Egiako Aitor ikastola eta Maria Reina ikastetxeko ikasleak auzoa seguruagoa izateko lanean ari dira. Maiatzaren 20an berriro margotuko dituzte espaloiak.
Aitor ikastolako LH5eko ikasleek horma-irudi hauek erakutsiko dituzte maiatzaren 21ean egingo duten festan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Loreak itzuliko dira Egiara, eta ez bereziki udaberria delako. Iaz abiatu zuten egitasmoari jarraipena eman, eta oinezkoentzako auzo seguruagoa izan dadin, hainbat aldaketa egingo dituzte.
Iaz, Olatu talkaren baitan, loreak margotu zituzten espaloietan,
haurrak auzoko bi ikastetxeetara oinez, eta bakarrik joan ahal izateko. Horrekin batera, pegatina-loreak jarri zituzten 90 bat saltokitan, beharra sortuz gero, haurrek leku horietan laguntza eska zezaketela jakiteko.
Bide seguruagoak egiteko erronkari ekin zioten horrela, baina lan horrek ez du etenik, eta aurten jarraipena eman diote egitasmoari Egia Segurua. Haurren Egia taldeko kideek. Mugikortasun iraunkorra eta segurua ez dela egun bateko kontua erakutsiko dute.
Auzoa auzotarrentzako den neurrian, auzotarrek eraldaketan modu aktiboan parte hartu behar dutela uste dute. Kasu honetan, haurrak dira protagonistak.
Auzo atsegina eta bizigarria
Kalean haurrak ikusteak bizia ematen duela esan ohi da, eta horixe da taldearen helburua. Autonomia eskaini nahi diete txikienei kaleetan barrena ibiltzeko, ikastetxera joateko, edo eskolaz kanpoko jardueretara joateko. Autonomia, baina baita segurtasuna ere.
Horregatik, guraso batzuen laguntzaz,
mugikortasun iraunkorra lantzen aritu dira asteotan ikasgeletan. Iazko bizipenak trukatu dituzte, handienek txikienei aholkuak eman dizkiete, eta trafikoak auzoan sortzen dituen arazo larrienak, eta gunerik arriskutsuenak ere irudikatu dituzte marrazkien bidez. Lan horretan harrapatu ditu IRUTXULOKO HITZAk Aitor ikastolako bosgarren mailako neska-mutilak.
Gehienek bakarrik egiten dute ikastetxetik etxerako joan-etorria, eta iaz loreen bidez markaturiko bidea lagungarri zaiela diote. Dena den, auzoan barrena bakarrik ibiltzeak beldur pixka bat ematen dietela onartu dute.
Lau horma-irudi margotu dituzte auzoko gune kritikoenekin. Batetik, Mandasko Dukea kaleko biribilgunean autobus handi bat marraztu dute, “ia-ia ez direlako autobusak sartzen”.
Tejeria kalea ere marraztu dute, txakur kakaz beteta: “Kakaz beteta egoten da beti, jendeak ez ditu biltzen, eta nazka ematen du”.
Egia kaleko bidegorria marraztu dute beste paper erraldoi batean, baina errepidearen albo batean, ez erdian, orain dagoen moduan: “Egokiagoa izango litzatekeela uste dugu”.
Azkenik, Haur Txokoa marraztu dute, Atotxako dorrearen behealdean: “Mozkor pila bat egoten da han, eta argi gutxi dago; beldurra ematen du bakarrik joateak”.
Haurren begiradak dira. Kontuan hartu beharrekoak auzo atsegin eta bizigarri bat eraikitzeko. Hala uste dute egitasmoan parte hartu duten guraso eta eragileek. Ikuspegi horiek aintzat hartuta,
maiatzaren 20an, margotuko dituzte berriro espaloiak. Iazko ibilbidea errepasatzeaz gain, Tabakalera ingurura ere zabalduko dituzte loreak.
Eta hurrengo egunean,
maiatzaren 21ean, festa bat egingo dute, Egia seguruago bat aldarrikatzeko. 10:30etik 14:00etara
Tejeria kalea oinezkoentzako izango da soilik. Auzotarrek hartuko dute kalea, eta musika, tailer eta jolasen bidez girotuko dute goiza.
Hurrengo egunean, maiatzaren 23an, Oinezbus-a jarriko dute abian, eta hala nahi duten haurrek ikastolara oinez joateko aukera izango dute