Amarako Victor Aspe arkitektoak gidatu du Jane-en ibilaldia
Aurtengo edizioa Impact Hub kolektiboak eta Donostia 2016k elkarlanean antolatu dute.
Jane-en ibilaldiaren bosgarren edizioa. Amararen historia beste modu batera ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Izan ere, Jane Jacobs pentsalari eta urbanista sozialean oinarrituta, boluntarioek gidatutako ibilaldia egin dute. Hain zuzen ere, Amarako eta Impact Hub-eko arkitekto Victor Aspe izan da ibilaldian azalpenak eman dituena. Halere, bertaratu diren auzotarrek ere euren istorioak kontatu dituzte. Aurten, Impact Hub kolektiboaz gain, Donostia 2016k ere antolatu du jarduera. daren ardura eta kudeaketa Impact Hub kolektiboarena eta Donostia 2016rena da.
Hala, auzoko ondorengo txokoak ezagutzeko parada izan dute, besteak beste: Amara kalea, Basoerdi parkea, San Roke, Arbaizenea, Kaxilda, auzoak berak dituen eskailerak, Amarako gaina, Osasuniturri kalea, antzinako osasunaren iturria, Autonomia kalea, eta Donostialdeko Metroa.
Amarako Fina bertan egon da. 50 urte baino gehiago daramatza Autonomia kalean bizitzen, eta auzoa onerako aldatu izan dela esan dio IRUTXULOKO HITZAri: “Ibilaldi honetan ezagutzen ez nituen txokoak ezagutu ditut. Autonomia kalean bizi naizenez, goiko kaleetan ez naiz ia inoiz egon! Hasieran, Amarako zati hau eraiki zen herri xehearentzako, langileentzako. Baina asko aldatu da, eta hobeto dagoela uste dut. Easo plaza ez zegoen, bertan pareta erraldoi bat zegoen, eta pobreak eta dirudunak banatzeko balio zuen. Hori bai, egun, ez dago bizilagunekin harreman hain estua”.
Bestalde, Victor Aspe ibilaldiko gidariak, Metroaren inguruko gogoeta egin nahi izan du Easoko geltokiaren ondoan egin duten geldialdian. Beharrezkoa den edo ez, donostiarrek euren iritzia emateko eskubidea duten… hainbat gai jarri ditu mahai gainean, bisitan zeudenek euren ikuspuntuak partekatzeko asmoz.
Amaitzeko, Easo plazako egungo iturrian egin dute talde argazki bat, eta bertaratutako bi lagunei oparitu dizkiete Jane Jacobsen bi liburu.
Easo plazako antzinako bainu publikoetatik irten da
Jane-en ibilaldiak
Mundu mailako jarduera da Jane-en ibilaldiak. Jane Jacobs kanadiar aditu eta urbanistaren lagunek 2007an hasi zuten jarduera da. Ordutik, geroz eta ibilaldi gehiago egin dituzte. Lehen urtean, 27 hiritan egin zuten, eta, egun, 500 hiri baino gehiagotara igaro dira mundu osoan zehar; Berlinetik New Yorkera, eta Sao Paulotik Tel Avivera. Ibilaldiek, auzoei bizitza ematen dieten pertsonak eta hiriko bazter ahaztuak ikusarazteko balio dute, piztu dezaketen jakin-min estrategiko nahiz turistikoa alde batera utzita. Helburua da hausnartzea eta iraganaren inguruan eztabaidatzea; eta auzoaren oraina eta etorkizuna ezagutzea, baita biztanleen kezkak jasotzea ere. Hirigintza gizatiar eta sozialagoa aldarrikatu nahi du jarduerak, hiriak ez daitezen soilik hirigintza antolatzaileen esku geratu. Aurtengo ibilaldia Donostia 2016rekin elkarlanean egin dutenez, paraleloki beste jarduera batzuk egongo dira:- Amara auzoko atzerabegirakoa: irudi erakusketa Helburua Amararen izaera ezagutzeko zertzeladak islatzea da. Irudi eta testuak baliatuta, hiritarrengan interesa piztu nahi dute, baita auzoaren iragana, oraina eta etorkizunaren ingurua hausnarketa eta eztabaida sustatzea ere. Erakusketa maiatzaren 4ra bitarte egongo da ikusgai, Lau tabernan (Osasuniturria Kalea, 4).
- Grafitia: Aintzinako Osasunaren Iturria. X-Toxico artistak Osasunaren Iturria irudikatzen duen grafitia egin du. Autonomia kaleko 13. zenbakiko baxuetako pertsianetan dago.