17 milioi euroren truke salduko dute Illunbe
Zezen plazare erabilera salmentatik kanpo geratzen da.
Donostiako Udalak zehaztu ditu Illunbe saltzeko baldintzak. Jabetza nahi duenak gutxienez 17 milioi euro ordaindu beharko ditu eskudirutan. Hortaz gain, beste hiru baldintza ere bete beharko ditu.
Batetik, Illunbereko sarrera-irteerak egiteaz arduratu beharko du. Proiektu honek, 2,9 milioi euroko aurrekontua du.
Bestetik, ospitaleetarako saihesbidea egiteaz ere arduratu beharko luke jabe berriak. Proiektu hau ere zehaztua du udalak. Saihesbide berri bat egingo dute Illunbera Anoetatik ospitaleetara igotzen den errepidean. Proiektu honek 1,2 milioi euroko aurrekontua izango luke.
Eta azkenik, oinezkoentzako bideak ere egokitu beharko lituzke jabe berriak: igogailua, eskailera mekanikoak edota pasabidea zabalduz. Lan hauek 750.000 euroko kostua lukete.
Eskudirutan jarri beharreko gutxieneko diruaz gain, hiru proiektu hauek egitea txertatu dute Illunbe erosteko baldintzetan. Lote bakarra osatu dute, 40.000 metro koadro lituzkeen eremuarekin. Hortaz gain, gainazaleko aparkalekua ere eskainiko dute, baina kasu honetan, udalak ez du salduko, 75 urterako erabilera eskaini baizik.
Illunberen salmentatik kanpo geratzen da zezen plazaren kudeaketa eta erabilera. Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak azaldu duenez, oraindik ikusteke dago zein erabilera emango zaion eremu horri, “udal gobernuak zezenketen inguruko herri kontsulta egin eta emaitza errespetatzeko konpromisoa hartu baitzuen”.
Zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, dagoeneko badituzte Illunbe erosteko interesa erakutsi duten hainbat erosle, eta lehiaketara aurkeztea espero dute. Urria bukaeran edo azaroan aurreikusi du udalak lehiaketa publikoa egitea.