"Giza eskubideen urraketarik ez; herritarron izenean ez"
Sarek giza katea egin du Norteko geltokitik Easoko geltokira.
Hartu Trena dinamikaren baitan giza katea egin dute eguerdian. Sarek egin du deialdia, preso, iheslari eta erbesteratu guztien eskubideak aldarrikatzeko.
Norte geltokitik abiatu dira, eta Easo plazako geltokian amaitu dute. Zentzu bikoitza izan du gaurko ibilbideak. Izan ere, tren geltokiak dira biak, baina bi auzoetako preso bana izan dituzte gogon bereziki. Batetik, 72 urte dituen Carlos Trenor preso egiatarra. Eta bestetik, Jagoba Codo amaratarra. Gaixotasun larri bat du Codok, eta Euskal Herrira ekartzeko ahaleginetan ari dira bere senideak.
Sarek abian jarri duen trenak bi geltoki nagusi ditu bidean: bata, preso eta iheslarien giza eskubideak errespetatzea; eta, bestea, preso eta iheslarien etxeratzea.
Trenaren ibilbidean ahalik eta bagoi gehien osatzea da Sareren erronka. Bagoi bakoitzak jendarteko alor bat irudikatzen du. Kulturgintzako ordezkariak, esaterako, igo ziren trenera apirilean. Gaurko giza katearekin herritarren bagoia osatu nahi izan dute.
Easo plazan amaitu dute gaurko bidaia zazpi jauzi dantzatuz. Aurretik, Gurutz Sanzberro eta Idoia Ibero Sareko kideek hartu dute hitza. Donostian 100 iheslaritik gora daudela gogoratu dute, eta 49 preso politiko; guztiak sakabanatuta.
Herritarren atxikimendua eskatu dute, eta elkarrekin joateko dei egin die donostiarrei gutxienez lehen geltokiraino, hau da, giza eskubideen aldarrikapeneraino.
Preso eta iheslarien eskubide urraketekin “jendarte osoaren eskubideak” urratzen direla nabarmendu du Iberok, eta jendea aktibatzearen beharra azpimarratu du: “Denok, norbere eremuan urratsak eginez bakarrik lortuko dugu gatazkaren konponbidean aurrera egitea. Giza eskubideen urraketarik ez; herritarron izenean ez”.