Gipuzkoa plaza hartu dute ehunka lagunek erraustegiaren eta egungo sistema politiko-ekonomikoaren aurka
Igande gaua bertan pasa dute, eta astelehenean 19:00etan deitu dute hurrengo asanblada.
Argia aldizkariaren bideoan ikus daitekeenez:
Guneari forma ematen ari dira
Talde txikietan bakoitzak bere iritzi eta asmoak plazaratu ondoren, asanblada irekian hartu zituzten lehen erabakiak: Gipuzkoa Zutik mugimendu “egonkorra” izatea nahi dute, erraustegia ikurtzat hartuta “bestelako azpiegitura eta erabaki politiko zein ekonomikoren aurka” agertu dira, eta norbanako eta eragile ezberdinen arteko “sareak sortu” nahi dituzte.
Lan taldeka banatu ziren guneari forma emateko: besteak beste, komunikazioa, formakuntza, aisialdia, azpiegiturak, logistika, informazio gunea eta harreman lan taldeak sortu dituzte.
“Ez goaz etxera” lelopean datozen egunetan hainbat ekintza egitea da asmoa.
Gipuzkoa Zutik plataformak aste honetan bertan zabaldutako agirian azaldu du gogoan dituztela beste lekuetan egiten ari diren protestak: “Herritarrak mundu osoan altxatzen ari dira, plazak hartuz botereari desafio egiten. Nuit Debout, M-15, Saharako Gdem Izik, Istanbulgo Gezi eta mundu osoan zabaltzen ari den Occupy gara. Mundu mailako erantzuna behar du egoerak, eta Euskal Herrian ez dugu gutxiago izan nahi”.
Politika eredua aldatzeko “palanka” izan nahi dute: “Gaurdanik hasita denok hobeto bizitzea nahi dugulako, plaza hartu behar du bizitzak, pertsonek, norbanako bakoitzaren hitzak. Jar dezagun praktikan nahi dugun bizitza. Sakondu dezagun demokrazia zuzenean. Kalean, elkarrekin, eta gure artean sortuko dugun logika baten arabera mugitzen, desafioa gara dena kontrolpean nahi duen boterearentzat”.
Gipuzkoa Zutik plataformak igandean arratsaldeko 16:00etan Gipuzkoa plazan elkartzeko egindako deialdiarekin bat egin zuten 200 lagun inguruk. Gaua bertan pasatzea erabaki zuten asanblada irekian, “erraustegiaren eta egungo sistema politiko-ekonomikoaren aurka”. Astelehenean arratsaldeko 19:00etan egingo dute hurrengo asanblada.
Azaldu dute igande gaua 60 lagun inguruk pasa dutela bertan. Goizean aldundi aurrean informazio orriak banatu eta elkarretaratzea egin dute. Gipuzkoa Zutik plataformak salatu dunez, bi pertsona identifikatu dituzte.
Aste osoan zehar arratsaldeko 19:00etan egingo dituzte asanblada nagusiak eta, orain, egitaraua lotzen ari dira. Gaur esaterako, Pello Zubiriaren hitzaldia egongo da 18:00etan, asanblada 19:00etan eta 21:00etan kontzertua.
Bestalde, Zubietako erraustegia egiten ari diren eremuan hondeamakina bat matxuratu dute hiru ekintzailek, gidatzeko kontrola hautsiz.