'Ez adiorik, Mikel'
Pertsonengan eta euren arteko harremanetan sinesteak egiten zuen Mikel hain lagunkoi, hain ulerkor, hain ireki, umil eta hain maitagarri. Laguntasunean beste maila batean sakondu behar zela uste zuen, indibidualismotik ihes egin eta harremanen bidez, modu kolektiboan elkar lagundu, elkarrekin borrokatu, eraiki eta elkarrekin gozatzea zuen oinarri. Entzuten jakitea gauza handia zela zioen, ondo zekien berak hori egiten.
Bizilagunen bizikidetza hobetu eta auzo hobe baten alde jo ta su lanean ibili zen azkeneraino. “Bizitza ematen diote auzoari ondo pasatzeko eta jendearen inplikazioa eskatzen duten espazioek”. Horretan sinesten zuen eta horretan jardun zuen beti.
Auzotik harago, bere konpromisoa hainbat mugimendu eta ekimenetan ezinbestekoa izan da, zerrenda amaigabea egin liteke parte hartu eta konpromisoa erakutsi zuen toki denak aipatzen hasiz gero: Irutxuloko Hitza, auzolan, eskubideen karta soziala, LAB, Auzoetxea, Duintasuna, Porrontxo Jaiak, Egia Bizirik, Parkea, AHTaren kontrako mugimendua, Ekonomia sozial eta eraldatzailea, Gelditu, Metroaren kontrako mugimendua, Ezker Abertzalea, Txondorra, kultura alternatiboa, kontsumo arduratsua, antenen kontrako mugimendua…
“Primeran bizitzea lagunekin bizitzea da, lagunak edukiz gero, ez zaizu ezer faltako”.
Zure borroka eredugarria izan da, bide beretik lanean jarraituko dugu. Mila esker, Mikel.
Maite zaitugu.
Izar gorri bat piztu da Euskal Herriko zeruan.
Idoia Trenor, Egiako auzokide batzuen izenean.