1936ko ekainaren 3a. Gaurko egunez, duela 80 urte hil zen Txirrita. Bertsolariak Altzako Gazteluene baserrian eman zituen bere bizitzako azken hamabost urteak. Goizuetako plazan kantatu eta gero, ondoezak jota zendu zen.
Txirrita sagardotegi batean, lagunartean. (Argazkia: Joxe Erauskin)
“Zenbat errezo egin izan det/ nere denboran elizan/ ta pozik nago ikusirikan/ pakian nola gabiltzan/ ni naizen baino kobarderikan/ inoiz ezin leike izan/ semerik gerra ez joateatik/ mutilzar gelditu nitzan”.
Gerra zitalaren ondoren txarrak gaiari, bertso honekin erantzun zion Txirritak
1936ko urtarrilean. Egun hartan,
Viktoria Eugenia Antzokian, Txirritak berak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saioko
txapela jantzi zuen, aurreko urtean Basarriren atzetik txapeldunorde izan eta gero. Uztapiderekin berdinduta bukatu zuela onartu zuen epaile batek, baina, bertsolari gazteak txapela aurrerago janzteko aukera izango zuelakoan, Txirritari eman zioten omenaldi gisa.
Handik hilabete gutxira, bertsolari gipuzkoarra Altzako Gazteluene baserrian hil zen. Goizuetako plazan, bazkaldu ondorengo saioa egin, eta ondoezik sentitu zen. Handik etxera eraman zuten eta egun batzuetara, ekainaren 3an, zendu zen, 75 urte zituela. “Oraintxe 150 kilo ez daude gaizki” izan omen ziren bere azken hitzak, gazta zaharra gustura jan ondoren.
Beti txantxetan, beti umorez, azken hatsa arte. Halakoa zen Txirrita.
Jose Manuel Lujanbio Retegi,
Txirrita, 1860ko abuztuaren 14an jaio zen, Hernaniko Ereñotzu auzoan, Latze-Zar izeneko baserrian. Bera baino zaharragoa arreba bat zuen; gazteagoak, berriz, beste bost anaia-arreba zituen.
Hamahiru urte zituela, Errenteriara, Txirrita baserrira, joan zen bizitzera familia; hortik bere goitizena. Bere bizitzako azken hamabost urteak, ordea, Altzako Gazteluene baserrian eman zituen, arrebaren etxean.
Hamalau urterekin kantatu zuen lehen aldiz plazan, Ereñotzuko San Antonio ermitaren aurrean. Ordutik plazaz plaza eta festaz festa ibili zen gizona. Hargina izan arren, ez zuen lan askorik egin.
Alferra ez, baina parrandazale amorratua baitzen.
60 urterekin heldu zen Altzara, arrebaren etxera. Ordurako aski loditua eta baldartua zegoen, baina ez zen etxean geratzekoa. Martillun baserrira joateko ohitura zuen lagunekin ardotan egitera, eta han egonean, bertsotan aritzen zen. Juanaenea baserriko Evaristok egiten zizkion taxilari lanak, eta
gurdian eramaten zuen batetik bestera.
Altzan bada Txirritaren omenezko kale bat: Txirrita Bertsolaria kalea. Gurdi gutxi dabil orain hiriko kaleetan. Aurki
Smart kalea izango da gainera kale hori. Zer ateraldi botako ote luke Txirrita handikoteak zapelaren azpitik burua jasoko balu!