'Bizikletaz adinik ez' egitasmoa iritsiko da laster Donostiara
Donostia 2016ren Energia Olatuak programak diruz lagundu du.
Kalapie Txirrindularien Elkarteko presidente Gorka Hoyos eta Txita-ko arduradun Daniel Ruiz izan dira egitasmo hau Donostiara ekarri dutenak. Duela hiru urte Danimarkan, Kopenhagen-en sortutako Cycling Without Age programa hartu dute eredu. Egun, proiektu berdintsuak daude abian munduko 200 hiriburu baino gehiagotan.
Udarako jarri nahi dute abian egitasmoa Donostian, hiruzpalau bizikletekin. Egitasmoa aurrera atera ahal izateko trizikloak gidatzeko boluntarioak behar dituzte, eta boluntario sarea osatzeko kanpaina bat abiatuko dute laster. Ez dira ohiko bizikletak, eta hauek gidatzeko formakuntza saio txiki bat egin behar da aurretik. Hiru gurpil dituzte, triziklo modukoak dira – gidaria atzean doa, eta aurrean, bizikletan ibilalditxoa egin nahi duten pertsonak-. Bizikleta erabiltzen ikasi, eta bizikletan eramango duten pertsonekin nolako tratua izan behar duten ikasi beharra dago.
Bizikletaz adinik ez egitasmoa abian jartzeko boluntario sarea sustatu ondoren, proiektuaren bultzatzaileak hiriko zaharren egoitzekin jarriko dira harremanetan.
Donostia 2016ren Energia Olatuak programak 20.160 euroko diru laguntza eman dio egitasmoari, eta diru honekin ordainduko dituzte trizikloak. Bideoan Danimarkako esperientzia kontatzen dute bertako boluntarioek.
Adinekoek zein aniztasun funtzionala duten pertsonek ere bizikletan gainean ibiltzeko plazeraz disfrutatzea nahi dute, eta zerbitzu hori eman ahal izateko sortu dute Bizikletaz adinik ez egitasmoa. Donostian zehar triziklo moduko bizikleta gainean ibilaldiak doan egiteko aukera izango dute laster.