Matematikaria da Ainhoa Iñiguez; bere doktore-tesia egitera Oxfordeko unibertsitatera joan zen, arraunketaren biomekanika lantzeko; TKE ligan lanean igaroko du uda, estropadaz estropada.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Ainhoa Iñiguez; matematikaria, arraunlari ohia eta TKE-ko kidea.
Arrauna du zaletasun nagusia Ainhoa Iñiguezek (Egia, 1985). Duela bost urte arraun egiteari utzi behar izan zion, arazo fisikoengatik; hala ere, kirolarekin harreman estuan jarraitzen du, ikerkuntzan eta alderdi teknikoan. Hainbat saltsatan sartua dago, guztiak ere matematikarekin edo arraunarekin lotutakoak, eta sakon hitz egin du, guztietaz.
Gaztetan hasi zinen arraunean…
Bai, Barandiaran Lizeora joan nintzen ikastera, eta bertako lagun bat arraunean ibiltzen zen. Arraun Lagunaken izan nuen lehen esperientzia, 14 urterekin, eta segituan harrapatu ninduen kirol horrek. Gero, seniorretan, Hondarribian ibili nintzen, aulki mugikorrean eta traineruan. Garai hura emakumeen traineruen hasiera zen, ligak sortu aurretik; Txingudiko II. Banderan parte hartu nuen, eta lurraldeko selekzioak egin zituztenean ere ibili nintzen. Lehenengo Kontxako Bandera oso gogoan dut, egin zuen eguraldiagatik. Edonola, nik arrauna, gehienbat, aulki mugikorrean egin dut. Egia da, traineruak kulturalki duen indarra erakargarria dela, baina nik arraunean gehiago gozatzen nuen aulki mugikorrean.
Momentu batean, lesioak tarteko, arrauna utzi behar izan nuen. Gerora, Ingalaterran nengoela, saiakeraren bat egin nuen unibertsitatean arraunean jarraitzeko, baina ezinezkoa izan zen, bizkarreko eta belauneko lesioak nituen. Duela bost urte erabaki behar izan nuen uztea.
Ingalaterrara joan zinen Matematika ikasketak bukatzean, eta arraunaren inguruan ikertzeari ekin zenion, biomekanikaren bidez, ezta?
Bai. Leioan ikasi nuen Matematika. Betidanik irakaskuntzan interesa nuen, baina unibertsitate mailan, eta horretarako tesia egin behar nuen. Lan bat egiten ari nintzen bosgarren mailan eta Ingalaterrara joateko aukera izan nuen tesia egitera.
Arraunlari gisa betidanik izan dut interesa gehiago ulertzeko, fisiologia eta teknika aldetik. Horregatik aukeratu nuen biomekanika; matematikatikaren bidetik jo nezakeelako, eta arraunean esperientzia nuelako. Horretaz gain, interesa nuen arraunketa perfektuan, eta zer den benetan txalupa azkar mugituko duena.
Hori zela eta, Ingalaterran egonda, arraunaren munduan sakontzeko aukera izan nuen. Adituekin harremanetan jartzen hasi nintzen, eta Zeelanda Berritik aukera eman zidaten hara joateko. Australian, ikertzen aritu nintzen, buru-belarri, tesia alde batera utzita. Biomekanika sistemak ez nituen ezagutzen eta han erakutsi zizkidaten nazioarteko sistemak, eta haiek egiten zituen enpresarekin harremanetan jarri ninduten: Peach Innocations.
Hilabete batzuetan, arraunlariekin lanean aritu nintzen, eta, ondoren, aukera eduki nuen enpresa hartan lan egiteko, Ingalaterran. Urtebete egin nuen beraientzat lanean. Asko gozatu dut, eta niretzako familia baten modukoa izan da. Duela gutxi, Banyolesen [Herrialde Katalanak] egon naiz, Espainiako selekzioko arraunlariekin. Sistema erabili dute, eta hobetzeko dituzten aukeren berri eman diegu. Irailean ere aukera izango dut Ingalaterrako selekzioarekin aste batzuk igarotzeko.
