Udala sustatzen ari den "adreilu kultura" eta hiri eredua gogor kritikatu dute
Groseko Mirakruz 19 eraikina botako dutela eta, hainbat auzotar mobilizatzen ari dira. Auzoan bi talde sortu dira eraikin honen inguruan gertatutakoa aztertzeko. Udala sustatzen ari den «adreilu kultura» eta hiri eredua kritikatu dute.
Groseko eraikin zahar eta ezagunenetako bat desagertzear da. Mirakruz kaleko 19. zenbakian bizi ziren bizilagun guztiek jada etxebizitza utzi dute. Hilabete igaro da joan zirenetik. Orain, eraikinaren jabeak bi hilabete ditu etxebizitza botatzeko lanak hasteko. Adolfo Morales de los Rios arkitektoak diseinatu zuen eraikina -Donostiako udaletxearen eraikina eta Madrilgo Espainiako Bankua diseinatu zuen egile berarena-, eta 1888. urtean eraiki zuten.
Urte hasieran zabaldu zen eraikinaren salmentaren inguruko albistea, eta iskanbila sortu zuen. Hiriko ondarea babesteko Ancora elkarteak 5.000 sinadura bildu zituen eraikina babesteko; hiriko hainbat eraikin historiko higiezinen negozioaren biktima bihurtzen ari zirela salatu zuen. Eneko Goia alkateak adierazi zuen etxearen promotorarekin negoziatuko zuela eraikinaren diseinu berria, aurkeztu zutena ez zelako egokia. Egun, hirugarren proposamen baten zain daude.
Grosen bertan bi talde sortu dira eraikinaren inguruan gertatzen ari dena aztertzeko. Andoni Lamarka (Egia, 1961) eta Josean Arrieta (Gros, 1971) duela bi hilabete hasi ziren lanean. Bilera asko egin dituzte beste bizilagun batzuekin batera, eta udaleko zein aldundiko ordezkariekin ere bildu dira. Kalea ere zapaldu dute, eta kanpaina handi bat egin dute auzoan. Saltokiz saltoki joan dira informazioa banatzera, eta Mirakruzeko eraikina babesteko kartelak jartzera. Bizilagunek balkoietan jartzeko zinta hori eta beltz batzuk ere banatu dituzte, eta jada ikusgai daude balkoi askotan. Sinadurak jasotzen ari dira kalean, oraingoz 800 inguru lortu dituzte.
Informazio eskasa
Harrituta daude jende askok Mirakruzeko kasua ez duelako ezagutzen:?«Babestuta dagoela uste dute, eta egia esan, hori da groseko bizilagun gehienok pentsatzen genuena. Guk azaldu diegu babestuta zegoela, baina udalak babestutako eraikinen zerrendatik kendu zuela». Zerrenda hori berrikusi izana kritikatu dute, eta zalantzan jarri dituzte Mirakruzeko eraikina zerrendatik ateratzeko irizpideak, ez baitituzte argi ikusten.
Eraikina auzoan erabat errotuta dagoela azpimarratu dute, eta denen ondarea den heinean, udalak ere defendatu beharko lukeela:?«Agintariek herritarron interesak defendatu behar dituzte, interes pribatuen gainetik. Ahal duten guztia egin beharko lukete geure ondarea babesteko». Etsita daude, baina bide judizialetik joko dute, eraisketa behin behinean gelditzea lortzeko. Donostia Kultur Hiriburu den urte honetan «adreilu kultura» inoiz baino indar handiagoa hartzen ari dela salatu dute, eta Eneko Goiaren legealdia Mirakruzeko eraikina suntsitu zeneko legealdia izango dela adierazi dute:?«Groseko espazio oso berezi bat desagertzera doa. Eraikin hau estilo neoklasikokoa da, eta aurrean Stinus lantegiaren eraikina dago, estilo berezia duena, baita estilo arrazionalista duen etxebizitza bat ere bai».
