Zaporeak proiektuaren lehen boluntario taldea martxoaren 1ean abiatu zen Donostiatik, errefuxiatuei jaten emateko. Elikatzen lagundu ez ezik, euren egoeraren berri ere eman nahi dute.
Arkaitz Almorza eta Arantxa Lucas boluntarioak, Intxaurrondoko Villa Yeyeteko sukaldean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Duela hilabete batzuk, Intxaurrondo Gastronomia Elkarteak abian jarri zuen Zaporeak proiektua. «Etiopian genuen proiektuaren balantzea egitean, bertakoa nahiko bideratuta genuela ikusi genuen. Beraz, Grezia eta Lesbos ingurutik iristen ziren irudiak ikusita, errefuxiatuen alde zerbait egitea erabaki genuen», azaldu du Oraitz Garciak, Zaporeak-eko koordinazio taldeko kideak.
Euren filosofiari jarraiki, gastronomia hartu zuten hizpide, eta sukaldaritzaren bidez errefuxiatuei jaten ematea erabaki zuten. Lesbos ingurura joateko asmoa izan arren, Chiosen ere laguntza behar zutela esan zieten, eta bertara joan ziren egoera nolakoa zen aztertzera. «Urtarrila hasieran hemengo lau kide joan ziren Chiosera, proiektua nola bideratu genezakeen ikustera. Egoera oso zaila zela ikusi zuten, eta elikadura aldetik bazegoela zertan lagundu ohartu ziren», esan du Garciak.
Nahiz eta proiekturako diru laguntzak bilatzen hasi, ez zuten «gehiegi lortu», eta inguruko laguntzari esker hasiera eman zioten abenturari. Bilera bat egin zuten, jakiteko zenbat jende zegoen prest Chiosera boluntario gisa joateko. Deialdira 40 lagun inguru bertaratu ziren. «Proiektua aurkeztu genuen momentutik jendearen babesa sentitu dugu, eta hori oso garrantzitsua izan da aurrera egiteko», azpimarratu du Garciak.
Hala, martxoaren 1ean abiatu zen lehen boluntario txanda. Intxaurrondotik irten zen furgoneta, janaria prestatzeko zenbait enpresek emandako material guztiarekin. Astebetean, lokal bat lortu zuten uharteko herri batean; eta, berehala, lanean hasi ziren. Chiosen, koordinakunde batek kudeatzen du lan guztia; eta Zaporeak proiektuarekin batera, badaude jaten ematen duten beste herrialde batzuk ere: Korea eta Norvegia, adibidez.
Zaporeak proiektuko boluntarioak, errefuxiatuei janaria banatzen. (Argazkia: Zaporeak)
1.700 bazkari egunero
Hasiera batean, euren helburua zen, egunero, 1.000 errefuxiatuei jaten ematea, baina «errefuxiatuen egoera oso aldakorra izan denez», egunez egun egokitzen joan dira. Esate baterako, «Turkiak eta Europako Batasunak akordioa sinatu zutenean, uhartean zeuden errefuxiatu guztiak zelai batean sartu zituzten. Hara joan ginen, bazkaria ematera, baina, une batetik aurrera, gobernuak ez zigun gure lana egiten utzi», azaldu du Garciak. Beranduago, egoera «normaltasunera» bueltatu zen berriro; eta, orain, 1.700 errefuxiatu ingururi bazkaria prestatzen diete egunero: kanpamentu batean, 500 laguni; eta, beste batean, berriz, 1.200 errefuxiatuei. Beste kanpaleku bat ere badago, baina hori Greziako gobernuaren menpe dago eta militarrek kudeatzen dute.
Groseko Arantxa Lucas bueltatu berri da Chiosetik: «Zerbaitetan lagundu nahi nuen, eta lankide batek eman zidan Zaporeak proiektuaren berri. Hasierako bilera hartara joan, eta segituan animatu nintzen. Hiru aste eman ditut Grezian, eta bueltatzeko gogoz nago».
