Aranzadi zientzia elkarteak Uliako mintegi zaharrek kultur berdegune izateko moduko balioa dutela berretsi du txosten batean. Jaurlaritzak, aitzitik, oniritzia eman dio hirigintza proiektuari.

Erabilera kolektiboaz gain, landaretza anitza, ur-biltegiak eta antzinako negutegiak dira berdegunearen balioa erakusten duten zantzu nagusiak Aranzadirentzat. (Argazkia: Marko Sierra)
Uliako mintegi zaharrak hizpide dira berriro. Uliako parkea esaten diote erabiltzaile eta herritar gehientsuenek, baina
lur eremu honek ez du oraindik parke izaerarik. Hiri barneko berdegune bat da, eta auzotarrak buru belarri dabiltza hirigintza proiektua gelditu eta parke izaera lortzeko.
Auzotarrek kudeatzen dituzte mintegiak,
Uliako Lore Baratzak egitasmoaren bitartez. Asko eta askotarikoak dira parkean egiten dituzten jarduerak. Eta jendartearen babes zabala ere lortu dute.
Herritarren presioak ez du orain arte udalaren asmoak aldatzerik lortu, ordea, eta
hirigintza proiektuak aurrera jarraitzen du. Apirilean mintegietan 70 apartamentu egitearen proiektuari behin behineko onarpena eman zitzaion. Eta orain,
Eusko Jaurlaritzak ere oniritzia eman dio proiektuari. Beraz, Uliako lorategietan etxebizitzak egiteko asmoak behin betiko onarpena izan dezake aurki.
Hori baino lehen, ordea, uliatarrek euren eskura dituzten baliabide guztiak erabili nahi dituzte. Arartekora jo dute, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere eztabaidatu dute gaia, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailari ere eskatu diote kultur ondare izenda dezatela eremua. Udalak bere horretan jarraitzen badu, auzitegietara jotzeko aukera ere ez dute baztertzen.
Uliako mintegien erabiltzaileek behin eta berriz aldarrikatzen duten balio hori, Aranzadi Zientzia Elkarteak berretsi du orain.
Kultur berdegunea
Uliako auzo elkarteak hala eskatuta,
Aranzadi Zientzia Elkarteak Uliako mintegien azterketa bat egin du, eta txosten bat osatu du bertan egindako ikerketekin.
Ategorrieta-Uliako natur eremu osoaren balio naturala, historikoa, kulturala eta paisaia balioa aztertu ditu. Eta eremu honek hiri osoko berdeguneen antolaketan izan dezakeen pisua ere aztertu dute.
Horretarako bost atal banatu dituzte: fauna, flora, balio-historiko eta kulturala, berdeguneen antolaketa eta erabilera.
Jasotako datu guztiak kontuan izanik,
balio garrantzitsu bat aitortzen dio Aranzadi Zientzia elkarteak Uliako berdeguneari. Parke izaera behar duela aitortzen du, badituelako horretarako baliabideak.
Euskal Herri osoan, esaterako,
hain metro koadro gutxitan hainbeste landare espezie daukan eremu bakarra da; 60 espezie baino gehiago sailkatu dituzte. Horietako asko, kanpotik ekarritako espezieak dira, hau da, berez hemen sortzen ez diren zuhaitz eta zuhaixka motak. Aranzadiko kideen arabera, horrek adierazten du, lorategi bat diseinatzeko helburuarekin landatu zituztela bertan.
Badira
150 urtetik gorako zuhaitzak. Ia 50 zentimetroko diametroa duen ezpela ere bai. 1909. urtean Ategorrieta etorbideko hesia jarri zutenean landatutakoa delakoan daude. Bananondoak ere badira.
Faunari dagokionez, bereziki aberatsa da Uliako parkea anfibioetan. Inguruko espezieak bizirauteko eta ugalketa katean etenik ez izateko, parkeak garrantzia handia duela uste dute.
Bestalde, lurretik begiz ikusten den hori hegaztien bitartez ere berretsi dute. Izan ere, Aranzadiren arabera,
hegaztiak oso adierazle onak izaten dira, bizitoki duten eremua definitzeko orduan. Kasu honetan, SEO-Donostia ari da hegaztien behaketa eta sailkapena egiten.

QR kodigoak jarri dituzte hainbat zuhaitzetan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Natur guneen kultura
Hiri eremuan egonik ere, Uliako berdegunearen garrantzia ere nabarmendu du Aranzadik. Auzo elkarteko kideak ere bat datoz honetan. Parkea Ulia-Ategorrietako berdegune bakarra dela aldarrikatzen dute, eta ez dute galdu nahi.
Hiriko gune berdeak “gero eta gutxiago eta gero eta homogeneoagoak” direla uste du Beatriz Barinaga paisaia teknikariak. Ez du ulertzen, Europako hainbat herrialdetan babesten duten eredua Ulian izanik, nolatan suntsitu nahi duten.
Uliako parkea, auzoko eta inguruko bizilagunentzako erreferentziazko gune bilakatu da. Asko dira haurrekin, edo haurrik gabe lorategietara joaten direnak. Naturaren kultura sustatu nahi dute, bertako baliabideak zaindu eta erabili, eta kultura eredu iraunkor hori utzi nahi dute ondorengoen ondare gisa. Eremu bat hartuta ere, hirigintza proiektu batek Uliako ondarea suntsituko lukeela uste dute bizilagun eta erabiltzaileek.
Aranzadik berak ere ohartarazi du horren inguruan. Hiri baratzeez harago, eta Uliako Lore Baratzak egitasmoaren garrantzia aitortuz, erabilera zabalago bat aitortzen dio eremuari.
Urak Ulian duen garrantzia ere aintzat hartuta,
uraren museo bat egiteko moduko lekua dela uste du Aranzadik, lorategi botaniko batekin batera. Hiriko ur eskaerari erantzuteko eraikitako Buskando eta Soroborda ur-biltegien garrantzia azpimarratu dute. Aranzadik dagoeneko aitortu zuen ur-biltegien garrantzia 2007. urtean egindako txostenean.
Uliako bi lursailek ematen die izena ur-biltegiei. Donostiako udalak 1870 eta 1890. urteetan erosi zituen bi lursailak ur-biltegiak egiteko.
Natur eremu honen aitortzak eta erabilera egokiak aukera asko eskaintzen dituela uste du Aranzadik. Natur eta ekologia turismoari begira, esaterako, ondoko herrialdeetako eredua aintzat hartuz.
Lehen ere, Miramar eta Aieteko parkeak, besteak beste, Paris eta Londresko ereduei jarraituz eginak direla uste dute. Barinagak berak ere hala uste du, eta Urgullek, Gipuzkoako plazak edo aurreko parkeek duten balio bera aitortzeko eskatu du Uliakoari.
Kultur berdegune bat izateko baliabide, aberastasun eta ezaugarri guztiak dituela uste du Aranzadik, eta hala aitortzeko eskatzen du bere txostenean.
Aranzadiren argudioekin udal gobernuak atzera egitea espero dute uliatarrek, eta baita zientzia elkarteak berak ere. Datorren astean elkartuko da Hiriko Planeamendu batzordea, eta bertan ere eztabaidatuko dute gaia.
Bestalde, datorren astelehenean,
ekainaren 20an, Aranzadiko kideek euren txostena aurkeztuko dute.
Koldo Mitxelenan egingo dute hitzaldia, 19:00etan.