Haserre, minduta eta noraezean dabiltza Añorgako bizilagunak; izan ere, duela gutxi jakin dute auzoko industriagunea 209.000 metro koadro handitzeko asmoa dagoela.
Mikel eta Eli, Añorgako bizilagunak, industriagunea eraiki nahi duten inguruan.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Helburua argi dute: Belartza 2 industriagunearen eraikuntza geratzea. Horixe da Añorgako bizilagun Mikel eta Eliren desiorik handiena.
Duela gutxi ekin diote borrokari, proiektuaren berri izan duten bezain laster. «Gaur egun Belartza bezala ezagutzen duguna, Decathlon, DHL, Porcelanosa eta hori guztia, horrela da borrokatu egin zuelako Añorgak, duela urte asko. Proiektu horrek hasieratik bere baitan hartzen zuen industriagunea goraino izatea; orain, Belartza 2 proiektuarekin egin nahi duten zabaltzea. Garai hartan herritarrek geratzea lortu zuten zati hori berriz abian jarri nahi dute», dio haserre Mikelek.
Industriagunea egin nahi duten buelta horretan bizi dira Mikel eta Eli, eta inguruan izaten ari diren mugimenduen bitartez izan dute proiektuaren berri. Minduta daude, haserre eta ez dakitela laguntza bila nora joan.
Eli galduta ikusi zen bere etxe aurrean industriagunea jarri nahi ziotela jakin zuenean, eta Internetera jo zuen babes bila. Hala, Errekatxulo Babestu orria sortu zuen Facebooken, eta Change.org-ren bidez, inguru hori babesteko sinadurak biltzen hasi da. Momentuz, 800 sinadura inguru lortu dituzte, oso denbora tarte txikian. Errekatxulo, zehazki, proiektuaren barnean geratzen den zati txiki bat da. Basoa eta bi erreka txiki daude bertan; hala, ingurumena babesteko deiaren bidez egin duten lehen ahalegina. «Ongi datorkie industriagunearen azalera zabaltzeko halako hutsune bat baliatzea», azaldu du Elik.
Hortik metro gutxira, Unanue Gune Naturala dago, eta zati hori izendatua dago Donostiako landa parke bezala, bere balore naturalagatik. «Oso arau zorrotzak ditu, eta inguruko baserritarrek sekulako arazoak dituzte edozer gauza egiteko. Herritarren zerbitzura jartzeko parkea egin nahi dute hor, eta muga egiten du industrializatu nahi dute gunearekin, ez du zentzurik. Alde batean herritar guztien interesak jartzen dituzte, eta bestean, esku pribatuak. Ezin dugu ulertu», dio Elik larrituta.
Arrazoi asko aipatu ditu Mikelek, berdegune hori ez ukitzeko: «Korridore ekologikoa delako, batetik bestera dabiltzan animalia asko igarotzen direlako, eta babestutako landareak daudelako; Donostiako periferia berdea osatzen duelako, Ibaeta, Aiete, Igeldo eta Usurbilekin batera; Donostiak arazoak dituelako bere eremu berde kopuruak mantentzeko, eta hor 209.000 metro koadro industrializatu nahi dituzte, hori astakeria handia da».
Momentuz, lehen begiradan, aditu batzuek orduerdi batean egindako bisitan, 25 txori espezie kontatu dituztela diote; eta Errekatxuloko eremua bakarrik kontuan izanda, mila zuhaitz inguru daudela.
Zubietakoa, oso gertu
Arrazoi naturalez gain, halako industriagune batek egun ez duela lekurik uste dute bizilagunek. «1998 eta 2000 urteetan garatu zuten, eta datu sozioekonomikoak, proiekzio ekonomikoak eta perspektibak batzuk ziren. Egun, krisi garaian, industria fabrikak eta pabilioiak ixten ari direnean, ez dago horretarako beharrik», argudiatu du Mikelek. «Gipuzkoako industriagune handiena bezala saldu digutena hutsik dago, hemendik 2 kilometro eta erdira. Joan den astean atera zen bertan jarriko duten lehen enpresa, besterik ez. Beraz, ez dago beharrik», gehitu du Mikelek. Edonola, beharra balego, Martuteneko 27 industriagunean ere lekua dagoela diote, baita Añorgan bertan ere. «Azkenean, hirigintza lan bat da, interes pribatuek bultzatua, norbaitek dirua lortzeko», dio Elik.
Bizilagunak guztiz minduta daude, gainera, udalak proiektua «ezkutuan» eraman duelako, haien ustez. «Aspaldi egin zuten publiko auzoaren bulebarizazioa, eta bilerak egin dira Añorgako eragileekin erabakitzeko ea nola egin zitekeen, ahalik eta txukunena izan zedin añorgatarren beharrak asetzeko. Industriagunearekin ez da horrelakorik egon», dio Mikelek.
Auzotarrak, lanerako prest
Bizilagunen hitzetan, 2009tik onartua dago proiektua, baina beraiek inguruan zerbait entzun dutelako jakin dute, duela oso gutxi. «2009an onartu zuten proiektua. Alegazioen epea igaro zen, eta ezjakintasunaren ondorioz ezin izan zituzten alegazioak aurkeztu auzotarrek. Orain, antza, aldaketa bat lantzen ari dira, eta horrek ateak irekiko lizkiguke berriro legez alegazioak aurkezteko. Baina, batez ere, herritik bultzatzeko politikoki garatu behar den erantzuna», dio Elik.
Mikel harago joan da; izan ere, bere hitzetan, proiektua 2009an garatu zenetik Hirigintza sailak izena aldatu du Hirigintza Iraunkorrera. «Zein burutan sartzen da iraunkortasunaren izenean 209.000 metro koadroko txikizio naturala egitea? Beraiek proiektua aldatzeko eskubidea badaukate, lehen herritarren bizkarrera egin zuten proiektu hori guztia, orain herritarrekin egin daiteke. Parte hartzeaz hitz egiten dute, eta bulebarizazioarekin erabili dute. Belartza 2rekin ere partaide izan nahi dugu».
Momentuz, babes deia zabaltzen ari dira kaltetuak, eta dagoeneko egin dute bilera ireki bat añorgatarrekin. Mikel egon zen bilera hartan, eta erantzun oso ona jaso zutela adierazi du: «Hau izan da añorgatar gehien eta desberdinenak biltzea lortu duen deialdia. Bileran, EAJ, EH Bildu eta Podemoseko boto-emaileak egon ziren; beraz, aniztasuna handia izan zen. Jendea minduta eta haserre dago gauzak gure bizkarrera egin direlako. Proiektua ez zaigu ona eta interesgarria iruditzen, eta auzotarrek erabakia hartu dute Añorgan gaia lantzeko».