Arkaitz Almorza urnietarrak interesa zuen errefuxiatuen gaian, eta egoera noiz amaituko zen galdetzen zion bere buruari: «Zer egin dezakegu hemendik? Ezin gara besoak gurutzaturik geratu, pentsatzen nuen. Ideia buruan nuela, lagun batek proiektuari buruz hitz egin zidan, eta astebetean han ikusi nuen nire burua!».
Egunero, 7:00ak aldera esnatu eta boluntario guztiak elkarrekin gosaltzen zuten. Jarraian, bazkaria prestatzen hasten ziren: «Bi ordu behar genituen janaria erretiluetan jartzeko; beraz, 11:30erako janariak prest egon behar zuen». Ondoren, boluntario batzuk kanpamenduetara joaten ziren bazkaria banatzera –sukaldea ondoko herri batean baitago,– eta beste batzuk sukaldean geratzen ziren, tresnak garbitzen. Arratsaldean, batzartu egiten ziren, eta atsedena hartzeko tartea izaten zuten.
Lucasek zein Almorzak oso presente dituzte han bizitako guztiak. «Lehenengo egunean, bazkaria prestatu ondoren, kanpamendura jaitsi ginen. Gogoan dut haur guztiak korrika etorri zirela niregana, jolasteko prest, besarkatzen, muxuak ematen… Hain gaizki egonda ere, erraztasun handia dute poztasuna adierazteko. Hunkitu ninduen. Kristoren bitamina dira», nabarmendu du Lucasek.
Gainera, duten gutxi hori eskaintzen zietela nabarmendu du Lucasek: «Baten dendaraino joan nintzen, bazkaria eramatera, eta sartu bezain laster, erretilu bat niri eman zidaten. Beti eskerrak ematen dizkizute, eta bihotz onekoak dira».
Era berean, errefuxiatuek garrantzia ematen diote hezkuntzari, eta bertan eskola libre bat sortu dute: «Beren aldarrikapenetako bat hori da; ez dute gazteen etorkizuna galtzerik nahi», esan du Almorzak.
Halere, egoera «lotsagarria» dela dio Lucasek, eta ez daki «zertan dabiltzan erakundeak»: «Kanpadendak jarri, eta kitto. Ez dute besterik egin. Egunak pasa eta dena berdin jarraitzen duela ikusten duzunean, ezintasuna sentitzen duzu».
Errefuxiatuak zelai batean sartu zituzten uneetako bat. (Argazkia: Zaporeak)
Harreman sendoak
Almorzaren arabera, bertan daudenean, «errefuxiatuen munduan» sartzen doaz: «Bazkaria eramaten genienean, beraiekin hitz egiten saiatzen ginen, janaria gustukoa zuten galdetzen, batzuetan txantxaren bat egiten… Modu horretan lortu genuen harremanak sendotzea eta beraiek euren bizipenak, iritziak eta egoerak guri kontatzea».
Istorio horietako asko gorde ditu Almorzak: «Emakume batek apustua egin zuen Siriatik bakarrik etortzeko, baina pasa zenean, Turkia eta Europako Batasuneko akordioarena gertatu zenez, harrapatuta geratu zen; ezin izan zuen ez aurrera ez atzera egin». Horrekin lotuta, Lucasek ikusi izan ditu errefuxiatu asko atzera egiten: «Greziako uretan egonda ere, asko Siriara eraman dituzte berriro».
Egun, Chiosen dauden errefuxiatu gehienak martxoaren 20an iritsitakoak dira, eta siriarrak ez ezik, kurduak eta palestinarrak ere joan dira bertara. «Dimitri izeneko gizon adindun bat iritsi zeneko unea ere gogoan daukat. Guztiz dotore jantzirik heldu zen. Emaztea eta alaba Europan ditu bizitzen, baina ez diote bertara joaten utzi; eta bi hilabetetan hogei kilo jaitsi ditu», azaldu du Almorzak.
