Piraten euskara lan taldeko kideak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Duela urtebete sortu zuten Donostiako Piratek euskara lan taldea. Kezka batek batu zituen, eta piraten mugimenduan euskara bultzatzeko asmoz elkartzen hasi ziren. Aurten, “praktikara” salto egin nahi dute.
Iazko apirilean sortu zuten euskara lan taldea, eta pixkanaka geroz eta jende gehiago ari da taldera batzen. Horietako batzuk dira Idoia Trenor (Egia, 1984), Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987), Irati Urkiola (Amara Berri, 1992) eta Asier Lauzurika (Intxaurrondo, 1984).
Piraten mugimendutik kanpora sortu zen euskara lan taldea, “parrandan” hain zuzen ere: “Bazegoen euskalgintzak pisua galdu ote zuen kezka. Agian beste borroka batzuk politagoak iruditzen zaizkio jendeari, eta bagenuen sentsazioa euskara itzalpean edo bigarren mailan geratzen ari zela”, azaldu du Gaztelumendik.
Kezka baten bueltan batu zirela esan du Lauzurikak: “Kezka batek batzen gintuen, hasieran ez genuen elkar ezagutzen eta urtebete behar izan dugu elkar ezagutu, adostasunak bilatu eta lanean hasteko. Kohesio bat bilatu nahi genuen, eta egia esan, sintonian gaude”.
Horrela hasi ziren pixkanaka, biltzen eta taldeari forma ematen. Iruditzen zitzaien interesgarria litzatekeela piratek euskararen “abangoardia” hartzea: “Ideia hori genuen buruan, eta hortik hasi ginen piraten mugimendura borroka hori nola eraman pentsatzen”, azaldu du Urkiolak.
Flamenkadan aurkeztu zuten lehenengoz taldea ofizialki: “Egun horretan pare bat pertsona etorri zitzaizkigun taldearen parte izan nahi zutela esaten”, azaldu Trenorrek. Oraindik, hastapenetan daudela azaldu dute; “definitzen” eta “gogoeta egiten” ibili dira, eta aurten “praktikara” pasa nahi dute.
Piraten mugimenduko “gune formaletan” euskara nagusi bada ere, “gune informaletan” gaztelaniarako joera dagoela uste du Trenorrek: “Piraten gune formaletan, gune formalik baldin badago behintzat, euskara da nagusi, baina gune informalean askotan gaztelania nagusitzen da». Trenorrek uste du jaien eremua ez dela «isla isolatu bat”, egunerokoaren “isla bat” baizik.
Gogoetatik praktikara
Nahiko talde “likidoa” dela azaldu du Trenorrek. Bat dator Gaztelumendi: “Ez daukagu astero edo bi astetik behin elkartzeko dinamikarik. Batzuetan gehiago elkartzen gara, eta beste batzuetan gutxiago, beharren arabera”.
“Intentsitate eta gogo” handiekin hasi zirela azaldu dute. Hasierako puntua Korrika egunean jartzen du Gaztelumendik: “Lorea Agirreren mezua inflexio puntu bat izan zen. Denok pentsatzen genuena esan zuen berak. Gogoratzen dut egun horretan batera geundela, eta horrek ilusioa piztu zigun”.
Urkiolak azaldu du taldea sendotzen ari dela pixkanaka, eta gero eta gehiago direla eurengana datozenak: “Ideia asko ditugu, eta aurten indarrak Aste Nagusian jarri baditugu ere, lanean jarraituko dugu”, azaldu dute.
Lehengo urtean “jaiak gainean” zituztela hasi ziren lanean eta ez zuten gauza asko egiteko astirik izan: “Presaka hasi ginen, eta azkenean lasai hartzea erabaki genuen. Hala ere, pankartak egin genituen ‘euskaraz abordatu’ eta antzeko esaldiekin; jendea sentsibilizatu eta euskarari ikusgarritasuna eman nahi genion”, azaldu du Urkiolak.
Piratak, aldaketarako gune
Aurtengo ekimena, “printzipioz”, jaietara bideratu nahi dute: “Piratak gara eta, momentuz, ekimena Aste Nagusira mugatuko dugu”. Dena den, “taldean gustura” dauden bitartean “elkartzen eta lanean” jarraituko dutela gaineratu dute.
“Jaietan egiten dena, ez da jaietan geratzen. Jaietan egiten denak betetzen gaitu pertsona bezala, eta baita kolektibo bezala ere”, azaldu du Gaztelumendik. Urte osoan iraungo duten dinamika batzuk sortzeko “esperimentu ona” izan daiteke Aste Nagusia, haren ustez: “Ekimena festetatik kanpora planteatu ez arren, jaietan sortzen diren harremanak euskaraz egiten badira, gero euskaraz jarraituko dute”.
Euskararen zale amorratuak direla azaldu dute, eta oso ondo pasatzen dutela halako gauzak antolatzen: “Beraz, festatik kanpo ere segituko dugu”.
Piraten mugimendua gauzak aldatzeko oso irekia dagoen mugimendu bezala definitu du Idoia Trenorrek: “Gogoetarako espazio irekia eta erosoa da”. Dena den, uste du ez dela erraza hizkuntza ohituretan eragitea: “Paperak dena aguantatzen du, baina praktikan zailagoa da». Hala ere, azaldu dute piraten oinarrian badagoela «euskararekiko sentsibilitate bat”.
“Piratek aktiboki egiten dute lan euskararen aldeko balioetan. Falta zaiguna da euskararen alde egitetik, festak euskaratik pentsatzera igarotzea. Kontua ez da festak pentsatu, eta gero euskaraz egitea, festak euskaraz pentsatzea baizik”, azaldu du Gaztelumendik.
Norbanakoan arreta jartzearen garrantzia ere nabarmendu dute: “Zenbat aldiz ari gara gaztelaniaz euskaraz ari garela pentsatzen dugunean?”, galdetzen du Lauzurikak.
Bakoitzak bere hizkuntza ohiturei erreparatzea eta erabileraren inguruko gogoeta egitea nahi dute: “Lorea Agirrek esan bezala, auzia ez da izan hala ez izan; kontua ekitea da”.