Donostia Antitaurina plataformari ez ezik, hiriko beste hainbat eragileri ere eragiten diela azpimarratu dute. Udalak herritarren iritzia entzuteko galdeketa bat dela defendatu dute
Herri kontsulten araudi proposamenaren aurkezpena, Miramar jauregian, 2014. urtean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Herri kontsulten udal araudia indargabetzeak hainbat herritar eta eragileren kezka piztu du. Partaidetza prozesu luze baten emaitzaren fruitua izan da, eta bertan parte hartu zutenek udal araua baliogabetu izana kritikatu dute.
EH Bilduren udal gobernuak abiatu zuen prozesua, 2013. urtean, herritarren partaidetza zuzena bermatzeko asmoz. Herri galdeketak egiteko araudia akordiotik, alderdi guztien artean, eta herri eragile guztiekin batera adostu zuten. Araudi honen bidez, herritarrek udal eskumeneko gai jakin baten inguruan duten iritzia eman zezaketen.
Herritar kontsulten erreglamendua herritar eta eragileen artean osatu izanak duen garrantzia azpimarratu du
Axier Jaka EH Bilduko zinegotziak. Araudia bertan behera uztea «demokraziaren eta donostiarren adierazpen eta iritzi eskubidearen aurkako eraso larria» dela esan du. Udal autonomiaren aurkako erasotzat ere jo du: «Mespretxatu egiten du udal ordezkariek aho batez hartutako erabakia».
Dena dela, Espainiako Gobernuak Euskal Herriko erakundeen aurka duen jarreraren beste adibide bat dela esan du Jakak. Telefono konpainien antenak eta kalamu elkarteak arautzen dituen erreglamenduak ere inpugnatuak daudela gogora ekarri du, esaterako. Dena dela, udal taldeen babes osoa jaso zuenez kontsulten araudiak eta bere «zilegitasun osoa» berresteko, epaia errekurritzeko eskatu diote Eneko Goia alkateari, «donostiar guztien eskubideen defentsan».
Igeldoko
Nerea Lizarraldek aurreko udal gobenuan abiatutako partaidetza prozesuan parte hartu zuen herritar gisa. Jakak bezala, herritarrek sortutako araudi bat dela, eta udalbatzak aho batez onartutakoa dela azpimarratu du: «Udalari herritarren iritzia entzuteko aukera ukatzea da, ez zait oso logikoa iruditzen. Udalak ez baitu kontsultaren emaitza aintzat hartu behar, nahi ez badu. Betebeharrreko galdeketa bakarra erreferendum bat da, eta Espainiako Gobernuak onartu behar du. Herri galdeketa bat borondate politikoaren araberakoa da, herritarren iritzia entzuteko galdeketa sinple bat da.
Indar politikoek ez dutelako hiritarren iritzia entzun kexu da:?«Indargabetzen dute, eskuak garbitzen dituzte, eta nola ezin den galdeketarik egin, nahi dutena egiten dute. Lau urtean behin bozkatzearekin konformatu eta ohitu behar garela dirudi. Baina hori ez da gaur egungo errealitatea. Jendeak bere iritzia eman nahi du gehiagotan, jendeak parte hartu nahi du, eta berriro ukatzen da aukera hori».
Igeldoren desanexio prozesuaren inguruko galdeketa lantzen buru belarri ibili zen Lizarralde, eta Donostiako Udalaren partaidetza zuzena lantzeko prozesuan ere parte hartzera animatu zen: «Polita izan zen prozesuan iritzi eta ideologia askotariko jendeak parte hartu genuelako. Ez zen EH Bilduren kapritxo bat izan. Hasieran ia alderdi politiko guztietako zinegotziek parte hartu zuten, eta horrek bere freskotasun eta berezitasun puntu bat eman zion. Gauzak hitz egin daitezkeela ikustea oso aberasgarria izan zen niretzat».
Izaskun Egiak ere demokrazia zuzenaren garapenaren aldeko prozesuan parte hartu zuen. Lizarralderekin batera, Kontraste Taldeko kidea da. Herritarren parte hartzea bermatu eta alderdien arteko eztabaida jarraitzea izan da beraien egitekoa. Egiak adierazi du «zaplasteko bat» izan dela albistea: «Badakigu demokraziaren funtzionamenduaren sakontzeak beti dituela etsaiak. Beti dago norbait eskua sartzeko prest. Beste herrialdetan hain erraz egiten den zerbait, hemen da beti nekeza, beti da arriskutsua… Eta hori jada kezkagarria da». Prozesuan lanean ari zirenean jada kezka batzuk izan zituztela aitortu du Egiak: «Denon onerako, ordea, dena ondo joan zen. Aho batez onartu zen araudia».
Donostia Antitaurina Orain plataformako
Aitor Marinek adierazi du zezenketen inguruko galdeketarekin aurrera jarraituko dutela, beste bide batzuk erabilita: «Badaude moduak kontsulta hori egiteko, beste modu batean bada ere. 10.000 sinadura lortu ditugu. Alkateak berak esan zuen hauteskundeak tartean zirelako, eta prozedura administratibo hau gauza berria zelako irailerako utzi beharko zela. Guk nahiago genuen lehenago egin. Orain gertatzen dena da gure prozedura guzti hau eten egiten dela, baina udalak baditu jada gure 10.000 sinadurak. Udalak badaki parte handi batek kontsulta hori egitea nahi duela». Sinetsita dago bide horretan jarraituko duela udalak, eta kontsulta egingo dela. Baikor agertu da alde horretatik.
Plataforma antitaurino gisa lanean jarraituko dute: «Oso indartsu gaude, eta oso konbentzituta gaude. Badakigu udala gurekin dagoela kontsulta aurrera ateratzeko». Beraiek bakarrik ez, beste hainbat talde kontsultak egin nahi dituztela nabarmendu du. Udalaren erreakzioa zentzuzkoa iruditzen zaiola azaldu du: «Araudi hau da hirigintzari lotutako gaientzako . Alkateak ezin badie kontsultatu herritarrei udalaren eskumena diren gauzei buruz zerbait… Demokrazia asko mugatzen da. Beraiek ere horretaz jabetu direla uste dut».
Sententzia errespetatu beharko dutela, baina ezin dutela ados egon azaldu du. Berriki argitaratu en toki erakundeen Euskadiko legea aipatu du Marinek: «Hor ere badira hiru artikulu parte hartzeari buruzkoak direnak. Eta hor ere arautzen dira herri galdeketak. Bide desberdinak daude. Guk bere garaian hartu genuen bat. Orain ematen du eten egin dela. Helegitea jartzeko aukera badu udalak, eta ikusiko da nolako bidea egiten duen. Guri berdin zaigu zein bide administratibotik egingo den».
Barañaingo udalaren adibidea eman du: «Bitxangak herriko jaietatik kentzearen alde botoa eman dute lautik hiru. Udalak berak jarri du abian galdeketa. Nola jakin donostiarrek zer nahi duten? Epaileen sententzia honek argi uzten du. Ez da bakarrik gure gaia. Nik uste dut Donostiako gizartea mugituko dela gai honen inguruan. Kontsultari lotutako kanpaina etenda geratzen da udalak erabaki arte nondik joko duen, baina asmoa dugu, noski, jakinda zoritxarrez zezenketak egingo direla, manifestazioa egiteko eta beste ekitaldiren bat egiteko».