Errefuxiatuak jatorri eta erlijio desberdinetakoak direnez, beraien artean talkak sortzen direla azaldu du Almorzak: «Denak daude nahastuta, eta beraien artean hitz egin beharrean, borrokan hasten dira. Zoritxarrez, ulertzekoa da: gehienak tentsiopean daude, urduri, etsituta… eta ez dakite zer gertatuko den beraiekin; halere, ez dute itxaropena galtzen, eta euren etorkizuna Europan ikusten dute».
Lucasek zein Almorzak Chiosetik bueltatzerakoan «gaizki» pasa dutela diote. «Hiru astetan zehar, burbuila moduko batean sartzen zara, eta Donostian zenuen bizitza ez duzu gogoratzen», azaldu du Lucasek. Orain, beste boluntario batzuk daude Grezian, baina beraiek han dute burua: «Esperientziak harrapatu egiten zaitu, eta ni, adibidez, egunero ari naiz han daudenekin hitz egiten; nola dauden jakiteko, zein giro dagoen ezagutzeko…».
Laguntza eskaini ez ezik, Zaporeak proiektuak ere beste xede bat du: errefuxiatuek bizi duten egoera erakustea. Izan ere, boluntarioek beraiek bidalitako argazki, informazio eta bideoak argitaratzen dituzte etengabe sare sozialetan. «Egiten ari garen lana erakutsi nahi dugu, baina, aldi berean, errefuxiatuen egoeraren bozgorailu ere izan nahi dugu. Errefuxiatuen interesgune hori itzaltzen doa, eta komunikabideetan azaltzen dena ez da errealitate guztia. Beraz, euren egoera kaskarraren bozeramaile modukoak izan nahi dugu».
Garciaren arabera, dena antolatzea zaila izaten ari da. Boluntarioei dagokionez, uztaila eta abuzturako beteta dago kopurua jende askok izena eman duelako. Baina aurrerago joateko ere jendea animatzea behar dute: «Han badago lana, baina hemen ere bai. Laguntza eskertzen da koordinaziorako, janari bilketak egiten direnetarako…».
Bi errefuxiatu, boluntarioek prestatutako bazkaria jaten. (Argazkia: Zaporeak)
Gizartearen babesa
Elkartasuna adierazteko, besteak beste, Amara Berri eta Intxaurrondoko jaietan dirua bildu dute: «Guk horiek ez ditugu sortu, euren ekimenez egin dituzte, eta asko eskertzen diegu», adierazi du Garciak.
Beraz, duten babesa gizartearena dela azpimarratu du Garciak: «Eusko Jaurlaritzak 5.000 euro eman zizkigun, aldundiaren furgoneta hara eramateko. Orain, hitzartua dugu aldunditik eta udaletik diru laguntzaren bat jasotzeko. Borroka gogorrena hori izaten ari da».
Larrialdietarako diru laguntzak Acnur eta horrelakoei ematen dizkietela diote: «Erakundeen aldetik ez dugu behar bezainbesteko babesik sentitu. Badirudi ez dutela baloratzen euskaldun talde bat bere kabuz egiten ari den lana. Lan karga handia da, momentu zail asko daude, eta ez dugu gure gain hartuko gobernuak egin behar duen zerbait. Gizartearen babesari esker gaude gauden tokian». Hala, uda arte Chiosen egongo direla esan dute, baina hortik aurrera aztertuko dute nola jarraitu.
Bien bitartean, ekonomikoki lagundu nahi duen edonork bi kontu korronte hauetara bidali dezake dirua: 2095 5011 80 9115250322 (Kutxabank), edo 3035 0103 88 1030035880 (Laboral Kutxa). Halaber,
proyectosabores@gmail.com posta elektronikora idatzi dezake, edo 688 67 66 00 eta 628 63 70 00 telefono zenbakietara deitu.