Martutene eta Loiolako 45 abeslarik osatzen dute Ibaiertz abesbatza; Josu Elberdinen gidaritzapean, hamar urteko ibilbidea osatu dute jada, eta zuzendaria ezin harroago dago taldeaz.
Maite Albero, Josu Elberdin eta Periko Alkain; Ibaiertz abesbatzako kideak.
Maite Albero, Josu Elberdin eta Periko Alkain. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Guztiz amateurra da Ibaiertz abesbatza. Taldekideen batezbesteko adina 60 urtetik gorakoa da, eta gehienek ez dute musika ikasketarik. Indarra, ordea, sekulakoa dute, eta «pribilegiatuak» sentitzen dira euren zuzendariarekin. Etxarriene kultur etxera hurbildu da Irutxuloko Hitza, eta hiru kiderekin hitz egin du: Josu Elberdin zuzendaria (Pasaia, 1976) eta Periko Alkain (Hondarribia, 1952) eta Maite Albero (Martutene, 1964) abeslariekin.
Nolakoa izan zen hasiera?
Josu Elberdin (J. E.): Garai hartan, deia egin zen haurren eta helduen abesbatza bana osatzeko Martutenen. Haurrena sortu eta urte batzuetara desagertu egin zen. Helduak hogeita zortzi inguru batu ziren; bilera antzeko bat egin genuen Gaztelekuan, eta banan-bana ahots proba egin nien. Ezagutu eta ahots tinbrearen arabera sailkatu nituen. Elizan egin genituen lehen entseguak, baina akustika arazoak genituen, eta Gaztelekura itzuli ginen. Han egon ginen, Etxarriene zabaldu zuten arte. Ibaia alboan izanik, Ibaiertz jarri genion izena. Urte batzuetara, Loiolako abesbatzatik Perikoren deia jaso nuen, eta elkartu egin ginen.
Gogoan duzu lehen emanaldia?
J. E.: Bai, noski. Ikastolako aretoan izan zen, ikasturte bukaeran; egun grisa, eta sekulako beroa. Polita izan zen, eta gogoan dut lehenengoetako abestia
Agurra izan zela.
Nolatan gehitu zineten loiolatarrak, Periko?
Periko Alkain (P. A): Urte batzuetako ibilbidea eta gero, Loiolakoak nahiko umezurtz geratu ginen, bai zuzendariz eta bai partaidez ere. Orduan, Amarako Eresmin abesbatzatik Nekane Lasarte etorri zen. Urte pare bat egin genituen beraiekin, baina uztea erabaki zuten. Hamabost lagun inguru geratu ginen Loiolan, ez genekien zer egin, eta Josutaz oso ongi hitz egin ziguten. Halaxe etorri ginen.
J. E: Orduantxe hasiak ginen bi ahotsetara abesten; eta, gaur egun, lau ahotsetara abesten dugu. Gainera, Martuneko askok ez zuen esperientziarik, eta Loiolakoek bai. Beraz, bidea egiten dezente lagundu ziguten.
Maite Albero (M. A.): Guk oso pozik hartu genituen. Gainera, gizonen faltan ginen, eta guretzako errefortzua izan zen.
Erraz batu zineten, orduan?
P. A.: Zailena, askotan, taldeak irautea izaten da. Horretarako, zuzendari on bat behar da, liderra dena, eta bera hala da. Gaizki egiten duzunean, beti barkatzen dizu, ez du pertsonalizatzen, sekulako pazientzia du. Nire esperientziagatik diot, ni ere zuzendaria izan naizelako, eta gehien kostatzen dena da talde espiritua mantentzea. Batez ere, koro ez profesional batean, erabat amateurra da gurea, auzokoa, eta espiritu hori mantentzea oso zaila da.
Josu asko baloratzen duzue!
M. A.: Oso ondo eramaten gaitu. Errieta egiten digu, baina hasarretu gabe. Oso ongi azaltzen digu zer egiten dugun gaizki eta zertan hobetu behar dugun. Zerbaitegatik jarraitzen dugu denek.
