Amaia Hermoso bertsogilea maniki baten larrutik idatzitako bertsoekin gailendu da Altzako bertso paper lehiaketan.
Amaia Hermoso, Altzako bertso paper lehiaketako irabazlea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Amaia Hermoso (Amara Berri, 1992) bertsogilea maniki baten larrutik idatzitako bertsoekin gailendu da Altzako XVI. Bertso Asteko bertso paper lehiaketan. Lehenengo aldiz hartu du parte bertso sariketa batean.
Nola jaso zenuen berria?
Ezustean harrapatu ninduen, ez nuen espero. Ez nekien zenbat jendek parte hartuko zuen, ezta zein maila egongo zen ere.
Lehen aldia da halako sariketa bat irabazten duzuna?
Lehen aldia da halako sariketa batean parte hartzen dudana. Bertsoak idatzi izan ditut lehenago ere. Baina gutxitan ahalegindu naiz gai bat hartu eta horri buruz bertso sorta luze bat egiten. Denbora behar da horretarako, eta lehenengo aldia da benetan jarri naizena.
Maniki baten azaletik idatzi duzu.
Jorratu dudan gaia ez da batere berria, eta bertsoetan ez dut lehendik jakina ez den ezer berririk gehitu. Horregatik erabaki nuen perspektiba aldatzea; gaia beste ikuspegi batetik azaldu nahi nuelako.
Ohartu nintzen gaur egungo gaztetxoek arratsaldeak dendatik dendara pasatzen dituztela, obsesionatuak daudela arroparekin.
Gero eta gehiago dira bulimia edo anorexia bezalako gaixotasunak dituzten neska gazteak eta gaiari bueltak ematen hasi nintzen. Orduan, konturatu nintzen nerabe horientzat manikiak erreferenteak direla nolabait.
Errealitatean manikiak gizakiaren itxura hartu beharrean gizakiak hartu du edo hartu nahi du manikiaren itxura. Hori adierazi nahi nuen, handia dela figura batek guregan duen eragina.
Noiztik aritzen zara bertsoak idazten?
Egia esan ez ditut asko idazten. Lagunen bati idatzi izan diot kanpora joan delako edo bere urtebetetzea delako, baina ezer seriorik ez.
Txikitatik izan dut bertsoetarako zaletasuna. Etxean eta idazten nituen bertsoak, baina lehengo urtera arte inoiz ez naiz bertso eskolan ibili. Nahiko lotsatia naiz eta jende aurrean abesteak lotsa handia ematen dit.
Bertso eskolan zabiltza, beraz.
Lagun batek animatu ninduen eta biok hasi ginen Añorgako Bertso Eskolan. Orain oso gustura nabil. Lau edo bost lagun inguru batzen gara, eta pixkanaka bat-batean egiten ere hasi gara.
Zer eman dizu bertso eskolak?
Nire zaletasun antzekoak dituen jendea topatu dut bertan. Inguruan ez dut inor bereziki bertsozalea denik, eta orain bertso eskolako lagunekin saioetara joateko aukera izaten dut.
Lotsa kontuak gainditzeko ere laguntza handia izan da, nahiz eta oraindik kosta egiten zaidan.
Nondik datorkizu bertsozaletasuna?
Behin baino gehiagotan egin diot galdera hori neure buruari. Orain dela gutxi bertso eskolako lagunekin egon nintzen hizketan. Batek esaten zidan osaba bertsolaria zuela, besteak bere aita oso bertsozalea zela. Nik, ordea, ez dut inguruan bertsozaletzera bultzatu nauen inor eduki. Euskal musika asko gustatzen zait eta txikitatik entzuten dut, ez dakit, agian horregatik izan daiteke. Saioetara ere apenas joaten nintzen orain dela gutxi arte, bertsoak Hitzetik Hortzeran eta Interneten entzuten nituen.
Bertsolari erreferente bat aipatzeko eskatuko banizu.
Asko esango nizkizuke eta aldi berean ez zait inor bururatzen. Dena den, egia da umorezko saioak eta umoretik aritzen diren bertsolariak gustatzen zaizkidala gehien.
Zure bertsoetan aldiz kritika soziala egiten duzu.
Kritika sozial bat eta berria ez dena gainera. Baina berria ez bada ere oraindik bere horretan jarraitzen du. Lehen esan bezala, iruditzen zait nerabeen artean lehen baino obsesio handiagoa dagoela modarekiko, itxurarekiko, askoren egunerokoa horretara mugatzen dela; eta horrek ezagunak ditugun arazo ugari ekartzen dituela. Askotan guk uste baino handiagoak.
Gai serioago bat egitearena, ez dakit, agian bertso sorta luzeetarako errazagoa da horrelako gai bat hartzea. Baina entzuteko nahiko ditut plazetako bertsoak txapelketakoak baino.
Orain sari bat irabazi duzula. Lehiaketa gehiagotan parte hartzeko gogoz zaude?
Ez dakit sariketa gehiagotan parte hartuko dudan ala ez. Baina idazten behintzat jarraituko dut tarte bat aurkitzen dudanean. Egia esan, momentu honetan ez dut inongo ideiarik, beraz, ikusi egin beharko da.
‘Maniki batenak’ bertso sorta
Makina zahartu erraldoietan
izanagatik sorkuntza
bizitokitzat eman zidaten
zulodun kartoizko kutxa
gizakiaren forma irudi
izatea dela funtsa
sortutako eraikuntza
barrutik nagona hutsa
eduki gabe jarri zidaten
itxuraren ezagutza
erakusleiho batean jarri
behar dut orain gorputza
Baztertu dute, mundua bera,
estaltzen zidan gortina
ene eredu bila miatu
ditut hamaika izkina
argitasunik ezaren gisan
handitu zait erretina
formak izaki adina
bat bera ez da berdina…
dagoeneko hazten hasi zait
barreneko jakinmina
zein itxuratan inspiratu zen
egin ninduen makina?
Ikusi ditut altuak eta
hain altuak ez direnak
ikusi ditut argalak eta
ikusi ditut gizenak
mila kolore, mila hazpegi,
forma eta bolumenak
asimetriko gehienak
ez dira marra zuzenak
artista ona behar du gero
simulatu zituenak
nola liteke gorputz batean
irudikatzea denak?
Jendartearen jokabideak
nau pentsatzera bultzatzen
nola figura honetan ez den
inor identifikatzen
forma perfektu gisa dabiltza
nire irudia saltzen
neurriak inposatzen
nahi eran manipulatzen
aldi berean ditu koipea
ta pertsona zurrupatzen
erreala den gorputzik ez du
edertasunak onartzen.
Azkenaldian somatu ditut
geroz eta argalago
osasunaren muga ukituz,
gainditzetik gertuago
estereotipo faltsutan nola
bilatzen duten abaro
otzantasunari trago
beren gorputzen esklabo
kartzela honen iluntasunak
itsutu ditu zeharo
irudi batek balio baitu
ehun hitzek baino gehiago.
Panpina baten “agindutara”
zenbat gazte ta nerabe
ta bitartean asmatzaileak
patrikak bete dolare
momentu batez jarri nahi ditut
eraikuntza baten pare
gorputza dela zutabe
estalkiaren mirabe
gailurra inoiz ez da izaten
besteen sostengu habe
baina ordea, ez da mantentzen
oinarri sendorik gabe.