Jaietako ikurraren jaitsierarekin hasi da festa, eta auzoari eskainitako euskarazko rap abestia estreinatu dute; igandera arte jarduera ugariz gozatuko dute Bidebietakoek.
Txanpontxoren jaitsiera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Txanpontxo Eguna ospatu zuten Bidebietakoek apirilean lehen aldiz, jaiak iragartzeko eta dirua biltzeko asmoz. Izan ere, hiriko jai batzorde guztiek diru laguntzak eskatu behar izaten dituzte urtero, data zehatz batean. Aurten, baina, deialdia hilabete batzuk lehenago egin zuten, eta lau auzok ez zuten jakinarazpena «egoki» jaso; Bidebieta, tartean. «Ez genuen garaiz aurkezteko aukera izan, eta horren aurrean ez genuen geldi geratzeko asmorik», azaldu zion Irutxuloko Hitzari jai batzordeko kide Haizea Bustok. Hortaz, Txanpontxo Eguna antolatu eta, eguraldi euritsua izan bazuten ere, errepikatzeko modukoa izan zela diote.
Festarako grina piztuta, atzo eman zieten hasiera Bidebietako jaiei, auzoko ikur bilakatu den
Txanpontxoren jaitsierarekin. Aurtengo jaiak bereziki parte hartzaileak eta elkarlanean egindakoak izaten ari direla argi utzi dute. Esate baterako, jaitsieran bertan,
auzoaren abesti bat estreinatu zuten atzo, auzotar guztiekin batera. «Jai batzordearekin elkartu ginenean, iruditu zitzaigun programa nahiko osatuta zegoela, eta pentsatu genuen interesgarria izango zela beste gauza sortzaile bat egitea. Hortik sortu zen jaietarako euskarazko rap abestia eratzearen ideia», azaldu du Kontadores Gazte Zentroko koordinatzaile Luxia Iriondok.
Azken 50 urteak gogoan
Hala, Kontadoresen ibili diren rap laborategiko ikasleek osatu dute kanta, Unai Neira
Norzzonerekin, Nizuri Tazuneri taldeko rap abeslariarekin, hain zuzen ere. Gaiei dagokienez, Bidebietako azken 50 urtetako ibilbidea hartzen du ardatz abestiak. Hortaz, euskarari erreferentzia egin ez ezik, Kontadores fabrika erre zeneko aldia eta Frankoren diktadurak eraikitako hamabi dorreak ere ekartzen ditu gogora abestiak.
Horrekin batera, Bidebietako haur txokoak eta gaztelekuak ere parte hartu dute jaien antolaketan. Haur txokoan, adibidez, marrazki lehiaketa bat egin dute, jaietako kamiseten diseinua zehazteko: «Haur txokoko 6 eta 12 urte bitarteko ume guztiek egin zuten beraien marrazkia. Horiek ikusi eta auzotarrek beraiek bozkatzeko aukera izan zuten. Bozka gehien jaso zituena eraman dugu kamisetara», adierazi du haur txokoko Izaro Apariciok.
Auzoko gaztelekuak ere bere tartea du jaietan. Gaur, adibidez, haur eta gazteen eguna ospatuko dute. Gaztelekuko Bea Martinen arabera, gaztetxoak laguntzen ibiliko dira: «Egun hauetan, haur txokoarekin batera egingo ditugu jarduerak; eta bertan egingo ditugun jolasak prestatu dituzte gazteek».
Horretaz gain, buruhandientzako jantziak egin dituzte, eta beraiek izango dira buruhandiak. «Prestatzen laguntzen ibiltzen dira, eta emaitzak daudela ikusten dutenean, gustura aritzen dira. Programa oso indartsua da, eta pozik gaude auzoan denok batzen garelako, elkarlanaren bidez egindako zerbait delako», nabarmendu du Martinek.
Udaleko gizarte zerbitzuetako hezitzaile Julian Eskidek Bidebietako gazteekin egiten du lan,
Birziklatuz proiektuaren barruan: «Helburua da kalean aurkitzen ditugun altzairuetatik egurrak atera eta horiei beste erabilpen bat ematea. Kasu honetan, billar holandes bat egin dute auzoko gazteek».
Bestalde,
Txanpontxo jaietako buruhandi zaharkituak hartu, eta horiek berritzen ari dira. Azken batean, asmoa da «gazteek beraiek egiten duten horrek emaitza bat duela erakustea, egin duten lan horren emaitza ikustea», azaldu du Eskidek.
Jai batzordeko bi kide joan ziren beraiekin hitz egitera, eta «nolabaiteko enkargua egin zieten gazteei». Azken horiek onartu zuten egitekoa, eta erantzun bat ematen ari dira. Hala, aipatutako billar holandesa jaietako jardueretan egongo da erabilgarri. Eta gazteak jarduera horietan dinamizatzaile lanetan arituko dira.
Bada, argi dago, aurten, auzotar guztien arteko elkarlana handitu dela. «Taberna eta denda askok ere parte hartu nahi izan dute. Diru laguntza faltaren gaiak lagundu digula uste dut», adierazi du Bustok. Horrekin guztiarekin lortu nahi dute datozen belaunaldietako gazteengan jaiekiko konpromisoa sortzea.
Gune berri bat
Berritasunei dagokienez, gune berri bat izango dute: Nornahi plaza. Jai batzordeko kideek diotenez, bertan jendetza egoten da, eta tokia baliatuko dute zenbait jarduera egiteko: haurrentzako jolasak, plazako tabernek antolatutako bazkariak… Gainera, Olatu Talkak prestatukoak ere bertan egingo dira; hortaz, egitarau bateratua egingo dute.
Bestalde, aurtengo berrikuntza garrantzitsuena
Etiopiaren aldeko patinajea izango da. Igande goizean, 11:00etan, Salvador Allende parketik abiatuko dira patinatzaileak. Egunean bertan eman daiteke izena, 10:00etatik aurrera, eta behar duenari materialara utziko zaio. Adin eta maila guztietako herritarrek parte hartzeko aukera izango dute. Jasotzen den diru guztia Etiopian Patinatzen fundaziorako izango da.
Gainontzeko jarduerei dagokienez, jai batzordekoek larunbateko mozorro festa nabarmendu dute, 20:00etan, baita Bidebieta elkarteak iganderako prestatuko duen burduntzia ere. Gainera, bertso bazkaria egingo dute larunbatean, 14:30ean,
Nerea Elustondo eta Alaia Martin bertsolariekin