P. A.: Oso ongi daki egokitzen musika gure ahalmenetara, eta hori oso garrantzitsua da. Pauso txikiak ematen ditugu; zuzendari aparta izateaz gain, maila ematen digu. Gainera, oso sartua dago musikaren munduan, eta oso ongi daki koordinatzen beste gauza batzuekin. Aurten, esaterako, jendeak aukera izango du bolero ikastaro batean parte hartzeko.
Zein helburu duzu, Josu?
J. E.: Musika bidea izan behar da beti, baina helburua taldea. Talde batzuetan musika bakarrik dago, eta aukera bat da. Ni beti saiatu naiz talde hau musikaren gainetik mantentzen; pertsonez osatua dago, eta tokia denentzat egon behar da. Horrek ez du esan nahi musikari ez diogunik garrantziarik eman. Gure ahalmenen barnean, beti handitzen jarraitzen dugu, taldea ahaztu gabe. Egia esan, sekulako zortea izan dut, pertsona kalitate handia dutelako. Batzuetan beraien burua pixka bat gutxietsi egiten dute; baina ikusten dute aurrera goazela, eta hasi dira musikaritzat ikusten euren buruak. Beti erantzuten didate irribarre batekin; oso ondo zaintzen naute. Munduko toki askotan egoten naiz, eta talde hau nire euskarria da lurrean, nire tokian jartzen naute.
M. A.: Kontzertuetan askotan esaten digute oso giro ona ikusten dela gure artean.
P. A.: Esan daiteke musikak balio duela auzogintza egiteko. Harrotasuna eman die askori abesteak, musika ikasketarik izan gabe.
Nola irakasten zaio solfeoa ezagutzen ez duenari, Josu?
J. E.: Errepikatu, errepikatu eta errepikatu; zentzuarekin, eta urtez urte osagai barriak sartuz pixkanaka. Gainera, errepertorio zabala dugu, eta hamar urtetan hizkuntza askotan abestu dute.
P. A.: Kultura desberdineko jendea batu gara, eta hizkuntza desberdinetan kantatzeak gerturatu egin gaitu. Galizieraz abestean, adibidez, bertako galiziarrak poztu egiten dira, eta euskara ez zaie horren arrotza egiten. Elkarrengana hurbiltzeko tresna garrantzitsua da, eta goi mailako musikariengana hurbildu gaitu Josuk. Askok, badakit, Josuk jarraitzen duen bitartean iraungo dutela. Benetan, zaila da halako zuzendari bat topatzea.
Urtean emanaldi batzuk ematen dituzue.
J. E.: Urtean hamar bat kontzertu ematen ditugu, Loiolan, Martutenen, Trintxerpen, Errenterian… Truke pare bat ere egin ditugu. Bukatzean askotan galdetzen didate, ea zer moduz aritu diren, eta nik beti erantzuten diet ea ondo pasa duten. Beti daude hobetzeko gauzak, baina ongi pasatzea da garrantzitsuena.
Nola laburbilduko zenukete hamar urteko ibilbidea?
J. E.: Elkarrekin sortutako bide bat izan da. Duela hamar urte musika idazten nuen, baina ez gehiegi, eta zuzentzen hasiberria nintzen. Patxadaz eta pazientziaz egin dugu aurrera. Plazer bat izan da. Ikasle onak dira, eta batzuk, ezer esan gabe entseguak grabatzen aritzen dira, gero etxean entseatzeko.
WhatsApp-eko taldea ere baduzue!
M. A.: Bai, taldea egiteko ere laguntzen du; urtebetetzeetan zoriontzeko, entsegu ordua aldatzeko, norbait ez datorrela jakiteko…
J. E.: Abestien loturak ere bidaltzen dizkiet. Oso talde aktiboa da, eta oso harro nago beraietaz.
Urteurrena ospatzeko zerbait egingo duzue?
J. E.: Askotan proiektuetan hamargarren urtea garrantzitsua izaten dela esaten dute, eta nik oso osasuntsu ikusten dut Ibaiertz. Kontzertu bereziren bat egin behar dugu ospatzeko, baina oraindik ez dugu erabaki. Hainbeste proiektutan sartuta nagoenez, buruak ez dit ematen.