‘MiraMefotografio’ proiektuak Afrika hegoaldeko Saharako gazteak argazkilari bihurtu ditu.
Loira Manzani, Maria Elena Buttari eta Kassum Salam.
Argazkilaritza ardatz hartuta, Afrika hegoaldeko Saharako gazteen egunerokoa islatu nahi dute Loira Manzanik (Gros, 1984) eta Maria Elena Buttarik (Gros, 1991). SOS Arrazakerian egiten dute lan biek, baina proiektua handik kanpo sortu dute. Kassum Salam (Andoain, 1997) proiektuan parte hartu duen gazteetako bat da.
Sei pertsona daude egitasmoaren barruan, eta «bakoitzak bere bizitza, ilusio, gogo eta ametsak» baditu ere, denek arazo bera dutela azaldu dute Manzanik eta Buttarik: «Euren adinaren gainean gezurra esatea leporatzen diete. Adin txikikoak dira denak, edo adin txikikoak ziren epaiketa prozesuak hasi zirenean; euren pasaportean adin txikikoak direla jartzen du, baina ez diete sinesten», azaldu dute.
Lehengo urteko ekainean El Diario Vasco egunkariak argitaratutako albiste batek sortutako haserretik abiatzen da proiektua. Bertan, «guztiz kriminalizatzaileak» ziren zenbait adierazpen ageri zirela salatu dute.
Gainera, azaldu dutenez, gazteak oraindik ez dira epaituak izan, Salam salbu, eta absolbitu egin dute.
Argazkiak ditu ardatz
Orain dela lau urte inguru SOS Arrazakeriak antolatutako ikastaro batean, argazkilari batek atzerritar gazteek sentimenduak eta nahiak argazkien bitartez adieraztearen onurak azaldu zizkien. «Ideia horretaz gogoratu, eta MiraMefotografio proiektua abiatu dugu», azaldu du Manzanik.
Argazkilaritza prozesuaz gehiago gozatu dezaten, kamera analogikoak eman dizkiete gazteei, euren eguneroko gauzei argazkiak egiteko. «Lantokikoak, lagunenak, eta egitea gustuko ditudan gauzen argazkiak egin ditut. Saskibaloi kantxarena, esaterako», azaldu du Salamek.
Ondoren, argazkilari batekin ikastaro bat egin nahi dute Tabakaleran, eta argazki analogikoak digitalizatzen ikasiko dute bertan.
Hasieratik erabaki zuten «aberasgarriagoa» izango zela kamera analogikoak erabiltzea, baina baita «zailagoa» ere. Inguruko jendearen artean galdetuta lortu dituzte kamerak: «Lagun eta ezagunek utzi dizkigute, baina oso kamera zaharrak dira eta horietatik batzuk ez dute funtzionatzen».
Buruhauste bat baino gehiago sortu dizkiete: «Gazteetako batzuen kamerak ez zuen funtzionatzen, esaterako, Samalenak. Argazkiak egin zituen, baina ezin dira ikusi» azaldu du Manzanik. Pena izan dela aitortu dute hirurek, baina konpondu dituzte arazoak, eta gazteek gogotsu jarraitzen dute euren egunerokoa argitara emateko argazkiak ateratzen: «Jendea konturatzea nahi dugu gure bizimodu eta amets berak dituztela», azaldu Manzanik.
Adin txikikoak
Sei mutilek hartu dute parte proiektuan, «apenas dago neska atzerritarrik adin horietan», nabarmendu du Manzanik. Gainera, denak dira edo orain dela gutxi arte izan dira adin txikikoak. Dena den, dokumentazioak hala esaten duen arren, ez diete sinetsi.
Manzanik azaldu du Afrika hegoaldeko Saharako gazteekin gertatzen dela hau gehienbat. Salam, orain adinez nagusi bada ere, epaitegietatik pasa da: «2014ko azaroan hasi zen epaiketa prozesua eta urte eta erdi iraun du. Orain bukatuta dago, baina oraindik arazoak jartzen dizkidate», azaldu Salamek.
Manzanik gaineratu du, egitasmoan parte hartu duten sei mutiletatik batek utzi egin duela: «Bederatzi argazki egin ostean etorri zen guregana, esanez utzi egingo zuela epaiketaren kontuekin nazkatuta zegoelako, eta agian alde egingo zuela», horrelakoek egoeraren larritasuna agerian uzten dutela azaldu du.
Proiektua laguntzeko
Borondatez ari dira lanean Manzani eta Buttini arrazakeriaren aurkako aktibista eta militanteak, baina babes ekonomikoa behar dute gastuak ordaintzeko. Horretarako, crowdfunding kanpaina bat abiarazi dute Kickstarter webgunean.
400 euro lortu nahi dituzte, eta, momentuz, 200 inguru bildu dituzte. «Oso ondo dago webgunea, baina dirua ez da zuzenean gugana iristen; beraz, dirua lortu ahal izateko 400 euroak behar ditugu, lortu ezean dirua bueltatzen da», azaldu du Buttarik. Maiatzaren 31a da proiektua diruz laguntzeko azken eguna.
Lortutako diruarekin argazkilariak emango duen argazki ikastaroa ordaintzeaz gain, argazkiak errebelatzeko eta inprimatzeko ere erabiliko dute.«Proiektu txikia da eta ez dugu diru asko behar, baina beti sortzen dira gastuak», azaldu du Manzanik.
Hasieran epe mugarik gabe hasi zuten proiektua, baina ekainaren 11n, Euskal Herria Hamaika Kolore jaialdian, argazki erakusketa egitea gustatuko litzaieke: «Bulebarrean jarri nahi genituzke argazkiak ikusgai», azaldu du Manzanik.
Oraindik ez dituzte argazkiak esku artean eta, beraz, ikusteko dago erakusketak zein formatu izango duen: «Ez dakigu zer aterako den, baina pozik gaude».