Trebeska, 40 urte dantzan
Egiako dantza taldeak urtemuga ospatuko du larunbatean.
Trebeska dantza Taldea 1976. urtean sortu zen Donostian, Egiako Xabier mendi elkartearen barruan, mendizale, musikari eta dantzariak elkartuz. Hasieran, dantza taldeak Xabier izena hartu zuen, mendi elkartearena, alegia. Xabier elkartea mendi talde gisa errejistratuta zegoen, baina estatutuetan kultur jarduerak aurreikusita zeuden.
Modu honetan, 1976ko irailean Xabier elkartearen dantza taldea sortu zen. Hasierako urte haietan zortzi eta hamaika urte bitarteko haurrek osatu zuten taldea.
Larunbatean Trebeska eguna ospatuko dute auzoan. Desfilea egingo dute Egian zehar, 11:00etan, eta hamaiketakoa egingo dute Katan, 12:00etan. Ondoren, emanaldi bat egingo dute Plaza Haundin, 12:45an. Bertan herri bazkaria egingo dute, eta erromeria batekin bukatuko dute ospakizuna. Bazkarirako txartelak salgai daude Kata, Koxka, Ilargi, Ostotsa eta Trebeskan.