezko, lanik gabe
Langabeen artean, emakumeak dira gehiengo; hilabetero errepikatzen den datua da hau. Lanik gabe dauden 9.926 donostiarretatik 5.333 dira emakumeak eta 4.593, gizonezkoak.
Aldea zertxobait murriztu da joan den urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, baina, oraindik orain, berdintasuna oso urruti dago. 2015. urteko martxoan, 6.018 emakume zeuden lanik gabe, eta 5.087 gizonezko.
Zerbitzuak sektorean dagoen aldea nabarmena da: 4.401 emakume daude lan bila arlo horretan, 3.043 gizonezko daudenean. Eraikuntzan eta Industrian gizonezkoak dira gehiengo, langabe kopuruari dagokionez.