Ikasle, irakasle, langile eta familien oroitzapenak jaso nahi dituzte.

Ikasbide Ikastolaren 1989ko irudi bat. (Argazkia: Ikasbide Ikastola)
Datorren urtean, 2017an, Loiolako Erriberako
Ikasbide Ikastolak 50 urte beteko ditu.
1967an sortu zuten, Amara Berriko guraso eta irakasle talde baten eskutik. Garai hartan Isabel II.aren eraikinean finkatu zuten hezkuntza zentroa. Mende erdi horretan zehar, milaka izan dira une batean ala bestean ikastolako partaide izan diren ikasle,
irakasle, langile eta familiak. Horregatik, Ikasbideko Ikastolakoak ziur daude pertsona
horiek guztiek oroitzapen, pasadizo eta istorio ugari izango dituztela denekin elkarbanatzeko.
Beraz, ekarpenak edo iradokizunak egin edo
50. urtemugaren antolaketan parte hartu nahi duen orok aukera du jada, 50urte@ikasbideikastola.es posta elektronikora mezu bat igorrita. Lortzen duten informazio hori guztia euskarriren batean islatzea nahi dute, baina oraindik ez dute erabat zehaztu. Momentuz hogei bat gurasoren erantzuna jaso dute, eta hainbat irakaslek ere adierazi dute euren prestasuna. Parte hartu nahi dutenekin
lan taldeak osatuko lituzkete 50. urteurrena denen artean prestatu ahal izateko. Euren asmoa
ekainean lehen bilera bat egitea da, ikasturtea amaitu baino lehen, bidea irekitze aldera.
1967. urteko urtarrilean sortu zuten
Ikasbide Ikastolaren ibilbidea mugitua izan da oso,
eskolak emateko hainbat kokaleku izan baititu. Hasieran,
Baleazaleen kaleko pisu batean egon zen; ondoren,
Isabel II.aren kaleko lokaletan eman zituen eskolak; 1979. urtean, Lehen Hezkuntzakoak
Txuri Urdineko lokaletara pasa ziren; 1984 ikasturtean, taldeak gehitzen joan zirenez gero,
gela aurrefabrikatuetan ere ematen ziren klaseak. Udalak
Amezketa plazako eraikina utzi zienean Haur Hezkuntzakoak bertara joan ziren. Isabel II.aren lokalak hutsik geratu zirela baliatuta, hainbat gurasok
Ikasbide Kultur Elkartea sortu zuten, auzoan ere euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoz.
Euren Lehen Hezkuntzako eraikinen baldintzak eta jolastokien beharrak ikusita, hutsik zegoen
Zorroaga gaineko Gurutze Gorriaren eraikina hartzea erabaki zuten. Eta azkenik, 2011n,
urteetan zehar aldarrikatutako behin betiko egoitza estreinatu genuen, Loiolako Erriberan.
Hasiera batean, Ikasbidek, ikastolen federazioen babespean, dagozkion guraso eta irakasleen ordezkarien batzordeekin ikastola pribatu gisa funtzionatu zuen. Arantzazuko Ama, Orixe, Zurriola eta Jakintza ikastolekin batera Barandiaren Lizeoa sortu zuten, beraien proiektuari Bigarren Hezkuntzan jarraipena emateko. 1994. urtean, publikoa bihurtzeko erabakia hartu zuen guraso asanbladak, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako Ikasbide Ikastola izena hartuz.
Egun, 2 eta 12 urte bitarteko haurrak hartzen ditu ikastolak.