"Azkeneko txanda indartsua izango da, ikastolaren urteurren jaiarekin bat eginez"
Astebeteko txandetan eguneko 24 orduak euskaraz egiteko konpromisoari ekin diote añorgatarrek.
Ekin diote Añorgan Euskaraz Bizi Nahi Dugulako dinamikari. “Hiru kuadrilla dabiltza ofizialki aste honetan, 18 lagun inguru, baina badakigu jende gehiago ere badabilela”, azaldu dio Beñat Gaztelumendi dinamikaren bultzatzaileak IRUTXULOKO HITZAri. Joan den astean hasi ziren lehen partaideak, eta astez aste euskararen lekukoa pasako diote elkarri, Egian egin zuten moduan. “Lehenengo astean txapak berandu xamar iritsi zirenez, dinamikari neurria hartzen aritu dira, guztia nondik nora joango zen zehazteko”, gehitu du Gaztelumendik. Orain, bi gune daude txapak eta koadernoak hartzeko: Jolas Etxea eta Amassorrain ikastola. “Jendea animatu da txapak janztera, baina kosta egin zaigu ofizialki ongi sozializatzea”.
Kontua da, kuadrilla bakoitzak astebeteko txandetan parte hartu behar duela dinamikan, eta identifikatzeko pin bana eramango dute soinean: “Helburua da euren eguneroko bizitza euskaraz egitea, eta egunerokotasun horretan sortzen zaizkien kezkak, emozioak edo burutazioak eta erabiltzen dituzte estrategiak koaderno batean apuntatzea; gero, tresna horiek gordetzeko. Aste bakoitzaren bukaeran, bukatu dutenek hasiko direnei emango diete koadernoa”.
Añorga oso auzo zatitua dela dio Gaztelumendik, eta lehen bi asteetan frontoia eta futbol zelaiaren ingurukoak ari direla mugitzen. “Azkeneko txanda indartsua izango da, ikastolaren urteurren jaiarekin bat eginez. Ikastolak berak hartuko du azken txanda hori, maiatzak 27 eta ekainak 3 bitartean. Ikastola barnean jada hasi dira lanketa egiten eta guraso, irakasle eta ikasleak animatuko dira”. Bien bitartean, auzoan ibiliko direla dio, baina uste dut dimentsio handiena orduan hartuko duela: “Añorga Txikiko dendarien harrera oso ona izan da, adin tarte batera, ordea, gehiago kostatzen da iristea.