Illunbe salgai dago jada
Guztia zehaztu dute baldintza oinarrietan.
Donostia Arena 2016 gunearen kudeaketa eskaintzatik kanpo geratzen da.
Oraindik aldizkari ofizialean argitaratzean falta den arren, Illunbe salgai dagoela esan daiteke jada. Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onarpena eman die salmenta baldintzei, eta eskaintzak jasotzeko epea ere zehaztu dute: interesatuek urriaren 17a arteko epea izango dute Illunbe erosteko eskaintzak aurkezteko.
Gutxieneko prezioa 17 milioikoa da, eta hortik gora, 50.000 euroko gehigarriekin egin daitezke eskaintzak. Jaime Dominguez Macaya Ogasun zinegotziak esan du, eskaintza ekonomikoak erabakiko duela jabetza nori eman: “Ahalik eta salmentarik hoberena egitea da helburua“, esan du. Horregatik, erosle bat baino gehiago aurkeztea espero dute udal ordezkariek.
Bi lursail dira salgai jarri dituztenak: lehen zinemak, tabernak…zeuden gunea, 20.787 metro koadrorekin; eta Donostia Arena 2016 eraikinaren atzeko orubea, 14.000 metro koadrokoa.
Hortaz gain, erosleak inguruko irisgarritasun eta egokitze lanen gastua hartu beharko du bere gain.