43.000 zale inguru biltzea espero da, eta egun osoan zehar toki guztietako jendea bildu da estadioaren inguruan.
Bruce Springsteenen kontzertura sartzeko zain bi lagun. (Argazkia: Malen Aldalur)
Bruce Springsteenen kontzertua gaur gauean izango da Anoetan eta 43.000 zale inguru biltzea espero da.
Giro paregabea zegoen arratsaldean estadio inguruan. 18:00etan irekitzen zituzten ateak eta ordurako ilara luzeak zeuden.
Leku guztietako jendea, eguraldi ona, janaria, edaria, ez zen ezer falta iluntze polit bat pasatzeko.
“Amak txikitan Bruce Springsteenen kantuak abesten zizkidan pixoihalak aldatu bitartean”, azaldu du irribarretsu Beasaingo neska batek ama alboan duela. Biak etorri dira kontzertuaz gozatzera.
Beste Gipuzkoar batzuk zeunden alboan. Aspaldi ikusi gabeko hiru lagun geratu dira, gazte garaiak oroitu eta elkarrekin ikuskizunaz gozatzeko; hirugarrena oraindik falta da: “Urduri gaude ea falta den laguna noiz etorriko, ilaran jarri nahi dugu”, esan dute.
Donostiar asko izango dira gaur Anoetan, baita Gipuzkoarrak ere. Baina urrutiagotik ere iritsi da jendea. “Santanderretik etorri gara gaur, kontzertua ikusi eta gauean bueltan goaz”, azaldu du bikote batek. Aitortu dute, ez dela lehen aldia Bruce Springsteen ikusiko dutena, “inguruan joten duenean beti ahalegintzen gara joaten”. Euren atzetik ilaran beste bi lagun daude, Asturiasetik etorriak biak, “Asturiasetik etorri gara kontzertua ikustera, baina bide batez hiria ezagutzeko aprobetxatuko dugu” azaldu dute.
Aldarrikapenak egiteko tartea ere hartu du batek baino gehiagok, eta errefuxiatuen aldeko pankartak ikus zitezkeen han eta hemen.
Bruce Springsteenen kamisetak soinean zeramatzaten familiak,
kartoietan mezuak idatzi dituzten lagun koadrilak, enegarrenez Springsteenen kontzertua entzutera datozen zaleak, lehen aldiz bere musikaz gozatuko dutenak…
denak bilduko dira gaur Donostian.