Auzo txikia da Añorga, baina, mugimendu handikoa. Egiaren lekukoa hartu dute hilabete honetan, eta astebeteko txandatan euskara hutsean bizitzeko erronkari aurre egiten ari dira.
Maddi del Campo eta Asier Azpiroz, Añorgan euskaraz biziko gara dinamikako txapak soinean dituztela. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Egiakoen lekukoa hartu dute Añorgan. Añorgan euskaraz biziko gara esperientziari ekin zioten maiatzaren 2an, eta ekainaren 3a arte euskara hutsean ariko dira.
Maddi del Campo eta Asier Azpiroz dinamikaren talde motorreko kideak dira biak ere, eta esperientzian parte hartu dute jada. Batak, bigarren astean, eta besteak, hirugarrenean. «Proposamena Bagera elkartetik etorri zen. Beñat Gaztelumendiri esan zioten interesgarria izan zitekeela Egian egindakoa Añorgara zabaltzea. Lau lagun bildu ginen, eta Añorgara egokitu genuen», dio Azpirozek.
Horrela, bost asteko iraupena ematea erabaki zuten; eta eragileka izan beharrean, kuadrillaka egitea. «Ikusten genuen Añorgan baldintza egokiak genituela dinamika egiteko. Euskararen jakintza maila handia da eta ulermena ia %100 da», gehitu du.
Astez aste, auzoko eragile, kuadrilla edo norbanakoek euskaraz egiteko konpromisoa betetzea zen asmoa, Egian bezala. Partaideek soinean txapa bat eta alboan koaderno bat eraman dute, eta bertan idazten ari dira izandako esperientzia: «Astero kuadrilla batzuek hartu dute konpromisoa, dinamikaren txapa jantzita; eta, tartean, eragileren bat ere ibili da: futbol taldekoak, dantza taldekoak…», dio Azpirozek.
Batzar bat egin zuten lehenengo, dinamikaren berri emateko, eta, ondoren, Telp tailer bat egin zuten. Tailerra aurretik egin nahi bazuten ere, dinamika hasi zuten astean bertan egin zuten. «Jendea oso gustura atera zen, dena praktikara begira zegoela esan zuten. Nahiz eta lau orduko ikastaroa izan, oso azkar pasa zitzaiela zioten, eta benetan erabilgarria izan zela», dio Del Campok.
Bi lagunek argi izan zuten hasieratik dinamikan parte hartuko zutela: «Ikusten genuen Añorgan jakintza altua izanda ere gaztelerara jotzeko ohitura handia zegoela, eta halako jarduera batek aukera eman zezakeela ohiturak aldatzeko. Esperientzia hau ez dugu aste hauetan geratzea nahi, hasiera izatea baizik, Egian bezala. Euskara kalera atera, erabili eta indartzeko», gehitu du Del Campok.
Dinamikaren berri zabaltzea nahiko erraza izan dela dio Azpirozek: «Ez du lan karga izugarririk suposatu. Jendeak ongi erantzun du, eta ez dugu lan handirik izan auzokoak animatzen. Ehun lagun inguruk parte hartuko genuen momentuz».
Bizitako esperientziatik ondorio guztiak baikorrak dituzte. Del Campok onartu du ohiturak aldatzea zaila dela, baina egingarria ikusten du: «Egoera batzuk daude sekula bizi gabekoak, eta zaila den arren, egin daiteke. Adibidez, elkarrizketa elebidunak edukitzea. Nik aurretik ez nituen sekula eduki, esperientzia berri bat izan da, kuriosoa, baina egin daitekeena. Gainera, konturatzen zara gehiago ingurukoek zein hizkuntza erabiltzen duten».
Ondorio garbi bat atera du Azpirozek: «Bakarrik ezin duzu zure ingurua euskaldundu, baina zure aukera pertsonal askok besteengan eragin handia dute». Beharra sortzean dago gakoa Del Camporen ustez: «Euskaraz hitz egiteko beharra sortu ezkero, agian jende gehiagok egingo luke euskaraz».
Azpirozen esanetan, elkarrizketa elebidunetan luzatzea da zailena: «Elkarrizketa motzak badira, erraza da; Jolas Etxeako tabernariak, esaterako, ez daki euskaraz. baina ulertzen du. Badakigu kexatu egin zela gazteleraz eskatu ziotelako. Hala ere, bi minututik gora jarraitzea zaila izaten da halakoetan».
Bukaera ekitaldia
«Askotan egiten dira euskararen aldeko krosak eta poteoak, eta ondo dago; baina halako proiektuek bultzatzen dute erabilera, nire ustez», azpimarratu du Azpirozek.
Amassorrain ikastolak itxiko du dinamika, 50. urteurreneko ospakizunekin bat eginez -gaur eta bihar-: «Hor hartuko dute parte ikasle, irakasle eta gurasoek, eta kopurua asko handituko da», dio Del Campok. Dinamikabukatzeko, ekitaldi bat egin nahi dute, jateko zerbaitekin, denek esperientzia konpartitzeko.