Mirakruzen kasua aztertzen ari den beste taldeak auzo ereduaren inguruko gogoeta egin du. Auzo ereduak kezkatzen du Aratz Estomba Groseko bizilaguna: «Planteamendu hau ez da bakarrik etxe honetan egin. Donostia osoan gertatzen ari da. Belartza, metroa bezalako azpiegitura … Hiri ereduarekin lotutako proiektuak dira denak. Gros Donostiaren erdialdean dago, eta erdigunean dagoenez, hiri ereduak bete-betean harrapatzen du. Etxebizitza botatzeak ekartzen du higiezinen espekulazioan sakontzea. Etxebizitzaren prezioa igotzea, eta azkenean Grosekoak garenak auzotik alde egitea, eta auzoa bera hustutzea, lotegi-auzoa bihurtzea».
Orain arteko bizilagun guztiak alokairuan bizi ziren. Orain luxuzko etxebizitzak egitea dago aurreikusita. Hasiera batean hotela egiteko proiektua ere mahai gainean izan zen. Estombak azaldu du Donostian eskaera handia omen dagoela luxuzko etxebizitzak erosteko:?«Mirakruzekoak etxebizitza sozialak ez dira izango, hori ziur. Grosen ez da etxebizitza gehiago behar. Ia 2.000 etxebizitza huts daude. Pisu pila bat daude hutsik, oporretan etortzen direnentzat. Eta hori espekulazioaren beste ariketa bat da».
Gros tailer txikiz betetako auzoa zenla gogora ekarri du Estombak:?«Ez zen langile auzo bat, baina horren urrun ere ez zegoen. Kontua da turistifikazioan sakondu, eta modernizatzen joan dela. Eta horrekin batera etxebizitzaren prezioa igo dela. Langileek ez dute prezio hori ordaintzeko gaitasuna, eta gehienek alde egin behar izan dute. Gentrifikazio prozesu bat da».
Udalak eraikinaren jabeari proiektuaren estetika aldatzeko eskatu zion, «estetikoki bortitzegia» zelakoan. Agresiboegia denean, udalak berak ere prozesua mozten duela esan du Estombak, baina ez dela geldituko ohartarazi du: «Jendearen erantzunagatik leundu nahi izan du proiektua. Kolpea gogorra izango da, baina hasierakoa askoz ere gogorragoa zen».
Saguesen hotel bat egiteko proiektua hor dagoela ohartarazi du Estombak: «Guztia dago lotuta Donostiarako duten planteamendu orokorrarekin. Gu aldaketen aurka ez gaude, etxe bat birmoldatu behar bada birmoldatuko da. Baina egia da auzoari bere izaera eta irudia mantentzen laguntzen diotela eraikin historikoek. Gainera udalak ezarri dezake jatorrizko eraikinaren itxura bera mantentzeko baldintza. Kontxan Frantsesaren etxe ezagunarekin hori gertatu zen, esaterako. Kasu honetan ez du baldintzarik jarri. Baina ez da berria. Hor ditugu Moneoko kuboak, Groseko azoka zaharrarekin gertatutakoa… Etxebizitza hori bere itxura mantenduta, etxe sozialak egiteko izango balitz, ongietorria. Baina ez da horrela. Uliako mintegietan ere gazteentzako etxebizitzak egiteko aitzakian, txoko hori desagertarazi nahi dute».
Udalak babestuta gertatzen ari den espekulazio operazio erraldoi baten barruan kokatzen du Mirakruzeko kasua, Donostiarako «batzuek aurreikusita duten hiri ereduarekin lotuta». Belartzako kasua. Garberaren zabaltzea, Sagueseko hotela, Donostiaren turismo eta hiri eredua. «Zer gertatutuko da? Hiriaren erdialdea ustuko da, bere benetako izaera ematen dion jendeak alde egin beharko du inguruko auzoetara. Eta Donostiatik kanpora ere bai, Añorgako kasua ikusi ondoren. Donostia geratuko da elite ahaldun batentzako hiri bezala, kontsumismoan eta turismo eredu oso basati batean oinarrituta».