Sistema aipatzen duzuenean, zertaz ari zara zehazki?
Aulki mugikorrerako diseinatutako neurgailu bat da. Txardangoan edo txumazeran jartzen da, toleterako ez du balio. Ontziari kentzen dizkiogu berezko txardangoak, eta sentsoreak dituen beste bat jartzen dizkiogu, kable batzuekin. Horrek neurtzen du txaluparen abiadura, arraun bakoitzaren indarra eta abiadura, zenbat galtzen duen arraunak iristen den puntutik uretan sartu arte… asko azpimarratzen dugu bereziki txalupak abiadura noiz irabazten duen. Informazio asko ematen digu, aldagai pila bat daude, eta egia da ez dela itsutu behar. Entrenatzailearentzat gehigarri bat da, hobekuntza puntu horiek ikusi ahal izateko.
Zein aldaketa proposatzen dizkiezu?
Adibidez, arraunlaria txalupan aurrerago edo atzerago jar dezakezu, eta horren arabera arraunlariak gaitasun batzuk ditu arrauna sartzerakoan, duen angeluaren arabera. Arrauna ez badago angelu egokitan, zailtasun gehiago izan dezake arraunlariak indarra egiteko, eta, gainera, ez diozu etekin handiena aterako. Orduan, badaude azterketa batzuk eginda, diotenak arraunlari batek angelu zehatz batzuetan etekin handiagoa izango duela. Egun batetik bestera ez da erraza izaten arraunlariarentzat egokitzea, baina prest egotea oso garrantzitsua da.
Ikasturte honetan Bilbon ibili zara irakasle lanetan, ezta?
Bost urte eman ditut tesiarekin, eta idazten hasteko momentua iritsi zen; baina Bilboko ingeniaritzako fakultatean ordezkapen bat egiteko aukera izan nuen, eta hartzea erabaki nuen. Ikerketan baino gehiago gozatzen dut irakasle gisa, eta ez nuen bat ere gogorik tesiarekin bakarrik aritzeko. Tesia jada bukatu dut, baina defendatzea falta zait.
Matematikaren Txokoa ere sortu duzu Donostia 2016 proiekturako, beste lagun batzuekin batera.
Bai, urte bukaeran bururatu zitzaigun dibulgaziorako proiektu bat aurkeztea Donostia 2016n. Diru-laguntza bat eman ziguten, 20.000 eurokoa, eta urte guztirako proiektu handi bat daukagu. Matematika eta zientzia beste era batera hurbildu nahi ditugu jendearengana. Astelehenean hasi genuen bi asteko lehen ikastaroa, Bilbon; gero, Donostian egongo gara, beste bi astez. Gaztetxoentzako tailerrak, artearekin lotutakoak… urrian izango ditugu ikastaro asko, zine zientifikoa, bertsolaritza eta matematika, argazkilaritza eta matematika, literatura eta matematika… matematika leku askotan dagoela erakutsi nahi dugu, ez direla ekuazioak bakarrik.
Udaran, beste lan batean hasi zara; gizonezkoen TKE ligako batzorde teknikoan.
Bai. Batzorde teknikoan bi lagun egon dira hasieratik, Eugenio Fernandez eta Patxi. Patxik utzi egin behar izan zuen, lan kontuengatik; eta Eugeniok, bere mometuan nire entrenatzailea izan zenak, pentsatu zuen pertsona egokia izan nintekeela hutsunea betetzeko. Harrituta geratu nintzen, baina aukera ona zela ikusi nuen, hemen traineruek duten garrantzia ikusita. Gainera, azterketa biomekanikoetatik zerbait ekar dezaket traineruetara. Askoz zailagoa da, itsasoa dago tarteko… baina uste dut badaudela lantzeko kontu asko. Garai batean patroiak agintzen zuen, gero entrenatzailearen figura sortu zen, eta orain beste pertsona bat dago entrenamenduak prestatzeko. Denborarekin beste arlo hori ere landuko dutela uste dut.
Zein da batzordearen lana?
