Bagera Euskaltzaleen Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten, eta urteurren biribila baliatu nahi du euskalgintzari bultzada bat emateko. Gaur abiatu duten webgune berritua da aldaketaren ikur.
Bagera elkarteko egungo lantaldea, Hernani kalean. (Argazkia: Bagera Euskaltzaleen Elkartea)
Donostiarrek euskara ikastea zen lehentasuna duela 25 urte. Horrek kezkatzen zituen hainbat herritar, eta behar horrek bultzatuta sortu zuten Bagera Euskaltzaleen Elkartea.
Izenak berak ematen ditu argibideak.
Euskaltzale talde bat elkartuta sortu zuten Bagera 1991. urteko abenduaren 14an. Herritarrak euskalduntzeko baliabideak eskaini nahi zituzten, erraztasunak eman. Horretarako kultur jarduerak antolatzea zuten zeregin nagusia.
Duela 25 urte ereindako haziak eman ditu bere fruituak, eta ezagutza ia bermatua dago donostiarren artean, baina erabilerak ematen ditu lanak. E
uskaraz dakiten donostiarrek euskara erabiltzea da Bagera elkartearen erronka azken urteotan, eta jarduera ugari antolatu ditu jendarteari eragiteko –ondoko orrialdean, adibide batzuk–.
Baina komunikazio bideak, kontsumo ohiturak eta jendartea asko aldatu dira 25 urtean, eta aldaketa horietara egokitu da Bagera elkartea bera ere.
Izatetik egitera
“Ezagutza bermatua izanik, lasaitu egin da jendartea, eta berriro aktibatu beharra dago», hala uste du Zuriñe Gonzalez Bagerakideak; “
euskaldun izatetik euskaraz egitera pasa behar dugu“.
Horretarako Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako dinamika egokia izan daiteke, eta eredu gisa erabiliko du Bagerak. Egia eta Añorgako bizipenak jasota gida bat sortuko dute, beste auzoren batean euskaraz bizitzeko dinamika abian jarri nahi izanez gero, eredu gisa erabili dezaten.
Euskaraz bizitzea “neketsua” izan daitekeela uste du Gonzalezek, baina txipa aldatu beharra dago: “Euskara bigarren mailako hizkuntza dela sinestarazi digute; oraindik barkamena eskatzen dugu saltoki batetara sartu eta euskaraz ez digutelako ulertzen; inprimakiak gaztelera hutsean betetzera ohitu egin gara, ez dugu euskaraz eskatzeko ohiturarik; besteekiko errespetuagatik gazteleraz hitz egin behar dugula uste dugu. Uste oker horiek guztiak aldatu beharra dago. Euskaraz bizitzea gure eskubidea da”.
Euskaraz bizitzeko jarrera aktibo horretan lagundu nahi du Bagerak, eta akuilu lana egingo du. Horretarako baliabide berriak eskainiko dituzte.
Webgune parte hartzailea
Euskalgintzak astindu bat behar duela sinetsita daude bagerakideak. Horregatik molde zaharrak apurtu eta ideia berriekin ekin diote 25. urteurrenari: “Data biribila baliatu dugu hausnarketa prozesu bat egiteko eta gure jarduna aldatzeko. Ikuspegia zabaldu nahi dugu,
jende berria erakarri eta ideia berriak landu“, azaldu du Zuriñe Gonzalezek.
Gaur abian jarri duten
Bagera.eus da dinamika berriaren isla. Diseinu berritzaile eta erakargarri bat aukeratu dute. Baina ez da itxura aldatu duten bakarra, baita edukiak ere.
Bagera elkartearen edukiak eskaintzeaz gain, herritarren parte hartzea lortu nahi dute webgunea osatzeko: “
Euskara guztion artean normalizatu behar dugun moduan, webgune hau ere guztion artean eraiki behar dugu“.
Bagera.eus webgunea euskaltzaleen topagune bilakatu nahi dute. Plaza horrek atal berri ugari izango ditu; auzoena, esaterako. Auzo bakoitzak bere tartea izango du, auzoko jarduera guztien berri eman ahal izateko.
Bi foro ere sortuko dituzte, bata irekia eta bestea bagerakideek osatua. Herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte atal honetan, eta eztabaidak sortu. Kolaboratzaileek ere izango dute euren atala, webgune berrituan, eta aldika-aldika gai ezberdinen inguruko ekarpenak egingo dituzte.
Duela 25 urtetik hona Bagera elkarteak izan duen bilakaera ere erakutsiko dute. Argazkiz osatuko dute hiriko euskalgintzaren historia, eta bide horretan protagonista izan diren herritar horiek guztiek osatzea da helburua. Azalpen txikiz aberastutako argazki bilduma izango da.
Baratze kulturala ere sortu dute. Kasu honetan edonork egin ditzakeen proiektu proposamenak jaso dituzte, eta, bideragarriak badira, aurrera ateratzen lagunduko du Bagerak.
Agendaren atala ere indartuko dute, eta hirian eskaintzen diren euskarazko jarduera guztien berri ematen saiatuko dira. “Sortu beharrean, dagoenari oihartzuna emango diogu” aipatu du Gonzalezek.
Bageraren denda da beste berrikuntzetariko bat. Mezu deigarri eta umoretsuz beteriko materialak salduko dituzte txoko honetan. Umorea baita, hain zuzen ere, aro berrirako aukeratu duten jarrera:
25 urte umore ona zabaltzen, horixe da euren leloa.
Erronka berriek ez dituzte bazterrean utziko orain arteko proiektuak. Areagoa, urteetako esperientzia baliatuz, bide berriak jorratzeko ausardia erakutsi nahi du Bagerak.
Bide berri horretan, orain arteko bagerakideekin batera kide berriak bildu nahi dituzte.
400 bazkide izatetik 600 izatera heldu nahi dute urte amaierarako. Bazkide berriak erakartzeko kanpaina bat jarriko dute abian, eta bagerakide egiten denak hainbat sari jasoko ditu. Dena dela, euskara sustatzen lagundu izanak ematen duen harrotasuna izango da saririk onena.