Zortzi egun besterik ez dira falta III. AB Krosarako. Auzoa egin, jai giroan murgildu eta euskaraz bustitzeko gogotsu daude.
AB Krosako lan taldeko kide batzuk, Probestu plazan. (Argazkia: AB Krosa)
Amara Berriko euskararen aldeko lasterketa gisa jaio zen duela hiru urte, auzoko Berritsu euskara batzordeak sustatuta. Urtez urte, sendotu eta gihartu egin da.
AB Krosa lasterketa bat baino gehiago da. Amara Berri euskaraz bustitzeko ez ezik, auzoa egiteko, kirola egiteko eta gozatzeko ere sortu zuten. Auzotar guztiak festa berean biltzera animatu nahi dituzte: «Karmengo jaiak daude, sanjoanak eta Ferreriaseko jaiak. AB Krosa, auzoa elkartu eta auzoa egiteko jarduera bat izatea nahi dugu», adierazi du Iñigo Azurmendi AB Krosako lan taldeko kideak. Horregatik, korrika egitera animatzen ez direnak ere gonbidatu dituzte AB Krosara, denentzako jaia izatea nahi dute eta.
Gainera, data ere finkatu dute. Aurreko urteetan ekaina inguruan egin badute ere, urtero maiatzeko azken larunbatean egitea erabaki dute.
Hurrengo larunbatean, maiatzaren 28an iritsiko da III. AB Krosa. Denontzako festa izango denez, haurrentzako jarduera bereziak ere egingo dituzte, 17:00etan. Ernest Llucheko Haur Txokoarekin elkarlanean, jolasak prestatuko dituzte, eta merienda txiki bat eman. Baita korrikalditxoa ere – 18:00ak aldera-. Ez diote lasterketa deitu nahi izan, ez baitute lehiakortasuna sustatu nahi. Auzoko ikastetxeetara zabaldu dute parte hartzeko deia:«Familia giroan ere gozatu daiteke AB Krosaz, horretarako egitarau berezia prestatu dugu, denek ongi pasatzea nahi dugu», azaldu du Azurmendik.
Helduen lasterketa -16 urtetik gorako korrikalariena- 19:00etan hasiko da. Ohiko ibilbidea egingo dute: Probestu plaza, Memoriaren parkea, Bartzelona hiribidea, buelta berriz Probestu plazara, eta beste buelta bat eman. Hiru kilometroko proba -buelta bakarra- ere egin daiteke, iaz bezala:«Ohartu ginen jende askok beldurra ziola sei kilometrokoari, eta horregatik erabaki genuen buelta bakarra emateko aukera ematea. Helburua baita lehen aldiz korrika egiteko lotsa galtzea».
Izan ere, lasterketa moduan baino, festa gisa antolatzen dute AB Krosa: «Parte hartzea da helburua. Jendea animatzea, eta beste edonork bezala gozatzea. Aurreko urteetan, azken korrikalaria saritu izan dugu!». Parte hartzaile guztiak ordu berean irtengo dira. Marka onenak 20 ingurukoak izan dira. Baina lasai egoteko nabarmendu du Azurmendik: «Ordubeteko marka ere badago, beraz, edonork parte har dezake», berretsi du.
Emakumearen presentzia
III. AB Krosaren karteleko protagonista emakume baten irudia da. Lasterketan emakume gutxik ematen dute izena, eta parte hartzaile gehiago lortu nahi zituzten. Azurmendiren arabera, kalean emakumezko korrikalari asko ikusten dira, baina gutxi animatzen dira lasterketetan izena ematera: «Lasterketen ohiko irudia gizonezkoena da, eta horrekin hautsi izan nahi dugu AB Krosan. Ez dakit mezuarekin asmatu dugun, baina behintzat hori da gure helburua».
Lasterketa parekideago bat lortzeko lanean ari da AB Krosako lan taldea. Adibidez, auzoko emakumeen taldeak lasterketarako entrenamendu bereziak prestatu zituen.
Zuzeneko musika ere izango da. Sari banaketaren ondoren, 20:00ak inguruan kontzertuak izango dira Probestu plazan. Egiako bi musikari ariko dira zuzenean jotzen:
Unai Pelayo Pelax eta Asier Beramendi -Eraul taldeko abeslaria-. Kontzertu akustiko bana emango dute.
Lasterketan bildutako dirua euskararen aldeko proiektu batera bideratu ohi dute. Aurten Ttan Ttakun irrati libreari emango diote. Beraz, ziur beraiek ere parte hartuko dutela festan. Zuzeneko irratsaio bat egitera animatuko dira beharbada.
Oraindik AB Krosa lasterketan izena eman ez duena garaiz dabil.
Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena. Amara Berri eta Loiolako Erriberan zehar korrika egin eta ondo pasatzeko aukera hau ezin da galdu! Parte hartzaile guztiek AB Krosak eta Irutxuloko Hitzak elkarlanean diseinatutako kamiseta jasoko dute opari. Elastikoa zen koloretakoa izango den erabakitzeko inkesta bat jarri dute abian sare sozialen bidez. Arrosa edo urdina izango da, botoen arabera.
Marka onena egiten duten auzoko korrikalariak sarituko ditu IRUTXULOKO HITZAk, urtebeteko doako harpidetzarekin. Auzoko tabernetan doan afaltzeko txartelak. La Perlarako txartelak eta Zubeldia kirol dendako materiala ere dago jokoan!