Prozesu parte hartzaile bat egin nahi dute "osasuna lehenesten duen" akordio sozial eta politikoa lortzeko.
GuraSOSek gaur aurkeztuko du ekimen juridikoa: (Argazkia: Malen Aldalur)
Zubietan egitekoak diren erraustegiak umeengan izango duen eraginengatik kezkatutako guraso taldea da GuraSOS. Duela bi hilabete inguru sortu ziren eta dagoeneko
hainbat ekimen egin dituzte.
Azkena, Gipuzkoako Foru Aldundian ekinbide juridiko bat aurkeztea izan da.
Astearte goizean aurkeztu dute ekimena eta helburua, hondakinen kudeaketaren inguruan prozesu parte hartzaile bat zabaltzea da,
erraustegia egiteko erabakia “ezbaian” jartzeko.
Azaldu dutenez, parte hartze prozesu horren bitartez
“gizartea informatu, eztabaida sakonak bultzatu eta adostasunak lortu” nahi dituzte. “Kezka natural eta bakar batek” batzen ditu GuraSOSeko kideak: “Inork ondoan nahi ez duen azpiegitura batek gure seme-alaben osasunarengan izan dezakeen eraginak”.
Salatu dute gaia erabat politizatua dagoela eta “gatazka” batean bihurtu dela: “Gaia despolitizatu, gizarteratu eta guztiok batera osasunaren aldeko adostasunetara iristea nahi dugu”.
Ekinbide juridikoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen Kudeaketarako Plan Integrala onartu baino lehen parte hartze prozesua bultzatuko zuela, nahiz eta, Zubietako erraustegia prozesu horretatik kanpo uzten zuen. GuraSOSek uste du hiri-hondakin solidoen gainean abian jarri nahi den edozein parte hartze prozesutan erraustegia eraikitzeko edo ez eraikitzeko erabakia “baztertzen” badute, ez diotela “gipuzkoarrak eskatzen ari direnari” erantzuten.
Dena den,
GuraSOS Elkarteak azaldu du badirela lege eta araudi bideak euren helburua lortzeko: “Gizarte moderno eta demokratikoan ezin zaio gizarteari gai publikotan zuzenean parte hartzeko aukera ukatu”.
Horregatik, herritarren parte hartzeari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 legea hartuko dute oinarri gisa. Lege hori aplikatzeko bi modu ezberdin daudela aipatu dute: bata, oraindik hartu gabe dagoen politika publiko bati buruzko erabakiari badagokio, eta bestea, politika publikoari buruzko erabakia jada hartu bada. Hau da, gaur egun 2002-2016
Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko plan orokorra dago martxan, baina kontuan izanda erraustegia gauzatu gabe iraunaldia amaitu dela GuraSOSeko kideek ez dakite zer gerta daitekeen plan horrekin. Dena dela, bi aukeretan parte hartze prozesua posible dela azaldu dute.
Parte hartze prozesua
GuraSOSek deliberazio prozesuak honako ezaugarriak eduki beharko lituzkeela uste du:
“Akordio sozial eta politikoak bilatzea, eztabaida lasaia, heldua, sakona, grinik gabea eta produktiboa izatea eta laguntzeko eta ordezkari politikoei lana errazteko gai izatea”.
Azaldu dute “konfiantza osoa” dutela aldundiko arduradunengan eta “ziur” daudela euren eskaera onartua izango dela.