Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan sartzea du helburu Egiako Imanol Garmendia arraunlariak. Bi aste barru Suitzan jokatuko dituzten estropadetan lehen bi postuetan geratu beharra du.
(Argazkia: Bat Basque Team)
Olinpiar Jokoetan sartzea kirolari ororen ametsa izaten da; bere arraun ibilbidean aurrerapauso garrantzitsu bat izango litzateke Imanol Garmendiarentzat (Egia, 1992). «Hamalau urte daramatzat arraunean, eta niretzako erronka hori lortzea oso garrantzitsua izango litzateke. Amets bat lortzea ez; entrenatzen eta gauza asko sakrifikatzen, egunero ikusi dut iritsi naitekeela. Helburu hori lortzea pauso bat aurrera ematea izango litzateke», erantzun dio Irutxuloko Hitzak telefonoz egindako elkarrizketari.
Asteartean bertan Sevillara itzultzekoa zen Garmendia, Donostian bi egun egin ostean. Hain zuzen ere, Sevillan igarotzen du ia urte osoa, entrenatzen. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak dira Garmendiaren erronka, eta sekula baino gertuago ditu.
Alemanian jokatutako Europako Txapelketan parte hartu du Garmendiak, joan den asteburuan. Timonelik gabeko aulki mugikorreko laukoan aritzen da Espainiako Selekzioarekin, eta seigarren postuan geratzea lortu zuten. «Haize handia izan genuen, eta ez genuen gure onena eman, baina baldintzak denentzako berdinak ziren», dio Garmendiak.
Santurtziko Ander Zabala, kataluniar bat eta espainiar bat dira gainontzeko hiru taldekideak. Zabalarekin batera sinatu berri du kontratua, Basque Team-ekin. Akordio horren bitartez, bi arraunlariak sartu dira Basque Teamek goi mailako kirola sustatzeko duen programan.Helburua lortuko balute, lehen aldiz arituko lirateke biak ere Olinpiar Jokoetan. Gaur egun, 4-LM pisu arineko kategorian lehiatzen dira.
Suitzako Luzerna hirian jokatuko dute Olinpiar Jokoetarako txartela; zehazki, maiatzaren 24an izango dira finalak, eta lehen bi postuetan geratzea lortzen dutenek egingo dute Rio de Janeiroko bidaia. «Nire ustez jada lan fisikoa egina daukagu, eta gauza txikiak zaintzea da orain kontua; ez gaixotzea, pisurik ez hartzea eta atseden hartzea. Urte guztian egin ez duguna ez dugu bi astetan egingo», aipatu du, estropada jokatzeko gogoz.
Azken batean, bakoitzak bere buruarekin duela borroka dio. «Presio handia daukagu, kanpokoaz gain, bakoitzak bere barnean duena. Pasa dadila, onerako edo txarrerako. Sailkatzen bagara pixka bat lasaiago hartuko ditugu gauzak, eta gozatzera joango gara».
Ur-Kirolaken hezitakoa
Ur-Kirolaken eman zituen lehen paladak Garmendiak, hiru urtez, eta duela hamar urte joan zen Oriora.
Aulki mugikorrean guztiz murgildua dagoen arren, tostako arrauna egitea ez dago bere asmoetatik guztiz kanpo. «Betidanik gehiago gustatu izan zait aulki mugikorra, eta hobexeago moldatu izan naiz. Oraingoz, aulki mugikorrean jarraituko dut; agian, hemendik hiru urtetara egingo du finkoa».