Dandai elkarteak mende erdia bete du; 1966ko urtarrilean egokitu zen Egiako Tejeria kalean, eta auzoko zein hiriko emakumezkoen ahalduntzean eragin du, gai anitzetako tailer, ikastaro eta hitzaldien bidez.
Dandai elkarteko Pilar Romea, Lourdes Otxoa, Paqui Novas eta Conchi Gonzalez. (Argazkia: E. Zabala)
Bada emakumeen elkarte bat Egiako Tejeria kalean: Dandai. «Balantzaka dabilen haur bat da dandai, oinez kostata aritzen dena», azaldu dute elkarteko kideek. Egiako Tejeria kalean du egoitza Dandaik, duela 50 urtetik, eta urteurrena aitzakiatzat hartuta, bertan izan da IRUTXULOKO HITZA, Pilar Romea, Lourdes Otxoa, Conchi Gonzalez Arrieta eta Paqui Novasekin. Guztiek argi dute, elkartearen hasieratik emakumeak ahalduntzea izan dela helburua; eta gaur egun ere ikasten jarraitzen dute elkarteko 70 kideek, ondo pasatzen duten bitartean. Gehienak Egiakoak dira, baina Donostiako auzo gehiagotako emakumeak ere badaude.
Zehazki, Kutxak sortu zuen elkartea, Centro de Formacion Familiar y Social izenarekin. «Kanpoko jende asko etorri zen Donostiako lantegietara lanera, tartean bazeuden irakurtzen eta idazten ez zekiten emakumeak, eta ez ziren etxetik ateratzen, euren herrietan gaizki ikusia zegoelako. Kutxak orduan bazuen gizarte zerbitzua, eta heziketa beharra ikusi zuen emakume haiengan», dio Romeak. Gogoan du Romeak hasiera hartan «putetxea» deitzen ziotela elkarteari: «Emakumeak bakarrik ikusten zituzten sartzen eta ateratzen, eta musika entzuten zuten, eta hori ez zegoen ongi ikusia. Beraz, hilabetean behin gizonak gonbidatzen zituzten, ikusteko ez zutela ezer txarrik egiten, eta afari-merienda bat egin zuten».
Denetariko ikastaroak ematen zituzten orduan, andreei erramintak emanaz egunerokorako. «Emakume haiek sentsibilizatzeko modu bat izan zen, falta zitzaienaz konturatu zitezen. Askok horrela lortu zuten ikasketa ziurtagiria», dio Gonzalez Arrietak. «Sexualitate eskolak ere egon ziren. Garai hartan seme-alaba asko izaten ziren, eta jaiotze-kontrol gisa edo», gehitu du Otxoak. Gogoan dute orduko Zorroagako unibertsitatetik psikologia eta filosofia ikasleak jaisten zirela, eskolak emateko; eta Asun izeneko emakume bat haurrak zaintzeaz arduratzen zela.
Bide berria, indartsu
Kutxak erabaki zuen elkartea ixtea, 2000. urtearen bueltan. «Bi urtez okupa gisa egon ginen egoitzan, jarraitzearen beharra ikusten genuelako. Kudeaketa nola egin asmatu genuen, eta berriro ere indarra hartu zuen elkarteak. Orduan jarri genion Dandai izena», azaldu du Romeak. «Uda oso bat lanean igaro genuen, Kutxaren diru-laguntza bat lortu genuen, eta aurrera egitea erabaki genuen. Kuota bat jarri genuen bazkideentzat, elkarteak bizirauteko, eta irakasleei ordaintzen diegu diru-laguntza batzuen bidez», azaldu du Otxoak.
Orain, ikasturtean barrena, arratsaldetan egiten dituzte tailerrak, 16:30etik aurrera: literatura, euskara ikastaroa Bagera elkartearekin, gimnasia, pilates; tai jia, pintura, joskintza… Pinturakoek, adibidez, urtero erakusketa bat jartzen dute auzoko kultur etxean, egindako lanekin.
Duela gutxi egin dituzten ikastaroen artean, amonen tailerra eta irrati tailerra daude. «Amonen tailerrean, Conchi Lopezekin, ikasi genuen seme-alabei ezetz esaten kontu askotan. Uztaila iritsi eta bilobak aiton-amonekin egoten dira, eta ez zara ezetz esatera ausartzen, euren egoera ikusita…», azaldu du Otxoak. Gainera, tailerrak balio izan zien konturatzeko beste hainbat gauza egiteko gai direla, eta oso pozik daude. Casares irratian ere aritu dira irratsaio pare bat egiten; «oso ondo pasa genuen», diote. Gainera, hiriko beste elkarte batzuekin elkarlan puntualak egiten dituzte, eta noizbehinka adituen hitzaldiak ere jasotzen dituzte. «Zorte handia dugu, beti oso irakasle onak izan ditugulako», dio Romeak.
Azpimarratu dute alargun geratutako emakume asko joaten direla elkartera, aurretik euren gizonik gabe ezer egin ez dutenak. Hasieran kosta egiten zaien arren, joskintza tailerrari esker, esaterako, buelta ematen diote euren buruari, euren egoera beretik igaro diren andreekin egon ostean. «Maitasuna topatzen dute, eta gustura egoten dira», azaldu du Romeak.
Azpimarratu dute Itziar Igartuak asko laguntzen diela ahalduntzearen eta berdintasunaren kontuarekin. Elkarteko zuzendaria izan zen, eta, orain, bazkidea da. «Beti ari gara halako kontuak lantzen, gauza pila bat egin ditugu, eta denak gugan konfiantza eta segurtasuna eman digu», dio Romeak.
Orain, 50. urteurrenerako, zerbait polita eta desberdina egin nahi dute, baina udako oporraldiaren ostean erabakiko dute. Elkartearen berri izan nahi dutenek, badituzte bi bide; batetik, euren bloga, Dandaiemakumeak.blogspot.com, eta, bestetik,
asocdandai@gmail.com posta elektronikoa.