Ezkerretik eskuinera, Donostia Kriterium lan taldea:?Garikoitz Zabaleta, Mikel Leyun, Helen Benavides eta Aitor San Francisco. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Donostia Kriterium lasterketa bueltan da. Piñoi finkoko bizikleten zirkuitu ikusgarriak Sagues hartuko du hurrengo larunbatean, uztailaren 2an (21:30)
. IRUTXULOKO HITZAk txapelarekin jantziko ditu Donostia Kriteriumeko irabazleak.
Duela bi urte egin zuten lehen
Donostia Kriterium lasterketa. Sagues eta Gros piñoi finkoko bizikleta zaleen zirkuitu bihurtu zuten, Jose Migel Barandiaran pasealekua, Zurriola etorbidea eta Nafarroa hiribidean zehar ibili ziren parte hartzaileak. Nahiz eta arrakasta handia izan, iaz ezin izan zuten antolatu, baina aurten bai, eta irrikitan daude uztailaren 2a iristeko.
«Bertako zein kanpoko parte hartzaileak izan genituen lasterketan, eta ikusle asko erakarri zituen. Askok ustekabean aurkitu zuten», kontatu du Aitor San Franciscok (Buenavista, 1982). «Txirrindulariek esan zuten inoiz egin duten probarik onena izan zela. Normalean ez dute hiriaren erdialdean lehiatzeko aukerarik izaten. Hiriaren kanpoaldean izan ohi dira zirkuituak, eta ez da ia publikorik egoten», jarraitu du. Mikel Leyunen ustez (Zarautz, 1984) lasterketa ederra da, bai txirrindulariarentzat, baita ikusleentzako ere. Eta hori izan da lasterketa berriz egiteko arrazoi nagusia, «harribitxi bat da». Lehen kriteriumeko lehen donostiarrak, Haimar Lopezek esan zuena gogora ekarri du San Franciscok:?« Luxu bat zela Donostian horrelako proba bat izatea».
Harrera bikaina izan zuela berretsi du Donostia Kriteriumeko lan taldeak: «Jendeak oso oroitzapen onak ditu. Une oso ederra da, iluntzen hasten denean eta korrikalariak zirkuitua egiteko prestatzen hasten direnean», azaldu du Helen Benavidesek (Erdialdea, 1985).
Emakumeen parte hartzea
Aurten egin duten esfortzurik handiena emakumeen parte hartzea bultzatzea izan da. Gizonezkoentzako eta emakumeentzako proba bana egitea da euren asmoa. Oraindik, ordea, emakume gutxik eman dute izena, eta bi lasterketak aldi berean egin beharko dituztelakoan daude. «Madrilgo kriterium batean izan ginen, eta horrela egiten zuten», azaldu du Benavidesek. «Espero dugu hurrengo urtean emakume gehiagok parte hartzea. Uste baino zailagoa izaten ari da, gainera astebukaera berean kirol proba gehiago daude, eta askok huts egingo dute. Baina emakumeek ere parte har dezaketela erakutsiko dugu, polita izango da. Hurrengo urtean gehiago animatuko dira».
Emakumeen parte hartzea indartzeaz gain, kriteriumaren programa zabaldu dute. Maiatza bukaeran goldsprint proba bat egin zuten Dabadaban, musika eta lehia nahastuta. Eta kriteriumaren ondoren jinkana edo
alleycat moduko bat egingo dute. «Ikusle gehiago erakarri nahi genituen. Zaletasuna piztu nahi dugu, eta jendea animatu», adierazi du Garikoitz Zabaletak (Hernani, 1984). Edozein bizikletarekin parte hartu hal izango dute herritarrek:?«Artzain Onaren plazatik aterako gara, eta proba desberdinak gaindituko beharko dira. Kontua ez da bizikletan abilena nor den, baizik eta proba horiek nork asmatzen dituen azkarren. Ondo pasatzeko proba bat izango da», azaldu du Leyunek.
Honen guztiaren abiapuntua kriteriuma izan dela azpimarratu dute. Bizikleta zaleak ez ezik ikusle herritar guztiak animatu dituzte proba ikustera:?«Lasterketa bat da, baina zirkuitu itxi bat da, eta ikuslearentzat askoz errazagoa da proba jarraitzea. Klasikoa edo Donostia-Baiona lasterketa hemendik pasatzen dira, eta pixkat animatzen duzu. Baina hemen lasterketa osorik ikus dezakezu, hasi eta buka», nabarmendu du Benavidesek.
Abiadura eta adrenalina
Guztira 24 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek, 1,2 kilometroko bueltak egingo dituzte: “Erorikoak egoten dira. Abiadura sentitzen dute ikusleek. ‘Nola hartu ditzakete bihurguneak abiadura horretan?, galdetzen dute. Adrenalina izugarria da. 40 minutu inguru ditu ikusleak lasterketaren adrenalina guztia bizitzeko”, azaldu du Zabaletak.
Antolatzaileak kriteriumerako egunak kontatzen ari dira:?«Oso gogotsu gaude. Ez gara profesionalak, eta detaile asko zaindu behar dira lasterketa egunean dena ondo joateko. Pieza asko dira, eta ezin da hutsik egin».
Helen Benavidesek kanpotik bizi zuen duela bi urteko kriteriuma. Lasterketa bera izugarri gustatzen zaiola esan du, eta horixe izan du proba antolatzeko motibaziorik handiena:?«Bizikleta hirian zehar mugitzeko erabiltzen dut, ez naiz kirolaria, baina hunkitu egiten nau. Gainera pena handia maten zidan proba desagertzea»
Gero eta zale gehiago
Iaz proban parte hartu zuen Leyunek. Piñoi finkoko bizikletak sustatu eta komunitatea sortu nahi du, kriteriuma zirkuitu indartsu bihurtu arte. Zabaletak ere parte hartu zuen lehen kriteriumean: «Hernanin lasterketa bat antolatzen saiatu nintzen, baina bakar-bakarrik geratu nintzen. Inbidia asko eman zidan Donostiakoak, izugarri ondo pasa nuelako. Pixkanaka, elkartu, taldea osatu eta hau dena abiada hartzen hasi da, eta asko poztu naiz. San Francisco lehen kriteriumeko antolatzaileetako bat izan zen: « Lan izugarria izan zen, baina horren ondo atera zen, sentitu nuela ezin zela galdu. Aurten lasaiago nagoela esango nuke».
Hemengo korrikalarien presentzia nabarmendu dute: «Belodromoan entrenatzen duten jende asko animatzen ari da piñoi finkoko bizikletak erabiltzera. Probatzen hasten dira, eta gustatzen zaie», azaldu du Zabaletak. Eta gero eta zale gehiago daudela uste du Benavidesek: «Gaztetxo asko ikusten ari gara kalean piñoi finkoko bizikleten gainean. Zirkuitu asko sortzen ari dira, eta modalitate hau gero eta indar handiagoa hartzen ari da».
«Ikusten baduzu, harrapatuko zaitu», diote antolatzaileek. «Ikuskizun oso berezia da, oso ikusgarria. Abiadura ikusi eta nabaritu egiten da. Adrenalina hutsa da. Telebistan txirrindularitza proba bat ikusten duzunean ez dirudi horren azkar doazenik. Kriterium batean bai. Oso laburra da, baina oso intensoa».
Gomendio bat ere eman dute antolatzaileek: “Proba ikusteko lekurik onena Sagueseko berdegunea da”.