Asteburu honetan izango da Olatu Talka, Europako Kultur Hiriburutza ospatzeko herritarren jaialdia; hainbat jardueren artean, hiriko gune kritikoen eraldaketa landuko dute boluntarioek.
Konkorrenea kalearen atzealdean dago Egiako Maldatxo kalea.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Badira hirian puntu kritiko bat baino gehiago;?baina, non? Herritarrek gune horiek identifikatu dituzte, eta Olatu Talkaren bidez beste ukitu bat emango diete. Hain zuzen ere, Hiria egin!, horixe da zazpigarren Olatu Talkaren leloa. Ostiraletik igandera izango da jaialdia, eta 200 jarduera baino gehiago jasoko ditu. Tartean, puntu kritikoak piztuko dituzte. Leloaren bidez, herritarren partehartzea gehiago bultzatu nahi izan dute.
Sei gune
Udaleko Sailen Arteko Batzordeak batu eta Puntu Kritikoen Mapa osatu zuten 2015ean. Guztira, 41 gune identifikatu zituzten, eta horietako sei espaziotan lan egin dute herritarrek, Olatu Talkaren bidez: Morlans, Miramar Jauregiko bidexka bat, Egiako Maldatxo eta Iztueta pasealekuak, San Bartolome, eta Loiola eta Loiolako Erribera arteko bidea.
Azken batean, sormenaren bidez eta hainbat boluntarioren lanari esker, beste ukitu bat eman diete gune horiei, iluntasunetik argitasunera eramanaz.
MORLANS
Kontadoreseko Argazkilaritza Tailerreko kideak eta Morlanstarrak Auzo Elkartea elkarlanean aritu dira. Auzoko eraikin berrien etxabe hutsetan bizilagunen argazkiak itsasiko dituzte, tamaina errealean. Horrela, bertatik egunero igarotzen direnei babesa ematea dute helburu.
MIRAMAR
Undermount kolektiboa eta Marta eta Maria Bocos aritu dira lanean. Olatu Talkaren baitan, arte brigadek zeramikazko kanpaitxoak egin zituzten, eta Miramar Jauregiaren kanpoaldean zintzilikatuko dituzte. Horrela, Soinuaren Pasabidea osatuko dute, aparkalekutik Pio Baroja kaleko biribilguneraino. Melodia bat osatuko dute kanpaitxoek.
MALDATXO
Tabakalerako Hirikilabs lantegian, argiztapen adimentsu sistema baten bidez, Egiako kale ilun hau piztuko dute. Zehazki, larunbatean piztuko dute. Hala, diotenez, baliagarria izan daiteke hiriko beste hainbat puntu ilunei behar duten argia emateko.
SAN BARTOLOME
Gipuzkoako Artisten Elkarteak eragin du, herritarrengan hirigintzaren inguruko galderak sortzeko. Utzia dagoen gune horri ukitu artistikoa eman diote. Pareta bat pintatuko dute, esku-hartze artistiko eta ezustekoaren bidez. Konpondu baino, hausnarketarako bidea zabaldu nahi dute.
IZTUETA
Teknahik eta beste zenbait eragilek lan egingo dute bertan. Egiako Iztueta kalea Zientzia Gunea bihurtuko dute larunbatean. Egiako epaitegiaren inguruan, dibulgazio zientifikoa herritarrengana hurbilduko dute bakarrizketa, hitzaldi eta haur zein helduentzako tailerren bidez.
LOIOLA
Loiola eta Loiolako Erriberaren arteko bidea seguruagoa egiteko, bi auzoetako eragileek bat egin dute. Dagoeneko tailer batzuk egin dituzte, eta kolorea eman diote inguruari.