Egiako osasun etxean GERTU programaren lanketa pilotua egiten ari dira. Gaixoen hizkuntza eskubideak bermatzea eta kalitatea hobetzea dira helburuak.
Egiako osasun etxea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Euskalduna ala kalitatezkoa? bata edo bestearen artean aukeratu beharrik ez dagoela uste dute Egiako osasun etxean. Horretarako, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin GERTU osakidetzako programaren lanketa pilotua egin dute; ondoren, Egiako esperientzia aintzat hartuta, gainerako Donostialdeko ospitale publikoetara zabaltzeko asmoa dute.
Egitasmoa ezagutzeko Bingen Uriondo (Bermeo, 1964) osasun etxeko zuzendaria, Aitziber Gurutzeaga (Egia, 1971) auzotarra eta Irene Gil (Antigua, 1965) Osakidetzako euskara teknikariarekin hitz egin du Irutxuloko hitzak.
«Ikaragarri» datu onak ditu Egiako osasun etxeak langileen euskara mailari dagokionean, «bai behintzat hiriburu bateko zentroa izateko», azaldu du Gurutzeagak.
Langileen erdiarentzat euskara da beraien lehen hizkuntza, eta gehiengo batek ulertzen du: Erizainetan, hamarretik zortzik; medikuetan, bederatzitik zazpik, pediatretan bitik batek; eta harrerako langileetan, seitik lauk. Dena den, Uriondok azaldu du orain arte harreman formalak eta informalak «gehienbat» gaztelaniaz egiten zituztela. Orain harreman formal zein informaletan euskara «naturaltasunez» erabiltzea da helburua.
Ez da kasualitatea lanketa pilotua Egiako osasun etxean egitea. Hiru arrazoi nagusi azpimarratu ditu Gilek: «Gaitasuna, gogoa eta gertutasuna». Hiru ezaugarri horiek ditu Egiako osasun etxeak, eta horrek esperientzia «arrakastatsua» izatea ekarri duela azaldu du euskara teknikariak.
Euskaraz, beldurrik gabe
«Datuak ikusaraztea oso garrantzitsua da. Jendeak ohitura du medikuarekin gaztelaniaz egiteko, eta azaldu behar zaio euskaraz lasai egin dezakeela», esan du Gurutzeagak.
Horretarako, hainbat erraztasun daudela azaldu du Uriondok. «Orain arte Osakidetzako datu basean automatikoki guztioi lehen hizkuntza moduan gaztelania agertzen zitzaigun», azaldu du. Dagoeneko aldatu dute sistema, eta orain edonork aukeratu dezake zein hizkuntzatan artatua izan nahi duen. «Harrera gunera joan eta hizkuntza lehentasunetan euskara jartzeko eskatuta nahikoa da, edo bestela telefonoz ere egin daiteke», azaldu du Uriondok. Bestalde, harrera guneko langileak, medikuak eta erizainak euskaraz dakitela lehen begiratuan nabaritzeko kartel eta pin batzuk jarri dituzte «horrela jendeak badaki lehen hitza lasai euskaraz egin dezakeela, nahiz eta, nire kasuan badaezpada neu hasten naizen euskaraz», azaldu du Uriondok.
Hizkuntza eta kalitatea
«Auzotarron eskubideak bermatu behar ditu osasun etxeak, gaixo zaudenean ez duzu indarrik hizkuntza dela eta borrokan hasteko, beraz, ezinbestekoa da erraztasunak ematea», azaldu du Gurutzeagak. Uriondo ere bat dator horrekin: «Gaixoa osorik etortzen da medikuarengana, hizkuntza eta guzti».
Hizkuntza eskubideak bermatzea kalitatearekin estuki lotuta dagoela uste dute hiruek, «eta horretarako ezinbestekoa da euskararen aldeko apustua egitea», azaldu du Uriondok.
Hiru gako nagusi azpimarratu ditu Gurutzeagak: «Jarri euskara lehen hizkuntza bezala, euskararen ikurra ikustean egin euskaraz beldurrik gabe, eta hizkuntza eskubideak urratzen badizkizute salatu».
«Egian gogoa eta gaitasuna daude, beraz, egin euskaraz, lasai», azpimarratu dute.