Maddi Lujanbio eta Alos Egaña DJ Miauko kideak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Maddi Lujanbiok (Amara Berri, 1990) eta Alos Egañak (Amara, 1990) osatzen dute DJ Miau. Orain dela gutxi hasi dira DJen munduan, baina ikasteko gogoz eta gustura daude.
Nondik sortzen da DJ Miau?
Alos Egaña (A. E): Inauterietan Donostiako Piratek DJ bat jarri nahi zuten tabernaren batean, eta Maddi eta bioi komentatu ziguten ea musika jartzera animatuko ote ginen. Baietz esan genien.
Maddi Lujanbio (M. L): Azkenean ezin izan genuen tabernarik lortu, eta karro bat hartu, eta kalean jarri genuen musika. Egun horretarako kantu mordo bat deskargatu genituen, eta hor hasi zen guztia. Animatu egin ginen, eta geure buruari DJ izena jarri genion.
DJ Miau izena, hain zuzen ere.
M.J: Egia esan, kasualitatez geratu zitzaion izen hori. San Tomas gauean parrandan Homer Simpsonen eszena bat imitatzen ibili nintzen, eta horregatik erabaki genuen DJ Miau izena jartzea.
Katuz mozorrotuta joaten zarete emanaldietara.
A.E: Bai. Izena erabaki eta gutxira izan ziren inauteriak. Mozorro bila joan ginen lagunekin, eta katuen bi maskara ikusi genituen. Inauterietan katuz mozorrotzea erabaki genuen, eta geroztik maskara horiek erabiltzen ditugu.
Non egin zenuten lehenengo emanaldia?
M.J: Inauterietan musika jarri eta gero, Eskifaikada ondorengo festan izan ginen; baina hori entrenamendu moduko bat izan zen. Ofizialki lehenengo aldiz Zarautzeko Putzuzulo gaztetxean jo genuen. Kristorena izan zen, kuadrilla osoa etorri zen gu ikustera, eta oso oso ondo pasatu genuen.
A.E: Zarautzeko lagun bati askotan esan nion DJ gisa hasi ginela, eta han jo nahi genuela; horrela jo genuen Dantza nazazu udaberria egunean, apirilaren 30ean.
Nola prestatu zenuten lehen emanaldi hori?
A.E: Aurrez kantu asko genituen deskargatuta, eta gero laguntza eskatu genion lagun DJ bati.
M.J: Berak eman zizkigun hanka ez sartzeko behar genituen gutxieneko aholkuak. Musika nahasteko programa bat deskargatu genuen, eta pixkanaka ari gara ikasten.
Gero Bartzelonara ere joan zineten.
M. J: Aurretik Beasainen egon ginen. eta Aurresku Tabernan ere jarri dugu musika pare bat aldiz.
A.E: Bartzelonara ni bakarrik joan nintzen. Kuadrillako bat han bizi da, eta hango asanblada feminista bat DJ bila zebilela eta, musika guk jartzea proposatu zigun. Egia esan kristorena izan zen. Zentro okupatu batean egon ginen. Bakarrik joan nintzen, baina Irati Saltsamendi, Bartzelonan bizi den lagunak lagundu zidan. Altura moduko batean geunden, eta sekulakoa izan zen jende guzti hori azpian dantzan ikustea.
Zein motatako musika jartzen duzue?
A.E: Musika dantzagarria jartzen dugu; gu egoten garen tabernetan behintzat normalean jartzen ez duten moduko musika, esaterako, cumbia. Geuk nahi dugun musika jartzea gustatzen zaigu; helburua, denok ahalik eta ondoen pasatzea eta festaz gozatzea da.
M.J: Gainera, jartzen ditugun abesti gehienak emakumeenak izaten dira. Kontzienteki egiten dugun hautua da, eta gure saioetan handia da emakumeen presentzia. Bestalde, saiatzen gara euskarazkoak ere jartzen, baina hori gehiago ari zaigu kostatzen.
Denak dantzan jartzen dituzue orduan?
A.E: Ahalegintzen gara. Guk dantza asko egiten dugu, eta sarri jaisten gara publikoarekin dantzatzera, horrek lagunduko duela pentsatzen dut.
M.J: Jendeak nahi duen musika eska dezake, Internet baldin badaukagu, beti jartzen dugu, eta deskargatua badaukagu ere bai. Gainera, beti jaisten dugu musika berria emanaldi bakoitzerako, eta horrela, gure errepertorioa handitzen dugu.
Hasiberriak zarete baina ziur baduzuela bitxikeriarik kontatzeko.
A.E: Emanaldi bakoitzeko ardo botila bat erosten dugu. Baina kontuz, ez edozein ardo botila! Katu izenarekin zerikusia duena izan behar du. Hemengo emanaldietan Gato Negro erosten dugu. Bartzelonan ez zegoen halakorik eta Cojon de gato izeneko bat erosi genuen.
M.J: Beste bitxikeria bat izan daiteke, esaterako, Zarautzeko Putzuzulo Gaztetxean jo genuenen auto ofizialean joan ginela. Lagun bat etorri zitzaigun autoan DJ Miau idatzita zuela gure bila, eta berak eraman gintuen. Ilusio handia egin zigun.
Zein dira zuen ustez giro ona sortzeko osagaiak?
M.J: Kuadrilla eta lagunak niretzat ezinbestekoak dira. Gero, nik uste musika dantzagarriak ere laguntzen duela. Gainera, lehen aipatu bezala, dantza asko egiten dugu, eta horrek beti laguntzen du giroa alaitzen. Hala ere, berriro diot lagunik gabe ez litzateke berdina izango. Denok gara DJ Miau.
A.E: Publikoarekin hartu eman handia izaten dugu, ardoa ere ematen diegu edateko. Gu egoten gara ordenagailuaren atzean, baina denak dira festaren parte.
Publikoaren aurrean jartzea inoiz ez da erraza izaten.
A.E: Nik hasieran gaizki pasatzen dut, lehen une horiek ez zaizkit batere gustatzen. Gogoratzen dut Zarautzen oso urduri nengoela hasi aurreko tartean.
M.J: Nik ere hasieran pasatzen dut okerren. Lehenengo kanta beti pentsatua eramaten dugu, baina aldatu egiten dugu gehienetan. Gogoratzen dut, esaterako, Beasainen egon ginenean, musika oso bestelakoa jartzen ari zirela gu hasi aurretik, eta hor gentozen gu cumbia jartzera. Une horiek nahiko arraroak izaten dira, baina behin giroan sartuta, oso ondo pasatzen dugu.
DJen munduan murgiltzen jarraitzeko asmoa duzue?
M.J: Momentuz ahal duguna egiten dugu. Lagun DJ bat daukagu, eta bera ari zaigu pixkanaka erakusten. Ikasten eta gozatzen ari gara.
A.E: Geroz eta musika gehiago dugu deskargatua eta pixkanaka gauza berriak probatzen ari gara. Egia esan, ez dugu gehiegi pentsatu, baina osogustura gabiltza eta momentuz jarraituko dugu ahal dugun eta uzten diguten lekuetan musika jartzen.
Nolako udara aurreikusten duzue?
A.E: Aurrera begira, baditugu beste pare bat kontzertu lotuta. Hortik aurrera kusi egin beharko dugu zer gertatzen den.