Groseko taberna askotan pintxo potearen kultura errotuta dago erabat, baina batzuk ez dute horren aldeko apustua egin. Tabernari zein bizilagunekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, euren iritziak biltzeko asmoz.
Katalunia plazako terraza bat, beteta. (Argazkia: L.Ferreira)
Hiriko zenbait auzotan pintxo potea egiten duten arren, Grosekoa beti izan da jendetsuenetako bat. Pintxoa jan eta edateaz gain, lagun eta senideekin elkartzeko aukera ezinhobea bilakatu da.
Diana Osoriok Zabaleta kaleko Diz taberna hartu zuen duela hamabost hilabete: «Aurreko jabeak pintxo potea egiten zuen, eta nik ohiturarekin jarraitu nuen. Bezeroek beraiek eskatzen dizute, eta baliagarria da hemen ditugun produktuak ezagutarazteko».
Erakuslehio bat
Horregatik, aste batetik bestera pintxoak aldatzen dituzte, jakien aniztasunaren erakuslehio bat izango balitz bezala. Hori bai, «asko eskatzen direnak ez ditugu aldatzen: kroketak, paella eta haragi bolak.
Txofre kaleko El Txoko de Ramiro tabernako Ramiro Muñozi zaila egin zitzaion erabaki bat hartzea: «Nire ohiko bezeroek ez zuten pintxo potearen ohiturarik, eta zer egin pentsatzen ibili nintzen denbora askoan. Azkenean, erabaki genuen jartzea, ostegun arratsaldeetan oso lan gutxi zegoelako».
Muñozek dioenez, pintxo poteari esker, publiko berriarengana iritsi da: «Azkenean, apustua egiteak merezi izan du, eta jende berria erakarri dugu. Gainera, pintxoekin hasten dira batzuk, eta afaltzen geratzen dira».
Galtzada Nagusiko Viura II tabernak bi urte eta erdi daramatza pintxo potea egiten. «Inguruko taberna gehienek egiten zutenez, guk ere egitea erabaki genuen, joeraren kontra ez ibiltzeko. Publizitatea lortzen duzu horrela, eta ostegunetan datozenak astean zehar errepikatzen dute. Irabaziak neguan jaisten dira, baina udan errentagarria da», esan du Marco Vallejok.
Nahiz eta Gros erdialdean ez egon, Ategorrieta hiribideko Max taberna hasieratik izan da pintxo potearen aldekoa. «Nire bezeroei festa egun bat eskaintzeko modua da, baita produktuak promozionatzeko eta gure sukaldea ezagutarazteko ere. Ostegun askotan, betiko bezeroei momentuan bertan zerbait berezia prestatzen diet: tostak, kazolatxoak, txuleta pintxoak… Dena 2 euroren truke, noski. Egunean bertan, beharbada, ez dago irabazirik, baina epe ertainean ondorioak baikorrak dira», adierazi du Jose Garciak.
Esfortzu handia
Zabaleta kaleko El Doble tabernak, berriz, ez du pintxo potearen alde egin: «Eskatzen duen lan guztirako, ez zait errentagarria iruditzen. Pentsa: pintxoak, gutxienez, 30 zentimo balio ditzake; edariak, beste 40-50 zentimo inguru. Horri gehitzen badiozu langilearen lana eta baxera, 1,30-1,40 euro gastatu behar dituzu, guztira, bi euroko eskaintza bat egiteko. Beraz, zenbat pintxo pote egin behar dira zerbait irabazteko? Niri ez dit merezi», adierazi du Ibai Señoranek.
Casa de Galicia tabernako Jon Guillenea bat dator El Doble tabernako Señoranekin: «Egitekotan, kalitatezko produktuak eskainiko genituzke, eta horrek lan handia eskatzen du. Gainera, gure taberna handia da, eta langile asko kontratatu beharko genituzke».
Pintxo potea egiten duten taberna batzuk ditu inguruan; baina, Guillenearen arabera, horrek ez die kalterik egin: «Jende asko nazkatuta etortzen da gurera, toki lasai baten bila».
Artetxe Jeneralaren kaleko Pagadi tabernan ere pintxo poteari uko egitea erabaki zuten hasieratik. «Ez dator nire filosofiarekin bat; eguneroko bezeroak zaintzea nahiago dut. Ez dut uste ostegunekoak beste egunetan etorriko liratekeenik. Gainera, ondoko tabernekin ez egitea adostu genuen», azaldu du Igor Torrek.
Mugimenduaren isla
Auzoko bizilagunek ere zeresana dute gai honen bueltan. Izan ere, beraiek dira ostegunero pintxo potearen alde onak eta txarrak bizi behar dituztenak.
Amaia Rivera bi urte daramatza San Frantzisko kalean bizitzen: «Grosera etorri ginenerako pintxo potea oso errotuta zegoen, eta niri ez dit gehiegi molestatzen. Egia da autoa aparkatzeko ez dela oso erosoa. Jendeak dena okupatzen du, autoen gainean eseritzen da… Baina, bueno, gazteentzako plan bikaina iruditzen zait».
Kale berean bizi da Aitor Karrera, Ipotx tabernaren gainean. Bertan, jende andana biltzen da ostegunero: «Niri ez dit molestatzen, gustuko dut auzoan mugimendua egotea; arratsalde partean denez, ez dut zarata handirik nabaritzen. Asko jota molestatzen didana da atarian eseritzen direnek uzten duten zaborra. Baina giroa sortu eta ondoko komertzioak laguntzeko modu bat da».