Batzorde teknikoak egin behar duena da erabaki eremu bakoitzean estropada berdintasunean jokatzeko baldintza guztiak betetzen direla. Adibidez, estropada eremu berri bat proposatzen dutenean, joan den asteburuan Sevillan, adibidez, hara joan behar gara, aurretik, ea posible den ikustera. Lau kaletara jokatu daitekeen, sakonera neurtu, traineruak jaisteko lekua dagoen, materiala non utziko duten, korronteak asko baldintzatzen duen kaleen arteko aldea… estropada aurretik balizadoreek jarritako eremua aztertzen dut, ongi neurtua dagoela ziurtatu behar dut, eta egin daitekeela. Gertatzen bada, eguraldiagatik ezin dela jokatu, edo baliza bat mugitu dela eta ezin dela konpondu, guk erabakiko dugu ea estropada beste modu batera jokatuko duten edo bertan behera utzi behar den. Gu ez gara epaileak, estropadan bi traineruren artean zerbait gertatzen bada edo denadelakoa, hori ez da gure kontua.
Noiz hasten da orduan zuentzat estropada?
Estropada guztietara hiru ordu lehenago joan behar izaten gara. Eugeniok egiten ditu bilerak delegatuekin, eta nik uretatik baiezkoa ematen diodanean, kaleen zozketak egiten dituzte. Aurten toki berri bakarra Sevilla izango da, beraz, ez dago eguna baino lehenaztertu beharko dugun beste eremurik.
Lehenengo estropada jokatu zuten jada. Zer moduz?
Nahiko lasai egon nintzen, bagenekielako alde teknikotik Sevillan ez zela zailtasunik egongo. Gogoa nuen traineruak nola ibiliko ziren ikusteko, eta urduritasuna agian bai, lehenengoa zelako, eta prozesu hori guztia barrutik ez nuelako bizi aurretik. Edonola, urte guztia daramagu lanean, asanbladaren kontuarekin. Orain udara guztia gelditu gabe igaroko dugu astebururo.
Uda arraunlari artean igaroko duzu orduan.
Cambridge-era ere joango naiz. Azken bi urtean nazioarteko ikastaro batzuk eman ditut udan, eta aurten ere eskaini didate, lau astez. Beraz, igandetan hegaldia hartuko dut Ingalaterrara joateko, eta ostiraletan itzuliko naiz. Gerora, TKE ligakoaz gain, arraunarekin lotura duen zerbaitetan jarraitzea gustatuko litzaidake.
Nola ikusten duzu orokorrean TKE liga?
Interesa nuen liga hasteko, baina negukoarekin ondorioak ateratzea zaila izaten da. Hondarribiak bi traineru indartsu izanda, aldaketa asko eginda ere, maila on bera emateko aukera du, eta horrek emango dio indarra. Urdaibai ere indartsu ageri zen, eta Kaikurekin zegoen zalantza gehiago, aldaketengatik. Cabo izaten da ezustekoa, eta interesarekin nengoen ea Sevillan nola ibiliko zen. Ikusiko dugu, oraindik lehenengo estropada bakarrik jokatu dute, eta itsasoan gauzak asko aldatzen dira. Hirugarren astean agian gauzak argiago ikusiko ditugu.
Eta emakumeak?
Hibaika eta Koxtape goian ibili dira azken urteetan, baina joan den asteburuan, ikusi zen Oriok ere puntu bat gora egin duela. Hori bakarrik ez, besteak ere goraka datoz. Goian aipatutakoak daude, lehenago sortu zirelako. Emakumeen kirola goraka doa, eta bide onetik doala iruditzen zait. Uste dut, hala ere, alde handia dagoela oraindik lehenengo ontzitik bederatzigarrenera, eta ez dakit onik egingo lukeen Euskotren Ligan zortzi traineru sartzeak. Agian, oraindik pixka bat behartu behar da gora iristeko beharra. Orain dagoen borroka polita da, batek hobetzen duenean, bestea bultzatzen du; aurten interesgarria da nork lortuko duen laugarren postu hori.