Añorgako Firestone lantegi berreskuratua, duela urtebete. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Añorgako Firestone lantegi berreskuratua urtebete egitera doa. Iaz, maiatzaren lehenaren harira, 150 bat pertsona sartu ziren Añorgako lantegian. Gunea “kapitalismoaren logikatik kanpo aritzen diren proiektuen topaleku” izatea nahi zuten, eta Eraldia izena jarri zioten egitasmoari- Markel Ormazabal Irutxuloko Hitzako kolaboratzaileak Loretopetik atalean idatzi zuen lehen egun horietan bizitakoaz-.
Egitasmoa poliki-poliki indarra hartzen hasi dela azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri Garazi Minguez Firestone lantegi berreskuratuko kideak: “Oso lasai abiatu zen egitasmoa, baina pixkanaka jende gehiago batu da egitasmora, eta aurrera egiten ari gara”. Hainbat proiektu lantzen ari dira lantegi berreskuratuaren barruan. Minguezek berak Mailuka altzariak proiektua bultzatu du beste kide batekin batera. Zaborretan botata aurkitzen dituzten altzariak berreskuratu eta berriztatzen dituzte. Hileko bigarren igandetan Firestone lantegi berreskuratuan egiten duten azokan jartzen dituzte salgai, eta enkarguz ere egiten dituzte.
Tailer mekanikoa, Tintartean serigrafia tailerra, kontsumo taldea, etxebizitza, doako denda eta liburutegi bat ere egin dituzte Firestonen. Auzo baratza bat egiteko lanean hasi dira jada, joskintza tailer bat ere jarriko dute abian. Eta ogia egin ahal izateko labe bat egiten hasi dira.
Geroz eta egitasmo gehiago mugitzen hasi dira Firestone lantegi berreskuratuaren barruan, baina auzoari begira ere jarri dira. Auzotarrengana hurbildu nahi dute, lantegia auzotarrei ireki: “Auzotarrengana hurbiltzeko tailerrak egingo ditugu. Duela gutxi saski batzuk jarri genituen auzoan, gure liburutegirako liburu bilketa egiteko, eta harrera ona izan du”.
Larunbatean ospatuko dute urtemuga, apirilaren 30ean. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Serigrafia, ogia eta paperarekin lotutako tailerrekin hasiko dira 11:00etan. Argentinako lantegi berreskuratuak izango dituzte hizpide hitzaldi batean, 13:00etan. Ondoren, bazkaria egingo dute, 14:00etan. Bazkalostean bingoan ariko dira, eta 17:00etan horma irudi bat egiten hasiko dira. Umeentzako sorkuntza tailer bat prestatuko dute, eta Ilargi Berdea taldekoek malabare eta akrobazia erakustaldia egingo dute. Bertxortan bertso-antzerki emanaldia egingo dute, 19:00etan. 20:00etan triki poteoarekin hasiko dira gauerako giroa berotzen, eta 22:00etan hasiko dira kontzertuak. Potronol, Txipittu, Malos Tiempos bastardos eta Eoman Elektro. DJ Bit Sounden musika saioarekin bukatuko da ospakizuna.
Bideoa: 25 Geltokia
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea